Atzo amaitu zen BERRIAk eta Hamaika TBk Durangoko Azokan egunero Landakotik egin duten ordu eta erdiko telebista saioa. Ostegunean hasi zen Landakoenea eta ordu eta erdiko iraupena izan du saioak. BERRIA.INFOn zuzenean ikusi ahal izan da, eta gauean, Hamaikan. Atzoko gonbidatuak Karmele Jaio eta Hedoi Etxarte izan ziren.
Nagore Uriartek zuzendu zuen atzoko saioa, eta harekin izan zen Gorka Erostarbe BERRIAko Kultura saileko kazetaria elkarrizketak egiten. Bi hedabideetako kideak batuz gero, dozena bat lagun aritu dira programa egunero egiten.
"Landakoenea saiotik idazle eta musikari ugari pasatuko dira egunero. Bizpahiru elkarrizketa luze egingo ditugu platoan, eta, bestetik, erreportajeak izango dira. Kaleko giroa ere jasoko dugu, inkestak egingo ditugu eta Plateruena kafe antzokira gerturatuko gara", azaldu du Hamaikako eduki arduradun Naroa Iturrik.
Hamaika eta BERRIA elkarlanean
Azokako telebista saioa egin aurretik, Hamaika eta BERRIA elkarlanean aritu dira aurten: batetik, Donostiako Zinemaldiari buruzko eguneroko programarekin, eta, bestetik, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan —azken kasu horretan Gara eta Noticias taldearekin ere bai—.
Naroa Iturri pozik dago elkarlan horrekin: "Hemendik aurrera horrelako elkarlanak gero eta gehiago egiteko asmoa dugu. Publiko berdintsua dugunez, indarrak bateratzen ditugu. Paperean doana ikus-entzunezko egin badaiteke eta ikus-entzunezkoa Internetera eraman, hobe. Gure tresnak publikoaren esku jartzea da kontua".
Seigarren uztaia, Olinpiar Jokoetan
Berria TBk aurten mota horretako hirugarren saioa du aurten. Izan ere, udan Seigarren uztaia izenekoarekin, egunero Londresko Olinpiar Jokoetan gertatzen zenaren berri eman zuen. Londresko berriemaileek egunero han gertatzen zena helarazi zuten, batik bat, euskal kirolarien jarraipen berezia eginez.