Kantuz lortu den ahalduntzea

Emakume bertsolariek ikusezin izateari utzi eta plazan agertu arte egin duten prozesua ikertu dute. Gakoen artean nabarmendu dituzte modernizazioa, bertso eskolak eta andre erreferenteak agertzea

Gema Lasarte irakaslea, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Ana Isabel Ugalde historialaria. RAUL BOGAJO / ARP.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2016ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Ikusezintasuna eta ahanztura. Historian jasan duten tratu bidegabea hartu du oinarri Gema Lasarte EHUko irakasleak emakume bertsolariei buruzko ikerketa bat abiatzeko. Gaur egungo egoera bestelakoa da. Emakumeek jauzi egin dute plazara. Prozesu hori nola gertatu den bihurtu du Lasartek azterketaren muina. Emakume bertsolariak: ahanzturatik diskurtso propiora izenburua darama argitalpenak, eta Emakundek emandako beka baten emaitza da.

Genero ikuspuntu batetik bertsolaritzak izan duen aldaketari begirada «kualitatiboa» egin diote. 35 bertsolari —gehienak emakumeak, baina baita gizonezko batzuk ere— buruz buru elkarrizketatu dituzte Lasartek eta hark zuzendutako ikerlari taldeak. Ez dira hor geratu. Datu baseen arabera, 400 emakume inguru agertzen dira bertsolari modura, baina 200 batek praktikatzen dute. Horiengana guztiengana galdetegi baten bidez iritsi dira ikerlariak.

Plazan, espazio publikoan, gizonezkoek izan dute hegemonia —«gizonezkoen santutegia», Lasarteren hitzetan—, eta azken hiru hamarkadetan emakumeak ausartu dira horretara sartzen. Aurretik ere izan dira emakume bertsolariak, baina horien arrastoa galdu egin da. «Emakumeei memoria kendu zaie bertsolaritzan, ez dira existitzen, hitza ere kendu zaie», ohartarazi du egileak. Ikerketa batzuk ari dira apurka arrasto hori azaleratzen, hala ere.

Bost bertsolaritik bat da emakumea gaur egun, ikerlariek aipatutako neurketen arabera. Presentzia hori areagotu duten faktoreak bilatu dituzte azterketan. Hasteko, modernizazioa aipatu dute. Bertsolaritza bera aldatu da azken garaiotan. Gaiak, publikoa edo bertsolarien izaera bera aldatu den neurrian, emakumearen integrazioa handitu egin da.

Beste faktore erabakigarri bat bertso eskolak izan dira. 2007. urtean egindako azterketa batek ondorioztatu zuen eskoletan ari zirenen %45 emakumeak zirela. Arrakasta hori argudiatu du Lasarte irakasleak. «Leku seguruak dira, emakumea ahaldundu egiten da leku seguruetan, eta bertso eskoletan babesa sentitzen du».

Bertso eskoletan ere bada zer hobetu, bertsolariek eurek eman dituzten erantzunei jarraituz. Kritikatzen dute arlo dialektikoa, teknikoa asko lantzen dela, baina ez emozionala. «Ikuslea irensteko gogoz atera behar du bertsolariak, ez beldurrarekin», azpimarratu du egileak. Gehiago ikertu beharreko alorra ere iruditzen zaio eskolatik plazarako jauzi horretan zergatik uzten dioten bertsotan egiteari emakume askok. Eskolen metodologian «takoi mentalak» prestatzea izan liteke bertigoa gainditzeko bide bat.

Konplizitate esparruak

Eskolatik plazara pasatzea jauzi oso garrantzitsua izan ohi da. Plazara nolako hitza eramango duen landu behar du emakume bertsolariak. «Identitatea sortzen du, eta plazara doa, eta hor ikusten ditu beste emakume bertsolari batzuk berdintsu daudela, eta konplizitatea sortzen da». Lasarteren ustez, emakumeek elkar ikustea jauzi ezinbestekoa da ahalduntzeko prozesuan, kolektibitate eta elkartasun horren barruan indartzen doazelako. Elkarrekin partekatutako espazioen eta ekintzen garrantzia azpimarratu dute bertsolariek galdetegietan, halaber.

Emakume bertsolarien bilakaeran beste gai funtsezko bat dira erreferenteak. Edo, zehatzago, erreferente falta. Emakumeei eurei galdetuta, berehala etortzen zaizkie burura Lazkao Txiki, Uztapide eta Mattin, eta, bigarren olatu batean, Sarasua, Amuriza eta Egaña. 1990eko hamarkadara arte, plazatik kanpo egon ziren emakumeak. Orduan agertu ziren Iratxe Ibarra Bizkaian, Estitxu Arozena Nafarroan, eta, batez ere, Maialen Lujanbio Gipuzkoan.

Lujanbio nabarmendu du Lasartek: «Etengabe aipatzen dute. Askorentzat, bertsotan egoteko arrazoia da, eredu emakume askorentzat». Ahalduntze prozesua ibili duen bertsolaria da Lujanbio, haren ustez, eta bide urratzaile handiena izan da. Bertsoak kantatzeko erak —«barrutik, intimitatetik»— gizonen erreferente ere bihurtu du. Horrekin batera, generoa lantzeko abilidadea aitortu dio EHUko irakasleak. «Ezer esan gabe egin du. Azkeneko txapelketan jakin izan zuen zapia txapelarekin uztartzen. Iruditeria berri bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.