Hiru urte igaro dira Ken Zazpik Argiak (2003) aurreko diskoa kaleratu zuenetik. Denbora hartu nahi izan dute Ortzemugak begietan prestatzeko. Gaur aurkeztu dute lan berria, Elkarrek Donostian duen estudioan. Diskoak hamar kantu berri ditu, azken bi urte eta erdian sorturikoak. Itxaropena, aro berria eta ilusioa izan dituzte ahotan taldekideek lan berriari buruz hitz egiterakoan. Bere seigarren diskoa du Ken Zazpik.
Ortzemugak begietan-eko lehen bost kantuak Muxikako (Bizkaia) Muxik-On estudioan grabatu zituzten 2009ko abuztuan, eta Usurbilgo (Gipuzkoa) Hi Gain estudioan beste bostak, 2010eko abuztuan. Los Angelesko After Hours estudioan nahastu zituzten abestiok. Ekoizpen lanetan Rafa Sardina izan dute lagun, Argiak lanean bezalaxe. Taldeak berak Argiak zigilua sortu zuen Ken Zazpi urtez zuzenean (2007) argitaratzeko, eta oraingoan Elkarrekin koedizioan plazaratu dute.
Kantuetako letrak sortzeko hainbat kolaboratzaileren laguntza izan dute. Joseba Sarrionandiarenak dira Hemen gaude eta Giltzak kantuetakoak, Jon Maiarena da Itsaso gara izenekoa, Maialen Lujanbiorena …eta azkenak hasiera eta Julen Gabiriarena Bala bat lurpean. Uxue Alberdik koroak egin ditu Hemen gaude-n eta Joserra Senperenak pianoa eta teklatuak sartu ditu hainbat piezatan.
Ekoizpen zaindua, pop-rock anglosaxoia gogorra dakarren soinua, gitarra ñabardurak eta letra poetikoak ditu lan berriak. Durangoko Plateruena antzokian eskainiko dute aurkezpen kontzertua, abenduaren 4an.
musika
Ken Zazpik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu