Kataluniako zinemaren legea oraindik osatu gabe dago, baina, lege estatusa lortu artean, Generalitatek Katalunian estreinatzen diren film ez-europarren %50a katalanera bikoiztera edo azpititulatzera behartzen ditu banatzaileak, araudi baten bitartez. Joan den legealdian abiaturiko lege proiektua ez zitzaien gustatu Hollywoodeko estudioei, eta araua boikotatzea erabaki zuten. Estudioen eta gobernuaren arteko gatazkaren erakusgarri, joan den urteko otsailean, zinema aretoen %75itxi zituzten egun batez.
Orain, ordea, badirudi arazoa konpontze bidean dela. Izan ere, CiUren gobernu berria multinazionalekin eta banatzaileekin adostasun batera heldu da. Parlamentuan onartu artean, CiUk artikulu baten bidez arautu behar du legea, eta ez dago argi negoziazioak aldaketaren bat ekarriko duen edukietan. Generalitateko Kultura kontseilari Ferran Mascarellek esan du akordioak «oso laster» filmak katalanera bikoiztuak ikusteko aukera emango duela. Hogeita hamar bat izango dira. Lehenengoa, Harry Potter sailaren azkena, hilaren 15ean.
Negoziazioak eta erronkak
Kataluniako Zinema Enpresarien Elkartea ere pozik agertu da hitzarmenarekin. Pilar Serra elkarteko buruak onartu du gobernu aldaketak eragin duela bi aldeen arteko harremanean, eta Generalitateko Kultura Sailaren aldetik jarrera «hoberako» aldatu dela, «negoziatzea beharrezkoa zela konturatu ziren unetik». Poztasunak gorabehera, Serrak ohartarazi du «bi aldeetatik batek huts egiten badu» ez dutela lortuko katalanez proiektaturiko zinema areagotzea. «Lege asko egonik ere, borondaterik falta bada, ez dute ezertarako balio».
Hemendik aurrerakoari dagokionez, Mascarell kontseilariak akordioa «lehen pausoa» dela esan du, eta «norabide askotan» mugitzeko aukera ematen duela uste du. Erronka garrantzitsu bat zinema aretoen digitalizazioa da, bere hitzetan, eta, horrekin batera, «merkeagoak izango diren bikoizte prozesuei» ekitea.
Katalanezko bikoizketa boikotatzeari utzi diote estudio handiek
Generalitatearekin lortutako akordioaren ondorioz, filmak katalanez eskaintzen hasiko dira laster
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu