Atzo zuen urtebetetze eguna Rafael Moneo arkitektoak (1937, Tutera). Kasualitatea. Atzo jakinarazi zioten Arteetako Asturiasko Printzea saria irabazi zuela ere. Ez da oparia, ordea, urteetako ibilbide oso bati emandako saria baizik. Prestigiozko autore bilakatu du egin duen lan eskergak, eta ezaguna da haren lerro garbiko arkitektura. Atzo pixka bat gehiago luzatu zitzaion lehenago ere ikusgarria zen sarien zerrenda: Pritzker saria jaso zuen 1996an, Mies van Der Rohe izenekoa 2001ean, baita Espainiako Arkitektura Saria ere 1961ean. Orain urte batzuk hurbil izan zuen Asturiasko Printzea saria ere, eta, azkenean jaso egingo duela esan zioten atzo. 75 urte bete zituen egunean. Urrian jasoko du garaikurra eta hari dagozkion 50.000 euroak.
Erreferentziazkoa da haren lana. Ez kasualitatez, ordea, ikur bat baino gehiago sortu baitu. Euskal Herrian bertan baditu batzuk. Berak diseinatu zuen, esaterako, 1999an altxatu zuten Donostiako Kursaala, eta berak egin zuen Iruñeko Nafarroako Artxibo Nagusiko diseinua ere. Mundua ere kurritu du arkitektoak, hala ere, eta kanpoan ere ezaguna da haren eskua. Meridako Arte Erromatar Museoa (Espainia) berak egin zuen, Stockholmeko Arte Garaikide eta Arkitektura museoa, Houstongo Arte Ederretako Museoa, baita bere obrarik korapilatsuenetariko bat izan zena ere, Madrilgo Prado museoa handitzeko lanak. Ezin esan, ordea, estilo bakarra dutenik. Ingurura moldatzea izan baitu bere lan ildo nagusia.
Sinadura azpimarratzera eta ezustekoa ematera baino gehiago jo du Moneok inguruarekin ezkontzera beti. Haren hitzek azaltzen dute zergatia: «40ko hamarkadan Tutera herrian hazitako ume batek primeran ulertzen zuen plaza batek zuen zentzua, eta, ematen zitzaien erabileraren arabera, kale bakoitzak zuen hierarkia». Intuizio horri eutsi dio gero ere. «Esperientziak egoera bakoitzaren berezkotasuna estimatzera eramaten nau; aniztasuna onestera. Horrek eskatzen du tratu desberdina proiektu bakoitzarentzat, lanaren homogeneotasuna bigarren mailan utziz».
Pertsonaia. Rafael Moneo
Kasuan kasuko arkitektoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu