Keinu diren errealitateak

Izaro Ieregiren 'Time For Love' egitasmoa hautatu du Bitaminek Argentinan aurkezteko. Euskal Herriko gizarte mugimenduen pegatinetako hainbat jarduerak dute lanak ardatz

Time For Love egitasmoa Argentinara eraman du Izaro Ieregi artistak Bitamine Faktoriaren EAS-EZE programaren laguntzarekin. MARIA MARTINEZ RIVA.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2017ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Ukabila altxatzeko keinuak ez du esanahi bera toki batean ala bestean, momentu zehatz batean ala beste batean. Testuingurua arduratzen da keinu hutsa dena edukiz betetzeaz. Lekuaren eta unearen araberako zentzua ala karga ideologikoa hartu ohi dute ekintzek eta, prozesu hori da Izaro Ieregi (Algorta, Bizkaia, 1987) artista garatzen ari den Time For Love egitasmoaren muina. Zero Gradua izeneko ariketak egiten ari da: Euskal Herriko hainbat mugimendu sozialen pegatinetan agertzen diren ekintzetan oinarrituta gidoiak sortu eta ariketak egiteko eskatzen die hainbat performerri. Bilbon eta Xiaman-en (Txina) egin ondoren, Buenos Airesen (Argentina) gauzatzen ari da egunotan, Bitamine Faktoriaren EAS-EZE arte garaikidea nazioartekotzeko programaren laguntzarekin.

Bi urte dira, Ieregi, proiektuari forma ematen hasi zela. Lazkaoko Beneditarren Fundazioaren dokumentazio zentrora jo zuen lehenik. «2015eko udan hainbat alditan jo nuen artxibategira eta Euskal Herriko mugimendu sozialen hainbat pegatinekin bildumatxo bat egin nuen. Horiekin lanean ari nintzela konturatu nintzen ekintzak zituzten pegatinak zirela gehien interesatzen zitzaizkidanak». Irudiak kontestutik ateratzeko aukera ikusi zuen artistak eta pegatinetan azaldutako jarduerak berak egitea erabaki zuen. «Irudiak ikertu eta inkontzientzia kolektiboan duten eragina eta lekua aztertu nahi nuen, nolabait, imajinak desideologizatzeko».

Ez zuen bere burua eroso sentitu, ordea. «Ez zuen funtzionatzen». Orduan erabaki zuen pegatinetako ekintzak aintzat hartuta gidoi bat idatzi eta Bilboko emakume talde bati ematea, interpretazioa beraiek egin zezaten. «Gidoi edo partituran azaltzen dena egiteko eskatzen nien eta prozesuan ateratako grabazio eta argazkiekin sortu nituen piezak, ondoren». Zero Gradua izena jarri die artistak ariketei. «Komunitate baten mekanismo ideologikoak bistaratzen saiatu naiz horien bidez, garai historikoak bizi dituen komunitate batena».

Keinuen «zero graduak»

Martxoa eta apirilean Txinako Xiamen hirian egin ditu Zero Gradua-k, bertan egindako egonaldi batean eta bertako artisten laguntzarekin. Eta astelehenean errepikatu zituen Argentinako hiriburuan. Horrez gain, erakusketa ere jarriko du hiriburuan hilaren 8tik 30era. «Txinan egindako ariketak erakutsiko ditut erakusketan, eta estudio formatuan aurkeztuko dut Buenos Airesen egindakoak, prozesua nolakoa izan den azaltzeko».

Errealitatea bere horretan ikusteko aukera eman diote saioek. «Proiektuak talde sozialen subjektibitatearen inguruan jarduten du. Irudien pertzepzioa zalantzan jartzeko nire testuinguru propiotik ateratzea garrantzitsua iruditu zait, errealitatea keinu gisa ikusteko; hau da, zero gradura itzultzeko».

Argentinako ariketak bukatuta, urrian egingo du Time For Love proiektu osoaren aurkezpena, Basauriko Ariz dorretxean (Bizkaia). Orain arte egindako jarduera guztiak elkartuko ditu bertan, baina ez du guztiz itxiko egitasmoa. Izan ere, datorren urteko Tabakalerako egonaldietanegitasmoarekin jarraitzeko asmoa duela azaldu du, Euskal Herriko Artxibategia ardatz hartuta.

Proiektua gauzatzeko erabili dituen pegatinen irudiak bezala, karga ideologikoa duen abesti bati egin dio keinu egitasmoaren tituluarekin: Hertzainak musika taldearen No Time for Love kantuarena, alegia. «Egitasmoarekin hasi nintzenean, eta nire gorputzarekin lanean hasi nintzenean konturatu nintzen ez nuela batere gozatzen. Horregatik erabaki nuen egiten nuen orok plazerra eragingo zuela nigan». Baina harago ere egin du. «Aldaketa garai batean gaude, eta nire belaunaldiaren edo garai honen ezaugarriak eta irudi kolektiboa aztertzea interesgarria iruditzen zait. Hortik ere okurritu zitzaidan: Time For Love».

Etorkizuneko auzia da egiten ari den jarduera artistarentzat. «Mugimendu sozialen artxiboekin lan egiteak kontakizuna pentsatzera eta historia dezentratua idaztera garamatza, sarbide estetiko batetik abiatuta».

Arte garaikideari bultzada

Bitamine Faktoriaren EAS-EZE euskal arte garaikidea nazioartekotzeko programaren laguntza jaso du Ieregik proiektua Argentinara eramateko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bizi eta lan egiten duten artisten ikerketa eta ekoizpena bultzatzea da egitasmoaren helburua, eta, horretarako, egitasmo bat aukeratu, hainbat hilabetez Euskal Herrian garatu eta Buenos Airesera eramaten dute, gerora. 2015ean sortu zuten programa, eta gero eta artista gehiagok parte hartzen dute lehiaketan. Gainera, gero eta kalitate handiagoko lanak jasotzen dituztela nabaritu dute Bitamineko kideek.

Bitamine Faktoria arte garaikidea ekoiztera eta zabaltzera bideratutako sormen lantegia da, Irungo Larreaundi auzoan kokatua, eta zazpi lagunek kudeatu eta finantzatua: Patricia Gomez, Ander Garmendia, Carlos Sanchez, Maialen Dissard, Oier Gil, Xabier Dols eta Helga Massetani.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.