Film basatia, apokaliptikoa, ausarta eta definitzen zaila aurkeztu zuen Ben Wheatley zinemagileak atzo Urrezko Maskorra irabazteko lehiara: High-Rise. Etxe-orratz berean bizi diren pertsonen arteko elkarbizitza erabateko kaoseraino nola degeneratu daitekeen erretratatzen du pelikulak, gizartearen metafora bat balitz bezala. Eta irudi indartsu eta gordinen bidez egiten du hori, gordina baita aurkezten duen mundu distopikoa, iluna, ankerra, eroa. J.G. Ballarden izen bereko eleberria egokitu du Wheatleyk filma ontzeko, eta idazleak etorkizuna aurreikusteko izan zuen gaitasuna goraipatu zuen Donostian: «Ballard etorkizuna iragartzen ari zela uste dut, gutxienez jarrera batzuk aurreikusi zituen; eta zenbat eta zoroagoa izan irudikatu zuen etorkizun hori, are eta gehiago asmatzen du; hori da beldurgarria. Jainkoak lagun gaitzala hau guztia errealitate bihurtzen bada».
Robert Laing doktorea da pelikulako protagonista, Tom Hiddleston aktoreak gorpuztu duena. Anonimotasun bila, Londresko periferiako etxe-orratz berri batera aldatzen da bizitzera. Ideala dirudi bertakoen bizimoduak; ustez beharrezko duten guztia eskaintzen die eraikinak: igerilekua, gimnasioa, supermerkatua... Baina azkar jabetuko da bizilagunek ez diotela bakerik emango. Gainera, argindarra etetearekin batera, kaos betean murgilduko dira. Egoerara egokitzen eta bere lekuan eusten saiatuko bada ere, eromen kolektibo horrek herrestan eramango du Laing bera ere, eta gehiegikeriaz, drogaz, sexuz eta indarkeriaz betetako giroan galduko da.
Etorkizunaz ari da filma, baina 70eko urteetan girotu du kontakizuna zinemagileak. Izan ere, liburua 1975ean idatzi zuen Ballardek, eta etorkizunari orduko begietatik begiratzeko modua bilatu nahi izan du girotze horren bidez, eraikinaz kanpoko munduari batere erreferentziarik egin gabe. «Filmatu genuenean, filma iraganari lapurtuko bagenio bezala sentitzen nintzen», adierazi zuen zinemagileak. Horregatik sumatu daitekeela, besteak beste, Stanley Kubricken eta Sydney Pollacken iruditeria pelikulan. Eleberria idatzi zenetik hona, hainbat izan dira istorioa pantaila handirako egokitzeko erronka hartu dutenak, baina Wheatleyk azaldu zuenez, kasu honetan liburura berriro zuzenean jo zuen Amy Jumpek filmaren gidoia idazteko.
Interpretazio asko eskaintzen dituen filma da High-Rise. Eta horietako bat eraikin barruan gertatzen den klase borrokarena izan liteke. Familia xumeagoak bizi dira beheko solairuetan, beren haurrekin; etxe-orratzean gora egin ahala, berriz, bizilagunen gizarte mailak ere gorantz egingo du, eta eraikinaren arkitektoa bizi da azken solairuan —Jeremy Irons aritu da haren rolean—. Kapitalismoari egiten dion kritika ez zuen ezkutatu zinemagileak. «Nire lan guztietan dago orainari egindako kritika bat. Eta ezkorra naiz. Jendeak uste du pobreengandik bereizi eta kutxa batean ixten bada, dena ongi egongo dela, baina ez da horrela».
Aktoreek lana, muturrera
Tom Hiddlestonekin eta Jeremy Ironsekin batera, Sienna Miller, Luke Evans eta Elisabeth Moss aktoreek parte hartu dute pelikulan, besteak beste. Ballarden liburuen eta Wheatleyren filmen zalea izanik, proposamenari baiezkoa ematea ez zitzaiola zaila izan azaldu zuen Millerrek. Zuzendariarentzat esker oneko hitzak izan zituen Evansek, «aktore gisa muturrera» eramango zuela sumatzen zuela, eta hala izan dela azalduta. Hiddlestonek, berriz, gidoia goraipatu zuen, «izugarri ausarta den zerbait» topatu duelako bertan, azaldu zuenez. Orain lau urte Zinemaldian izan zen Hiddleston, Terence Daviesen Deep Blue Sea filmarekin, eta berriro etorri izana plazera izan dela esan zuen.
Donostiako Nazioarteko 63. Zinemaldia. Sail Ofiziala
Kaosaren etxe-orratza
'High-Rise' aurkeztu du Ben Wheatley zinemagileak, J. G. Ballarden eleberrian oinarrituta.Gizarteari kritika egiten dio lanak, auzoen arteko harremanen bidez

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu