Kaosaren oreka

Aitor Etxeberriaren 'Deabruaren kantua' erakusketa ikusgai dago irailaren erdialdera arte, Debako Santa Maria elizako klaustroan

Aitor Etxeberria, bere margolanak atzean dituela. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Deba
2015eko irailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
 «Ez dakizu lehen egiten ez zenuena orain zergatik egiten duzun». Aitor Etxeberria margolariak (Mendaro, 1958), lan figuratiboekin hasi bazen ere, abstrakziorako joera landu du azken urteotan. Lanean ari denean, nondik datozen azaltzen ez dakien hainbat kontu etortzen zaizkio burura. «Hor badago desordena bat. Baina koadroaren aurrean jartzen zarenean ideia horiek antolatu egin behar dira. Batetik, parte kaotikoa dago, eta, bestetik, arrazionala». Etxeberriaren Deabruaren kantuak erakusketa Santa Maria elizako klaustroan dago ikusgai (Deba, Gipuzkoa), irailaren erdialdera arte.

Koadro bakoitza kantu bat, ipuin bat edo mundu bat dela uste du margolariak, eta barneko egonezina kanporatzeko bitarteko dela. Horregatik, eta erakusketa eliza batean kokatu dutelako, aukeratu du Deabruaren kantuak izena. Akrilikoa oihalaren gainean landu du, eta neurri handiaren aldeko hautua egin du. Paisaiak margotu ditu, baina elementuak apurtuta eta deformatuta. Bi ataletan bereizi ditu koadroak, egindako urtearen arabera, ezaugarri ezberdinak dituztelako: Inguruak eta Grabitazioak .

2013-2014 urteetan egindako lanekin osatu du Inguruak seriea. Forma ezezagunez apaindutako inguruneak dira, eta elementu horiek koadroaren lau ertzetatik kanpo jarraipena dutela nabari daiteke: «Ez dakigu nola, baina jarraitzen dute». Probatzea gustuko duenez, neurri askotako pintzelekin margotu ditu. Serie honetakoa da, esaterako, berak mahai ingurua deitzen dion lana. Joko eta koloreekin esperimentatu nahi izan du, eta normalean baino emaitza indartsuagoa lortu duelakoan dago. Ohitura handia du grisa erabiltzeko, malenkonia kutsuko lanak sortuz, eta horrekin apurtzen saiatu da.

Grabitazioak serieko obra gehienak, berriz, 2015ean amaitutakoak dira. Serie horretako obrak aurrekotik bereizten dituen ezaugarri nagusi bat dago: koadro guztien gaia haren mugen barnean gelditzen dela, elementuek ez dute jarraipenik oihaletik kanpo. «Elementua airetik eroriko balitz bezala da». Gainera, pintzelez egin ordez, materiala aldatu du: «Hor ibili naiz egur zatiak hartuta, aurrera eta atzera». Koadro hauen hondoak margotzerakoan, kasualitateari leku gehiago egin dio, nahiz eta formak oso ondo pentsatuta zituen.

Atalen izenak argi bereizi dituen arren, koadroei ez die izenik jartzen. «Niretzat, pertsona bat eta paisaia bat abstrakzio bat dira. Esaterako, aulki bat. Forma aldetik abstrakzio bat da. Biribilgune batean jartzen baduzu, neurri handiagoarekin, eta izenik gabe, jendeak esango du: 'Zer da hau?'. Baina izena jartzen diozun momentuan, funtzio bat ikusten diozu, eta formak garrantzia galtzen du». Uste du izena jarritako unean jendeak zerbaitekin erlazionatzen duela forma, izan abstrakzioa, edo ez izan. «Donostiako Haizearen orrazia-ri Txillidak ez balio izen hori jarri...». Elementu ezezagunekin sortzen ditu koadroak, eta horregatik ez zaio gustatzen lanak izendatzea. «Jendeak hor zerbait ikusi nahi du, eta nik haiek ikusten duten gauza bera ikusten dut».

Giroa da haren lanetan presentzia nabaria duen beste elementu bat. Luis Candaudap margolari bilbotarrak Atmosferikoaren astuntasuna izena eman dio Etxeberriaren erakusketaren inguruan egin duen idatziari. «Haren iritziz, garrantzi handiegia ematen diot atmosferari, edo nik hori ulertzen dut behintzat. Hark bere pinturan kontraste gehiago behar du». Koadro batean grisekin laino moduko bat eratu du, baina, beti bezala, bizitasuna lortzen saiatu da koadroa «motelegia» izan ez dadin.

Erabaki eta erabaki

Margotze prozesua koadroan islatzea atsegin du margolariak. Hasieran egindako zirriborroen marrak agerian uzten ditu, freskotasuna ematen diela iritziz. Ibilbidea da hark miresten duena, prozesua bera. Koadroak zer itxura izango duen ez omen du jakiten amaitu duela erabaki duen arte. Horregatik, bere estudioan hiruzpalau lan izaten ditu hasita. Egun batean, batekin ez du ikusten nondik nora jo, eta beste bat hartzen du. Orduan pentsatzen du: «Hau horrela egingo banu?». Probatzearen aldekoa da erantzuna beti.

Etxeberriak bere eskuekin ondutako koadro bati begira azaldu du: «Hau ez da aukera bakarra. Erabaki asko hartu behar dira prozesuan, eta ez dakizu onenak aukeratu dituzun ere. Askotan, txarrena izaten da onena. Ez duzula lortu ikusten duzunean, koadroarekin jarraitu edo aldatu besterik ez duzu. Eta espero ez zenuen gauzaren baten emaitza ona bada, zuretzat sorpresa bat da».

«Azken finean, mantxak, formak eta koloreak baino ez dira». Hala definitu ditu artistak bere lanak. Amaitutakoan, ordea, zerbait esan behar diote obrek. Bere ikuspegia eta pentsamoldea adierazteko margotzen du, ikuslearengan pentsatu gabe. Baina, berari zerbait transmititzen badio, ikusle guztiei ez bada ere, batzuei zerbait transmitituko diela espero du. «Nire aukera hau da. Nik egin dut nire partea. Beste partea ikusten duenak jarri behar du».

Gutxien espero duenean, bati koadro bat gustatzen zaio. Ondokoari, ordea, batere ez. Hark beste bat jotzen omen du begiz. «Eta ez dakit zergatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.