Itzulerak dira kartelaren albiste nagusia. Utzita zuten oholtza guztiek, baina batu egingo ditu berriz Hatortxu Rock euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko musika jaialdiak bere 20. edizioan. Urteurren borobilaren aitzakian uztailean lau eguneko jaialdi berezia prestatu dute antolatzaileek. Gaur eman dute bertan izango diren lehen taldeen berri, eta izen zerrendarekin heldu da albistea. Jaialdik berriz batu ditu Kerobia, Ekon, Bizardunak, Des-Kontrol, Ehun Kilo eta baita Herrialde Katalanetako Inadaptats taldea ere. “Sei talde hauek zita honetarako elkartuko dira soilik”, zehaztu dute antolatzaileek. Jada jaialdiaren webgunean erosi daitezke sarrerak. 50 eurokoa da lau egunetarako bonoa, kanpina jartzeko aukerarekin.
Horiez gain, beste hainbat talderen izenak ere aurreratu dituzte jaialdirako. Huntza, Kaos Urbano, Tremenda Jauría, Lágrimas de Sangre, Talco, Narco, Glaukoma, Soziedad Alkoholika, Estricalla, Kaotiko, Anestesia, Kop, Iseo&Dodosound, Oreka Tx. Izen gehiago ere izango direla azaldu dute antolatzaileek, eta datorren asteetan emango dutela haien berri.
Euskal preso, iheslari eta deportatuen gaia agenda politikoaren erdian jarri nahi dutela ere zehaztu dute. Haiei laguntzeko antolatzen da jaialdia, izan ere. “Horregatik diogu 20. edizira iristea ez dela ospatzekoa, baina egoerak honela dirauen bitartean Hatortxu Rockek lanean jarraituko du”.
[youtube]https://youtu.be/87MdOPGoJ6I[/youtube]