Txileko Poliziak 2009ko abenduaren 31n atxilotu zuen Asel Luzarraga (Bilbo, 1971) Padre de las Casas herrian zuen etxean, atentatu saio batzuekin lotura izatea egotzita. «Lanbro artean» gogoratzen ditu idazleak espetxean eman zituen egun haiek. «Pentsatzen duzu garrantzitsuena egia dela, jakingo dela azkenean».
Baina zer gertatzen da estatu arrazoia egiari gailentzen zaionean?
Amorrua eta ezintasuna sentitzen dituzu. Ez da zuk zer egin duzun, baizik eta nork irabazi behar duen partida. Eta epaileentzat zuk halako ideiak badituzu erruduna zara, kartzelan egon behar duzu, eta gainerakoak berdin dio.
Zein helburuz diseinatu zuten zure aurkako prozedura?
Hainbat helburu izango zituzten. Baina hauteskunde kanpainan erabiltzeko arrakasta poliziala izan zen. Concertacionek [Michelle Bacheleten alderdiak] susmoa zuen hauteskundeak galduko zituela, eta Bonbak auzian arrakastaren bat behar zuen, esku gogorra erakusteko. Txileko gizarteko esparrurik eskuindarrenari eginiko keinua izan zen, Sebastian Piñera bezain gogorrak izan zitezkeela argi uzteko».
Abuztuan epaitua eta zigortua izan ondoren, irail amaieran etorri zen Euskal Herrira Luzarraga. Eta ezingo du Txilera itzuli, hura herrialdetik kanporatzeko agindua epaiketa izan aurretik izenpetu baitzuen Barne ministroak. Amesgaiztoa hasi aitzin idatziriko nobela, Utopiaren itzalak (Txalaparta), urrian aurkeztu zuen. 90eko hamarkadaren hasieran girotutako literatur lan hartako pertsonaia nagusi den Josu gazteak bezala, Mundakan (Bizkaia) hartu du babes Luzarragak, eta hango taberna batean erantzun die galderei, ebaki bat hartzen duen bitartean.
Josu desintoxikazio zentrotik atera berri da, eta tabernan ezer hartzekotan, kalimotxoa eskatzen du. Iraganeko mamuei gaina hartzen dien artean, ustez sistema kapitalista indartuz jarduten duen osaba enpresaburuaren estrategia argitzen saiatuko da.
Oso zure sentitzen duzu Josu?
Gauza batzuetan, bai. Badaude paralelismoak. Uste dut Josu dela izan ez nintzena baina izan nintekeena, inguruagatik eta abar. Josuk bidea egiten du ni ez naizenetik ni naizenerantz. Hau da, bera nihilistagoa da hasieran, eta nobelan aurrera nire ikuspegira hurreratuz doa.
Nola lortzen da marra gorriaren bestaldera ez pasatzea?
Gaztetatik izan nuen argi ez nuela nahi mendeko egingo ninduen ezertan sartu. Askatasuna maite dut, eta drogek mendeko bihurtzen zaituzte. Prebentzioz jokatu nuen beti, tabakoarekin ere bai. Nire izaeragatik ez nuen inoiz tentazio edo arrisku hori eduki.
Gizarte eta ekonomia ereduari buruzko hausnarketa ideologikoa etengabea da nobelan. Barrenak eskatzen dizu pentsabide anarkista zure bizitzako esparru guztietara, baita literaturara ere, zabaltzea? Literaturak horretarako bidea ematen du?
Anarkista izatea filosofia eta etika bati jarraitzea da, eta etika hori bizitzako esparru guztietara eramaten saiatzen zara, askotan kontraesanetan erori arren. Ahalegin kontziente bat egiten dut. Eta literatura ez dago hortik kanpo. Hala ere, saiatzen naiz zama ideologikoak literatura estal ez dezan. Istorioari eta beste literatura elementuei garrantzia ematen diet, panfleto bat bihur ez dadin nobela. Horrelakorik nahi banu, saiakera bat idatziko nuke. Baina fikzioa hautatzen badut, ondorio guztiekin izan behar du.
Zergatik nahiago duzu fikzioa?
Saiakera batek beste lan mota bat eskatzen du, eta ni alferregia naiz horretarako. Fikzioak askatasuna ematen du, beste jolas batzuetarako bidea. Umetatik eduki dut irudimen oparoa, eta gustatzen zait istorioak asmatzea. Saiakera serioagoa da, eta ez dut ikusten neure burua horrelako lan batean.
Anarkismoa hobesten duzu, beste aukera batzuen artean.
Anarkismoa egunen batean izango da gizakiaren bilakaeraren puntu gorena. Ez da naturalki emango. Ziurrenik uneren batean indarra erabili beharko da, boterea daukatenek ez diotelako horri uko egingo. Anarkismoak maila berean jartzen ditu askatasuna, berdintasuna eta justizia. Beste ildoetan askatasun indibidualari egiten zaio uko, estatuaren mesedetan. Gure erantzukizuna estatu baten mende jartzen dugunean geure buruaren jabe izateari uko egiten diogu, eta estatuak beti tratatuko gaitu mendeko eta heldubako gisa. Estatuak desagertu arte ez gara libre izango, ezta bidezko gizarte baten parte ere.
Mundua aldatzeko errezeta zehatzik ez duzuela diozu, baina ematen dituzu gako batzuk nobelan. Kapitalismoa kapitalismoaren baitatik bertatik suntsi daitekeela uste duzu?
Liburuan horrela planteatzen badut ere, ez dut uste. Kapitalismoaren barrutik egiten diren lan guztiek kapitalismoa irensgarriago bihurtu besterik ez dute egiten, azpian dagoena benetan ezabatu gabe. Orduan, ez dakit kapitalismoaren armak erabiliz kapitalismoa leherraraz daitekeen. Nahiago dut kapitalismotik kanpoko logikak erabiltzea. Probokatzea gustatzen zait, eta neure burua ikuspegi deserosoetan jartzea, zer pentsatua izateko eta irtenbideak bilatzeko. Nire hautua ez da kapitalismoa barrutik suntsitzea. Uste dut kanpotik egin behar dela, eta aurrez aurre.
Gizarte berria egituratzeko aurrez egungo ekonomiak desagertu behar duela diozu. Munduko ekonomiak azken urteetan egin duen bilakaera ikusita halakorik gertatuko dela iruditzen zaizu?
Sistema kapitalistaren bidetik jarraitzea ezinezkoa dela agerian geratu da. Aukera bi dauzkagu: bide horretatik jarraitu eta geure burua suntsitu edo hortik atera. Bizirik irauteko senak uneren batean beste bide batetik eramango gaituela uste dut. Hobe lehenago bada beranduago baino. Kapitalismoaren kontraesanak gero eta nabarmenagoak dira, eta ari dira azaltzen eta indartzen kontrako mugimenduak. Jendearen kontzientzia piztea falta da konturatu dadin kalte egiten diona ez dela etorkina edo delinkuentea, sistema bera dela gure egoeraren erantzulea. Eta hortik ateratzeko ez dela bide faxistarik jarraitu behar, Europan gero eta nabarmenago gertatzen ari denez. Sistema suntsitzea eta egiazko berdintasuna lortzea da bidea. Ez legezko berdintasuna, baizik eta izatezko berdintasuna. Eta hori berdintasun ekonomikoa lortzean iritsiko da. Desberdintasun ekonomikoak beste berdintasun guztiak desagerrarazten baititu. Ekonomian dago gakoa.
Mendebaldearen pentsabide eta praktika kolonialista eta ustezko karitatezkoa ere auzitan jarri duzu, boliviarra den Laurita pertsonaiaren bidez. Latinoamerikak gidatuko du mundua bestelako gizarte eta ekonomia antolamendu batera?
Ez dakit bertan hasiko den dena, baina badago hazi iraultzaile bat. Hango desberdintasun ekonomiko eta sozialak itzelak dira, eta gizarte mugimendu indartsuak daude. Beti egon dira tentsioak, eta, zoritxarrez, CIAk finantzatutako estatu kolpeen bidez geldiarazi dituzte. Baina badago zerbait gertatuko den itxaropena. Batek daki, agian egunen batean afrikarrak konturatuko dira Europara ihes egin baino hobeto dutela beren herrietan borrokatzea, multinazional zapaltzaile guztiak, Nestle eta horiek, pikutara bidaltzea, eta dagozkien aberastasunen jabe bihurtzea. Indian gertatuko al da? Auskalo. Gaur egun klaseak desagertu egin dira Europan. Zapaldutako behe klaserik ez dago hemen, hirugarrena deritzogun munduan baizik. Iraultza hirugarren mundu horretan piztu behar da, gure borondatez ez baitiogu uko egingo gure ongizate mailari.
Euskal diasporaz ematen den irudi idilikoa ere zalantzan jarri duzu nobelan.
Gauzak ez dira inoiz zuriak ez beltzak. Argentinan euskal etxe batera joaten nintzen maiz, eta hango giroa nahiko ezkertiarra zen, eztabaida eta elkarrizketa interesgarriak izan nituen. Baina horrelako euskal etxe gutxi daude Argentinan, eta are gutxiagoTxilen, eskuinekoagoak dira.ETBren bitartez irudi erromantiko eta bukolikoa eman zaigu, baina euskal herritarrak Espainiaren izenean joan dira gehienetan Latinoamerikara, eta ikuspegi kolonizatzailearekin. Abizenei erreparatzea besterik ez dago: Pinochet Ugarte, Piñera Echenique, Alvaro Uribe…
Sistema kapitalistaren gehiegikeriaz ez ezik, askatzailetzakotzat daukagun beste garai baten gehiegikerien ondorioez ere idatzi duzu nahiko gordin. 80ko hamarkadak 90ekoan lagatako ajeez, alegia. Parekoak dira bata eta bestea?
Botereak sumatzen duenean gizartean badela oinarriak eraldatzeko indarren bat berehala jartzen ditu dauzkan mekanismo guztiak horren kontra. Besteak beste, drogak. Jendea txotxongilo bihurtzeko erabiltzen dute droga. Egungo gazteentzat ere zein da ekintzarik iraultzaileena? Plazara joatea eta kale edana egitea? Horri matxinoa deritzozun bitartean ez dituzu egingo benetako ekintza matxinoak.
80ko hamarkadan hori gertatu zen?
Espainiako Poliziak sartu zuen droga hemen. Euren kontrolpean egon zen heroina trafikoa. Estatu politika bat izan zen. Jende asko indargabetzea lortu zuten.
Aitzitik, garai hura mitifikatzeko joera izan da.
Garai errepikaezinak izan ziren gauza askotan. Kontzientziazio maila handia izan zen, eta piztu ziren mugimendu autonomo indartsuak, espiritu libertarioa, eta, horrekin batera, irrati libreak, gaztetxeak, mugimendu ekologista... Erakutsi zen beste gizarte bat posible zela. Badaude garai horietatik berreskuratu beharko genituzkeen gauzak.
Hildako pertsonaiek bizirik daudenek beste indar dute obran. Garai hura bizi zenutenontzat ezinbesteko ariketa izan da aurrera egin ahal izateko?
Liburua idatzi ondoren konturatu nintzen horretaz. Agian nire esperientzia pertsonalak markatu du liburua. Irakurketa saio batean konturatu nintzen auto istripuz hildako nire anaia zegoela pertsonaia baten atzean. Nire hildakoei egindako omenaldiak ere badira.
Euskal literaturari buruzko gogoetarik ere bada liburuan. Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua-z pertsonaia batek dio: «Euskaraz ere badaukagu literatura modernoa, eta ez bakarrik kutsu moralista daukana. Ze beste gehienak halakoak dira, dena oso perfektua, dena oso argia. Zer dagoen ondo eta zer txarto».
Gure morala zirikatzea gustatzen zait. Morala ikasitako zerbait da, ez dago moral unibertsalik. Historian bilakatuz eta aldatuz doan zerbait da. Gizartean funtzionatzeko arauak ezartzen ditu, eta askotan onartzen ditugu, benetan horretan sinesten dugun planteatu gabe. Ontzat ematen ditugu. Eta gustatzen zait deseroso sentiaraztea neure burua lehenik, eta irakurlea gero, arbuiatuko nituzkeen gauzak idaztea, ariketa kritikoa egiteko. Literaturan taburik gabe jokatu behar da, zentsurarik txarrena nork bere buruari ezartzen diona baita. Euskal literatura moral katoliko-ortodoxo estu horretatik libratu zen une horretantxe hasi zen modernoa izaten, eta horretan Txillardegi eta Mirande izan ziren aitzindariak.
Asel Luzarraga. Idazlea
«Kapitalismoari aurrez aurre egin behar zaio eraso»
Urtebete da Txilen haren aurkako prozedura hasi zutela, eta 'Utopiaren itzalak' nobelan, egungo gizarte eta ekonomia ereduaren ondorioez eta 80ko hamarkadak 90ekoan eragindako ajeez hausnartu du fikzioa eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu