Euskarazko eleberri onenaren Espainiako kritikaren saria lehendabizi, Espainiako Narratiba Sari Nazionala joan den asteazkenean, eta orain, Kirmen Uribe Euskadi literatura saria jasotzeko hautagai da Bilbao-New York-Bilbao (Elkar) eleberriari esker. Uriberen lanarekin batera, hauek dira aurtengo finalistak: Harkaitz Canoren Zinea eta literatura (Elkar), Luis Garderen Gertakarien urtzea (Alberdania), Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak (Pamiela), Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana (Alberdania) eta Juanjo Olasagarreren T (tragediaren poza) (Alberdania).
Hautagaietatik Euskadi sariak nork irabaziko dituzten datozen asteetan jakinaraziko du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, eta sari ematea azaroaren 24an izango da. Sari bakoitzaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.
Sei dira aurten Maite Gonzalez Esnal, Jon Kortazar, Maite Toledo, Ivan Igartua eta Gorka Aulestiak osaturiko epaimahaiak euskarazko liburu onenaren Euskadi sarirako aukeraturiko liburuak: hiru eleberri (Lertxundirena, Olasagarrerena eta Uriberena), bi poema liburu (Garderena eta Leterena), eta saiakera bat (Canorena).
Egile horien artean, Canok eta Lertxundik lehenago ere irabazi dute helduentzako euskarazko liburu onenaren sari hau. Lertxundik bi alditan; 1990ean, Argizariaren egunak (Alberdania) lanagatik, eta 1982an, Hamaseigarrenean, aidanez-ekin(Erein); Canok behin, 2005ean, Belarraren ahoa eleberriarekin (Alberdania). Aurreko urteetako irabazleak Jokin Muñozen Antzararen bidea eta Bizia lo (2008 eta 2004, hurrenez hurren), Xabier Montoiaren Euskal Hiria sutan (2007), Iban Zalduaren Etorkizuna (2006), Peio Lizarralderen Larrepetit (2003) eta Itxaro Bordaren %100 Basque (2002) izan ziren.
Haur eta gazte literaturan ere badira bi finalista lehenago ere sari hori eskuratu dutenak: Juan Kruz Igerabide eta Fernando Morillo. Atal honetan soilik lau izan dira Garbiñe Iztueta, Mikel Aierbe, Arantza Ozaeta, Pello Añorga eta Ibon Egaña epaimahaikideek aukeraturiko liburuak. Igerabideren Amilami (Elkar) eta Morilloren Leonardoren hegoak (Ibaizabal) liburuez gain, Eider Rodriguezen Nikoleta eta gaua (Elkar) eta Ruben Ruizen Anekdotak (Pamiela) dira sarirako hautagaiak. Rodriguezek 2007an uko egin zion Euskadi sarietan parte hartzeari, Utikan Euskadi Sariak manifestua sinatuz.
Itzulpegintzako atalean, Juan Martin Elexpuru bi lanengatik dago hautagaien artean: Moliere eta Makiaveloren lanak euskaratzeagatik. Sari hori jaso dute aurrez hautagai diren bik: Koro Navarro eta Karlos Zabalak. Laugarren finalista Antton Olano da.
Gaztelaniazko atalean hiru finalista soilik daude: Maria Luisa Balda, Luisa Etxenike eta Javier Saez Ibarra.
Aurten, lehendabizikoz, ilustrazioko Euskadi saria emango du Jaurlaritzak, ilustratzaileek beren lana aintzat hartzeko egindako eskaerari erantzunez. Hastapenetan bazen irudigintza saritzen zen atala, eta urte bakar hartan, Asun Balzolak irabazi zuen, Ninoren istorioa liburuagatik. Aurten, haur eta gazte literaturako atalean hautagai den Anekdotak liburua finalisten artean dago, Eider Eibarrek egindako lanagatik. Mariona Cabassa, Iraia Okina, Mikel Valverde, Alfonso Zapico eta Elena Odriozola dira beste hautagaiak.
Kirmen Uribe, Euskadi sarietako finalista
Euskarazko lan onenaren sarirako hautagai dira Harkaitz Cano, Luis Garde, Xabier Lete, Anjel Lertxundi eta Juanjo Olasagarre ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu