Kiribil batean bueltaka

Nadia Hotaitek 'Unseasonal Autumn' proiektua ondu du Multiverso bekari esker. Azaroaren 12ra arte egongo da ikusgai, Arte Ederren Museoan

Nadia Hotait artista, Bilboko Arte Ederren Museoan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko urriaren 11
00:00
Entzun
Gaur egun benetako filosofoak fisikariak direla esan zuen Stephen Hawking fisikari eta astronomoak. Haren arabera, natura zer den argitzea zen filosofo greziarren kezka nagusia, eta horretan dabiltza gaurko fisikariak ere. Nadia Hotait artistak bi diziplina horiek uztartu ditu Unseasonal Autumn (Udazken amaigabea) ikus-entzunezkoan: filosofia eta fisika. Orain arte Multiverso bekari esker egin den «ikus-entzunezkorik zinematografikoena» dela esan du Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak. Azaroaren 12ra bitarte bisitatu ahal izango da, Museoko 4. aretoan.

Tusculum hirian abiatzen da ikus-entzunezkoa, K.a. I. mendean. Izan ere, Julio Zesar boterera iritsi zenean, hiri horretara erbesteratu zuen Marko Tulio Zizeron filosofoa. «Gizakiaren bilaketa existentzialari buruzko alegoria bat da hasierako zati hori», aurreratu du artistak. Zizeronen aisialdiko etxean dago kokatuta, eta askotariko hausnarketak mahaigaineratuko ditu bertan.

Gaur egun, Frascati du izena Tusculum hiriak, eta Fisika Nuklearreko Institutu Nazionala dago bertan. «Munduaren jatorria aztertzen arituko da zientzialari talde bat, materiarena, espazioarena eta denborarena», kontatu du artistak. Bi ikuspuntu horien artean garatuko da ikus-entzunezkoa, iraganaren eta orainaren artean: «Historiako gertaera garrantzitsu batekin eta oinordeko izango den batekin elkarrizketa bat izateko gonbita egiten da».

Gutxi gorabehera, bi mila urteko aldea dago garai horietako batetik bestera, baina finean gizakiaren kezkak berberak direla uste du Hotaitek: «Egia da, nolabait, denbora historikoa kiribil batean bezala biratzen ari dela oraindik, eta, behin eta berriz, guk gauza beretan huts egiten dugula oraindik, akats berberetan estropezu egiten jarraitzen dugula; baina horrek ez du esan nahi kiribil horrek irteerarik ez duenik».

2020an hasi zen artista proiektua lantzen, eta Frascatin (Italia) egin du filmaketa osoa. Zortzi aktorek parte hartu dute, eta triptiko bat da emaitza: koreografiatutako emanaldiak eta elkarrizketa zatiak tartekatzen dira. Hamar minutu irauten ditu.

Artistak azaldu duenez, Stefan Zweig idazlearen Decisive Moments in History liburuan oinarritu zen ikus-entzunezkoa sortzeko: «Liburu horri esker jakin nuen bi hiri horiek enklabe berean zeudela, eta, ikus-entzunezkoaren bitartez, bi hiri horien arteko loturak aurkitzen saiatu naiz». Grabazioek euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko azpitituluak dituzte.

Bideoa abiapuntu

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Hotaitek, Madrilen. Bideoa, film zatien collageak eta argazkigintza baliatzen ditu historia garaikideko pasarteak irudikatzeko, eta, egun, bideoen arteari eta ekoizpenari buruzko ikastaroak ere ematen ditu. Laila Hotait ahizparekin batera, Ficcionar plataforma kudeatzen du, film laburrak eta dokumentalak ekoizten dituen plataforma bat.

Multiverso bekarekin ondu du Unseasonal Autumn proiektua artistak. BBVA fundazioak eta museoak elkarlanean sortutako egitasmoa da, eta bideoen artea eta arte digitala sustatzea du xede. 2018an, deialdi ireki bat antolatu zuten beka horietarako, baina pandemiak proiektuak geldiaraztea eragin zuen.

Antoni Abaden Belarri gorrak izan zen museoan aurkeztu zuten lehenengo proiektua, joan den martxoan. Haren ondotik, Toni Serra artistaren Asemanastan. Zeruetako lurra eta Mabel Palacinen Ibilbidea eta The Track bideo instalazioak jarri zituzten ikusgai. Urtea amaitu baino lehen erakutsiko dituzte falta diren bi lanak: Manu Arregiren Zahartzaro-harmoniak eta Pedro G. Romeroren Flamenkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.