Iragan otsailaren 3an zendu zen Edouard Glissant idazle martinikarra, 82 urterekin. Frantz Fanon eta Aime Cesairekin batera, Karibeko irla horrek eman duen intelektual handienetakoa. Karibeko irlak, Karibe handia zorrotz aztertu dituen pentsalaria. Fanon, Cesaire, Glissant, Martinikaren ekarpena handia da pentsamendu garaikidearen barnean, teoria poskolonialen eremuan batez ere.
Izan ere, eremu geografiko nabarmengarria da Karibea, identitatearen ikuspuntutik adibidez. Identitatea, eraikuntza historiko, sozial, kulturala, etengabeko mugimenduan izan da Kolon eta ondorengoek bertan oinak jarri, indioak sarraskitu, eta Afrikatik beltzak esklabo ekarri zituztenetik. Kolonia garaiak etorriko ziren gero. Gaur egunera arte.
Glissant izan da, hain zuzen, fenomeno horiek guztiak kontuan hartu, dimentsio poetiko eta politikoa eman, eta Karibeko errealitateei erantzun gaurkotua ematen saiatu dena, dela fikzioaren bitartez, dela saiakeraren terrenoan. Eta hitzak jarri dizkiona gertatzen ari denari, Karibean eta, hedaduraz, munduaren luze-zabalean. Hemen hiru ezinbesteko.
Antillartasuna
Karibea zer den mugatzeko orduan, dena ez da zehaztasun. Batzuek hartzen dituzte kontuan soilik Karibeko itsasoak bustitzen dituen irlak. Besteek AEBetako hegoaldera eta Brasil iparraldera zabaltzen dute Karibe handia. Dena dela, bada guztiak ere elkartzen dituen zerbait, Glissanten hitzetan antillartasuna, bestela esanda, karibetasuna.
Ezin ezetz esan, errealitate ezberdinak daude Karibeko lurralde ezberdinetan, herri frankofonoak dira, anglofonoak, espainiera hiztunak, nederlandera ere mintzo da nonbait, baina Glissantek dio badela lurrazpiko harremana denen artean. Irla tipo edo eredu bat errepikatzen dela Karibe handian, migrazio biluzia, plantazioa, inauteria izanik irla horretako ezaugarri.
Karibeko gizartearen sorrera elementuen artean, bat da nabarmendu beharrekoa: transkulturazioa, hau da, aurretiko kultura baten deserrotze eta desagerpena eta fenomeno kultural berrien sorrera. Kariberen kasuan, musika, dantzak, ohiturak, hizkuntzak, santeria, budua agertzen dira, lehenik egunerokoan, eta gero, besteak beste, literaturan.
Karibetasuna, martxan den mugimendua, literatura sorkuntzen parte, esaterako, erritmoa objektu estetiko gisa, ahozkotasunaren presentzia ezaugarri, sortzen du afrikar jatorriko memoria eta biblioteka, ezin baita ahantzi kultura materialik ez zela eraman Afrikatik. Literatura bilakatzen da kulturen arteko bitartekari.
Eta espazio literarioak hausnartu behar du izateaz eta izatearen identitateaz, arrazen arteko aferaz, aferak sortutako gatazkez, historiaren presentziaz, edo presentziarik ezaz. Historia garaileek izkiribatzen omen dute, eta hortik obra literarioen berridazketaren beharra, Shakespeareren The Tempest, esaterako, Aime Cesairek berak: Une tempête.
Antillatarsuna, koloreaz haratago, négritude kontzeptua gaindituta, Karibeko irlen errealitatearen kontzientzia da.
Kreolizazioa
Transkulturazioa, ordea, ez da Glissantentzat nahikoa. Kreolizazioa hartzen du martinikarrak ahotan. Kreolizazioa, mundu konposatu, konplexu, askotarikoaren emaitza, diferentziak sartzen dira kontaktuan, tentsioak sortu, eta emaitza aurretik jakin iragarri ezina da, transkulturazioan gertatzen denaren aldean.
Mundua kreolizatzen ari da, jatorri ezberdineko osagai ezberdinak jartzen ari dira harremanetan, are balio handiagoa hartzen dute, eta marko berria osatu, nahasketa berri bat. Karibeko herrietan gertatu zen hori, eta gertatzen ari da, munduko beste hainbat lekutan. Hortik Karibeko filosofiaren garrantzia. Hartara, Karibea, egun munduan gertatzen ari denaren eta bihar gertatuko denaren laborategi ezin interesgarriagoa da.
Martinikatik ari dela, historia eta literaturaren arteko harremanaz mintzo da Glissant, historiaren berregituraketaz. Idazleak ezagutzera eman beharra du historia, kontakizun historikoaren gabezia gainditu, memoria, historia, erresistentzia elementu moduan hartu eta erabili. Zeregin horiek ematen dizkio idazleari.
Horiek horrela, literatura pizgarri da, esploratzaile funtzioa behar du bete, errebelatzailea, memorian hazka egin, historia berrezarri. Eta idazleak historialari izan behar du nolabait, historia ekoizlea, gehi sortzailea, zientzia sozialengatik kezkatua, dio Glissantek, errealitatean eragin, parte hartu. Martinikatik ari dela ahaztu gabe.
Mundialitatea
Cesairek Martinikako autonomiaren alde egin zuen bezala, Glissantek independentzia aldarrikatu zuen irlarentzat hasieretatik. Azkenaldian, baina, mundialitatea kontzeptua erabili izan ohi du, mundialitatean sinesten du, mundializazio eta globalizazio salbaiaren kontzeptuen aurrean. Herriak mundializazioaren eta globalizazio murriztaileen aurkako elkartasunera daramatzan mugimendu gisa defini daiteke mundialitatea. Eta herri horiek independente izatea, munduaren mugimendu horietan sartzea izan daiteke, beti ere Glissanten aburuz.
Herri txikiengan, ordea, sinesten du, mini-nazioetan, balizko federazioetan elkartuak nahi bada, errazkiago egiteko aurre korporazio eta Estatu handiek inposatutako izugarrizko uniformizazioari. Estatu-nazioak ez du etorkizunik, katastrofeak baino ez ditu eragiten hain dago estuki lotua kapitalismo liberalarekin. Mundua desegin, bai, eta berrantolatzeko kapaz izan ez, deskalabruak konpontzeko.
Poeta da Glissant, militante antikolonialista ere bai. Militantea, ordea, basa bihur daiteke, krudela. Itsu bilakatzeko arriskua dago eta barrutik hautsi. Kasu egin dio horri martinikarrak, deformazio horietatik dator militanteak dogma bat erreparorik gabe besarkatzeko beharra, bere ideologia eraikitzekoa. Militantea izan da Glissant, badaezpada, idazle izateari sekula utzi gabe.
Karibetik abiatu den idazlea, beti ere, baina helburutzat munduko bazterrak izan dituena, berak tout-monde deitu hori: oro mundu izan eta mundu oro kabitzen den leku nahasi, ez atsegin, mugitu, gaur-gaurko hori.
Obra
Edouard Glissanten korpus literarioak zortzi nobela, bederatzi poesia liburu, antzerki lan bat eta hamabost saiakera hartzen ditu bere baitan. Nobelagintzan La Lézarde lehen eleberriarekin egin zen ezagun, eta inoiz agertu izan da Nobel sarietarako hautagai zerrendaren batean. Poesian La Terre inquiète bilduma kaleratu zuen lehenik, Wilfredo Lam Kubako pintorearen litografiekin; beranduago erreferentziazko bilduma bat, La terre le feu l'eau et les vents: une anthologie de la poésie du Tout-monde. Eta saiakeran, aldiz, Le discours antillais lana da ezagunetakoa, edo azkenaldiko Traité du Tout-Monde eta Philosophie de la relation.
Glissant hil berri, haren lanak segida izango duela gauza segurua da. Bizian Glissantekin lan egin eta orain haren oinordetza hartzeko moduan daude, besteak beste, Raphael Confiant, Patrick Chamoiseau edota Jean Bernabe, Eloge de la créolité saiakeraren egileak. Glissanten teorien jarraitzaile fidelak, beste kontu bat da haren mailara iritsiko ote diren edo eskola hutsean geratu. Aipatu saio lanean, Karibeko problematikari hainbat ezaugarri berri gehitzen dizkiote, nabarmentzekoen artean, Indiako ozeanoko identitateak, osagai politikoa, kreol hizkuntzaren aldarrikapen militantea. Karibeak laborategi gisa funtzionatzen jarraituko duenaren adierazgarri.
Literatura
Karibea laborategi gisa
Hil berri da Edouard Glissant Martinikako idazlea. Aurtengo otsailak 3 zituela eman zuen azken arnasa, Parisen. Antillartasuna, kreolizazioa, mundialitatea izan dira hark baliatutako terminoak, Karibeko errealitatea, eta mundukoa, ulertzen saiatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu