Kareak erre ez duena emanaldi poetikoa zuzenean ikusteko aurreneko eta azken aukera izango da gaur, 22:00etan, Tolosako Leidor antzokian, ez baita haren errepikarik egingo. Urriaren 15ean 30 urte beteko dira GAL erakundeak Jose Inazio Zabala Artano eta Joxe Antonio Lasa Arostegi bahitu zituela; Donostian torturatu eta erail ondoren, Bussoten lurperatu zituzten (Alacant, Herrialde Katalanak), hobia kare biziz estalita.
Urteurren hori dute gogoan emanaldi poetikoan, non zulo baten bila abiatutako bidaia bat den ardatza. Parte hartzaileak honako hauek izango dira: Harkaitz Cano, Iñigo Aranbarri, Koldo Izagirre, Jose Luis Otamendi eta Josu Landa idazleak; Koldo Almandoz zinemagilea; Asier Zabaleta dantzaria; Karlos Osinaga eta Javi Manterola musikari eta Lisabo musika taldekoak; eta Pili Zabala Artano, Jose Inazio Zabala Artano zenaren arreba.