Donostiako 72. Musika Hamabostaldia

Kimu berrien hazkurri

Astelehenean hasiko da Interprete Gazteen Zikloa, eta «nazioarteko kutsua» izango du, nahiz eta hemengo harrobikoak gailenduMatamororen 'Praia Fuchinos' obra estreinatuko du Adsax saxofoi laukoteak

Jonathan Mesonero eta Jon Urdapilleta. Abuztuaren 26an eta 22an joko dute, hurrenez hurren. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Donostia
2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
«Orain artekoahalegin guztiaren ordaina» izango da Musika Hamabostaldian parte hartzea Jon Urdapilleta eta Jonathan Mesonerorentzat, baita «ikasten jarraitzeko akuilu bat» ere. 14 urte besterik ez du Urdapilletak, baina pianoa jotzen erakutsitako talentuagatik sari ugari jaso ditu dagoeneko. Etorkizun handiko piano jotzaile honen kontzertuarekin hasiko da Hamabostaldiko Interprete Gazteen Zikloa, abuztuaren 22an.Bach, Haydn, Granados, Grieg, Chopin eta Liszten konposizioak entzuteko aukera izango da emanaldian.

Urduri eta aldi berean ilusioz beteta sentitzen da musikari gaztea aurrean duen erronkari begira; eta gogorari da lanean: batez beste, egunean sei orduz jotzen du pianoa. Txikitatik datorkio musikarako zaletasuna, eta ez kasualitatez; ama biolin irakaslea du, eta etxean beti egon da «musikaz inguratuta». Bidania-Goiatzen (Gipuzkoa) jaiotako gazteak Donostiako Musika eta Dantza Eskolan hasi zituen ikasketak, eta pianoa jotzen jarraitzea du amets.

Jonathan Mesonero ere gipuzkoarra da, Irungoa. Iaz Nicanor Zabaleta beka irabazi zuen, eta egun Alemanian ari da ikasten, bekari esker. Zortziurterekin hasi zituen musika ikasketak. «Egia esteko, ez nuke jakingo azaltzen zergatik aukeratu nuen biolina. Nola imajinatu garai hartan instrumentu hau, zaletasun bat izaten hasi zena, orain nire bizitza izango zela ia!», adierazi du 22 urteko gazteak. Abuztuaren 26an emango du kontzertua Mesonerok, Irina Gaitani greziar pianista eta Musikeneko irakaslearekin batera. «Musika klasikoaren barruan oso garrantzitsuak diren bi kultura» uztartu nahi dituzte emanaldian: errusiarra eta frantziarra. Zehazki, Debussy, Ravel, Prokofiev eta Schedrinen obrek osatuko dute errepertorioa.

«Kalitatezko» sei emanaldi

Interprete Gazteen Zikloko egitaraua osatuko duten sei emanaldien«kalitatea eta bizitasuna» azpimarratu ditu Andoni Alonsok, Hamabostaldiko komunikazio arduradunak. Musikenen ikasitakoak dira parte hartzaile ugari, bai hemengoak, bai kanpokoak ere. Izan ere, aurten «nazioarteko kutsua» du programak, Alonsoren arabera. Elena Enderyaba errusiar piano jotzailearen kontzertua jarri du adibidetzat. Liszt, Karlovich Medtner, Mendelssohn-Bartholdy eta Smetaren lanak emango ditu Donostia Hiriko Nazioarteko Lehiaketa irabazitako bakarlariak, abuztuaren 23an. Hilaren 24an, Jeux D'Anches akordeoi bikotearen txanda izango da. Marko Servalic eta Nikola Kerkez serbiarrek osatzen dute bikote hori, eta egitarau «guztiz garaikidea» eskainiko dute, Stravinski, Sanchez-Verdu, Trojan eta Piazzolaren lanekin.

Adsax saxofoi laukoteak ere joko du, abuztuaren 25ean. Obra bat estreinatuko dute, gainera: Miguel Matamororen Praia Fuchinos lana. Bozza, Escaich, Iturralde Otxoa, Gastinel eta Piazzolaren obrak ere interpretatuko dituzte. Zikloa abuztuaren 27an amaituko da, Gran Pausa haizezko boskotearekin. Musikeneko ikasleek osatutakoa da boskote hori, eta Ibert, Beethoven, Barber eta Ligetiren lanak joko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.