Literatura

Kirmen Uribek bere lehen nobela aurkeztu du: 'Bilbao-New York-Bilbao'

"Gure euskal mundua kontatzea izan da helburua. Horretarako, iragana kontatu behar izan dut, nondik gatozen eta nora goazen. Nire ustez nora joan beharko genukeen", esan du gaur idazleak.

2008ko azaroaren 21a
16:18
Entzun
Kirmen Uribek (Ondarroa, Bizkaia; 1970) gaur aurkeztu du bere lehendabiziko eleberria: Bilbao-New York-Bilbao. Elkar-ek argitaratuko du, eta ardatza bi hiri horien arteko hegazkin bidaia da. Hegaldiarekin batera, hiru belaunaldien historia kontatu ditu Uribek: aitona-amonei dagokien gerraurrekoa, frankismo sasoiko gurasoena, eta idazlearena berarena, XIX. mendean hasi eta XXI.eraino doan epopeia txiki baten moduan.

Durangoko Azokarako prest du, hortaz. Abenduaren 5ean hasiko da azoka, eta 8ra arte izango da.

Idazleak adierazi duenez, bere helburua "gure euskal mundua" kontatzea izan da. "Horretarako, iragana kontatu behar izan dut, nondik gatozen eta nora goazen. Nire ustez nora joan beharko genukeen". Hori dela-eta uztartu ditu hiru belaunaldiak kontaketan. Ohiko kontagintza-mota alde batera utzi ditu Uribek eta autofikzioaren bidetik jo du lehenengo eleberri hau idazteko. Errealitateko datuak baliabide literario bilakatu ditu, fikzioaren bitartez historia ere istorio bihurtuz eta egilea bera bere kontakizunaren objektu bihurtuz.

Martxoan hasi zen Uribe eleberria idazten eta urriaren erdialdean amaitu zuen. Hala ere, nobelaren ideia 2002an izan zuen lehen aldiz. "Azken urteetako emaitza da nobela. Nik ikusten nuen nobela barruan neukala, buruan, eta paleontologoek lur azpian dauden dinosauroekin egiten dutena egin dut: lurra kentzen hasi eta agertzen diren puskak bildu eta lotu".

Azkenean, "idatzi nahi" zuen liburua osatu du. "Egin dudana egiteko gauza ez izateko beldur nintzen, bide labur edo errazagoa hartu eta harekin etsi beharko ote nuen. Baina ez. Hauxe da buruan neukana, eta gustura nago".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.