Inoiz ez zuen Oscarrik irabazi film batengatik, baina Hollywoodeko pertsonaiarik ezagunenetako bat izan zen Kirk Douglas aktorea sei hamarkadaz. Atzo hil zen, 103 urte zituela.
New Yorken jaio zen, Issur Danielovitch Demsky izenarekin, 1916. urtean, Errusiako migrante juduen familia batean, eta miseria gorrian pasatu zuen haurtzaroa. «Gosea pasatzen genuen», esango zuen urte batzuk geroago bere bizitzako lehen urte haiek gogoratzean. 13 urterekin jaso zituen publikoaren lehen txaloak, parke batean poema bat errezitatu zuenean. «Emanaldiaren ostean, aitak izozki bat eman zidan. Ez dut inoiz ahaztuko». Arte dramatikoa ikasi nahi zuen, eta, ikasketak ordaindu ahal izateko, egunkariak banatzen lan egin behar izan zuen. Azkenean, American Academy of Dramatic Arts eskolan sartu ahal izan zen, eta han ezagutu zuen Betty Joan Perske, gerora izena aldatu eta Lauren Bacall gisa izar handia bilakatuko zen aktorea.
Hain zuzen ere, Bacallen eskutik iritsi zitzaion lehenengo lana Hollywooden, hark gomendatu baitzuen The Strange Love of Martha Ivers (Lewis Milestone, 1946) drama kriminalean parte hartzeko. Lan hark kritika onak ekarri zizkion, eta batez ere bere ibilbideko lehen urteetan Douglasek antzeztuko zituen pertsonaia anbiguo, bihurri eta askotan makurrak aurreratu zituen. Hurrengo urtean, esaterako, Out of The Past Jacques Tourneurren maisulan beltzean gangster baten azalean jarri zen, Robert Mitchum eta Jane Greerrekin batera.
1940ko hamarkadaren amaieran, zinema beltza bere gorenean zegoen, eta Douglas berehala bihurtu zen generoko aurpegi ezagun, nahiz eta bestelako lanak ere egin zituen. I Walk Alone noir-ak (Byron Haskin, 1947), gainera, aurrenekoz elkartu zuen Douglas Burt Lancasterrekin, gerora lagun eta film askotan lankide izan zuen aktorearekin. Besteak beste, Gunfight at the O.K. Corral westernean (John Sturges, 1957), The Devil's Disciple drama historikoan (Guy Hamilton, 1959) eta Seven Days in May thriller politikoan (John Frankenheimer, 1964) egin zuten elkarrekin lan bi aktoreek.
1949. urtean, lehen aldiz izendatu zuten Oscarretarako, Mark Robsonen Champion filmarekin; boxeolari bat antzeztu zuen hartan. Gerora, beste bi alditan izendatu zuten aktore onenaren atalean. The Bad and the Beautiful filmean (Vincente Minelli, 1952), Hollywoodeko ekoizle arranditsu bezain gorrotatu baten rolean jarri zen, eta Lust for Life-n, berriz —berriro ere Minelliren aginduetara—, Vincent van Gogh margolaria bilakatu zen. Oscarrik, ordea, ez zuen inoiz irabazi, ez 1979an Ohorezko Oscarra eman zioten arte behintzat.
[youtube]https://youtu.be/ZGG_QJjnRbA[/youtube]
Aktore eta ekoizlea
Nortasun handiko aktore eta pertsona izan zen Douglas, eta inoiz ez zuen nahi izan Hollywoodeko produktoreen mende egon. Izarra zen, baina produktore handiek sustatzen zuten star-system-a txiki gelditzen zitzaion. Horregatik, eta bere aktore ibilbidea bideratua zuela, 1955ean Bryna Productions ekoiztetxea sortu zuen. Hain zuzen ere, aktorearen ekimenez, Stanley Kubrick zinemagile gaztea —artean, batez ere, zinema beltzari lotutako filmak zituen eginak— jarri zuten Paths of Glory film antimilitaristaren zuzendari. Humphrey Cobb idazlearen eleberri baten moldaketa hura I. Mundu Gerran zegoen girotua, eta berehala ekarri zizkion zenbait herrialderen kritikak. Frantziak, esaterako, presio egin zuen estreinatu ez zezaten, eta Espainian —eta, ondorioz, Hego Euskal Herrian— debekatuta egon zen 1980ko hamarkada arte.
Kubrickek zuzendu zuen, halaber, Douglasen lan ezagunenetakoa, Spartacus (1960), nahiz eta Anthony Mann beteranoa zen, hasieran, hura zuzentzeko aukeratutako zinemagilea. Douglas, baina, ez zegoen gustura Mannek egindako lanarekin, eta filmaketa hasi eta astebetera, Kubrickek ordezkatu zuen. Filma Howard Fasten eleberri batean zegoen oinarrituta, eta idazleak berak idatzi behar zuen hasieran gidoia, baina ez zen moldatzen zinemarako idazketarekin, eta Dalton Trumbori eskatu zioten esklaboak askatzen dituen buruzagi karismatikoari buruzko gidoia idatz zezan. Trumbo urte batzuk lehenago Joseph McCarthy senatari antikomunistaren zerrenda beltzean egona zen, eta, orduz geroztik, ezizenarekin sinatzen zituen bere gidoiak. Spartacus-en ere ez zuen nahi bere izena kredituetan agertzea —Sam Jackson ezizenarekin sinatu behar zuen—, baina Douglasek indar egin zuen haren izena filmean ager zedin, eta askok ekintza hori hartu zuten zerrenda beltzaren garaiaren amaieratzat. «Eskerrik asko, Kirk, nire izena itzultzeagatik», esan zuen Trumbok, esker modura. Horri lotuta, Steven Spielbergek nabarmendu zuen Douglasek eginkizun erabakigarria izan zuela sorgin ehiza gelditzeko borrokan.
[youtube]https://youtu.be/zCLyLBrugD0[/youtube]
Genero ugari ukitu zituen, baina akzioa eskatzen zuten filmetan nabarmendu zen, batik bat, Douglas. Esate baterako, ondo gogoratuak dira 1950eko hamarkadan Richard Fleischer zuzendariarekin egindako abenturazko bi film: 20,000 Leagues Under the Sea, Jules Verneren nobela ezagunaren egokitzapena (1954), eta The Vikings (1958).
60ko eta 70eko hamarkadetan, lanean segitu zuen, eta, besteak beste, westernak (The War Wagon, 1967; There Was a Crooked Man..., 1970), drama belikoak (The Heroes of Telemark, 1965) eta dramak (The Arrangement, 1970) egin zituen. Gainera, zuzendari lanetan ere hasi zen, nahiz eta bi film zuzentzera mugatu zen: Scalawag (1973) eta Posse (1975).
Izar handia bilakatu bazen ere, aktore eta ekoizleak ez zuen inoiz ahaztu nondik zetorren, eta horren gaineko txantxak ere egiten zituen: «Beti esan diet seme-alabei beraiek ez dutela izan pobrezia handi batean jaiotzeko zortea». Eta bazekien belaunaldi askorentzat bere seme Michael ezagunagoa zela ere, 90 urte bete zituenean umorez adierazi zuenez. «Kirk Douglas deitzen naiz. Baliteke ni ezagutzea. Bestela, bilatu Googlen... Zinema izarra izan nintzen, Michael Douglasen aita naiz, Catherine Zeta-Jonesen aitaginarreba, eta bi haurren aitona. Bigarren Mundu Gerratik bizirik atera nintzen, eta, gero, helikoptero istripu bati, garuneko isuri bati eta bi belaun berriri egin diet aurre»
Hain zuzen ere, Michael Douglas aktoreak eman du gaur gauean aitaren heriotzaren berri. «Nire bizitza osoan maiteko zaitut», idatzi du Catherine Zeta Jones aktore galestarrak.