Kim Ki-duken 'Pietà'-k irabazi du Veneziako Urrezko Lehoia

Gizonezko aktore eta zuzendari onenaren sariak eman dizkiote 'The Master' faboritoari

Agentziak
Venezia
2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Igo zen Kim Ki-duk atzo Veneziako Lidoko zinemaren jauregiko agertokira, eta kanta bat abestu zuen koreeraz. A capella, gainera. Bere esker ona adierazteko modua izan zen. Izan ere, epaimahaiak 69. Veneziako zinema jaialdiko sari nagusia, Urrezko Lehoia, eman zion hegokorearrak zuzendutako Pietà filmari. Goxo jardun zuen, hortaz,Hego Koreako abangoardiazko zinemagintzaren erreferente nagusiak. Baina filmak gutxi dauka goxotik. Izan ere, kapitalismoak giza harremanetan duen eraginari buruzko lan gogorra da Pietà.

Nolabaiteko ezustekoa eragin zuen Michael Mann buru zuen epaimahaiaren erabakiak. Izan ere, The Master Zientziologiaren Elizari buruzko filma zen, kiniela guztien arabera, sari nagusia jasotzeko hautagai nagusia. Handiena ez, beraz, baina beste bi sari garrantzitsu eman dizkiote Paul Thomas Andersonek zuzendutako pelikulari. Batetik, zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia. Eta bestetik, gizonezko aktore onenaren Volpi saria partekatu dute Joaquin Phoenixek eta Philip Seymour Hoffmanek. Azken horrek jaso zituen bi sariak. Phoenixi buruz esan zuen harekin lan egitea «bizipen sinestezina» izan dela. Anderson, berriz, laguna du Hoffmanek. «Munduko zinemagile onenetako bat da».

Badira Ki-duki buruz hori bera esaten dutenak. 2004an, esaterako, zuzendari onenaren saria irabazi zuen bai Berlingo zinema jaialdian, eta bai Veneziakoan, Samaritan Girl eta Iron-3 filmekin, hurrenez hurren. Baina kritikatzen dutenak aurrez aurre eduki ditu azken urteotan, eta kritikari horiek ez diete, ez, harrera onegia egin Time (2006), Dream (2008) eta Amen filmei, besteak beste.

Galdutako prestigioa berreskuratzeko aukera edukiko du Ki-duk Pietà-ri esker. Kritikariak kritikari, bere herrialdean baino harrera hobea egiten zaio kontinente zaharrean. «Europan arrakasta daukan zinemagile moduan ezagutzen naute Hego Korean», esan izan du.

Istorioak bere herrialdean kokatu zalea da. Azkeneko lanean, Seulen bizi da protagonista, eta zorrak kobratzen ditu. Hori da bere egitekoa. Horretarako, zordunei gorputzeko atalak ebakitzen dizkie modu ez-ortodoxoan. Baina une batean, txikitan alde egin zuen ama agertuko da, eta haren presentziak bestelako sentimenduak eragingo dizkio. Lee Jung-jinek jokatu du protagonistaren rola, eta Cho Min-sook, berriz, amarena. Ki-duki iruditzen zaio muturreko kapitalismoak giza harremanak desitxuratzen dituela, «oso modu txarrean» aldatzen dituela.

Hain zuzen, Min-soo bera zen emakumezko aktore onenaren Volpi saria irabazteko hautagai nagusietako bat, baina epaimahaiak Hadas Yaron israeldarrari eman zion, Lemale et Ha'Chalal-en jokatzen duen rolagatik. Judu ortodoxoen komunitateko kidea da filmeko protagonista, baina komunitatearen lege hetsiei aurre eginez, maite duen pertsonarekin ezkontzen ahaleginduko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.