Pertsonaia. Helena Pimenta
Klasikoaren zuzendari
Zuzendari izatera ohitua dago Helena Pimenta (Salamanca, Espainia, 1955). Dozenaka antzezlan zuzendu izan ditu. Orain, bestelako zuzendaritza molde bati heldu beharko dio. Espainiako Antzerki Klasikoaren Konpainiak zuzendari izendatu du. Bizitzako zati handi bat Euskal Herrian igaro du Pimentak, 70eko hamarkadatik, Errenteriako institutuan frantseseko irakasle moduan lanean hasi zenetik. Frantses eta ingeles filologia ikasketak egin zituen, Salamancako Unibertsitatean, eta antzerki talde amateurretan aritu zen.Errenterian irakasle zela, antzerkiaren metodoak erabiltzen hasi zen frantsesa beste modu batera irakasteko, eta pixkanaka antzerkiaren munduan murgildu zen. 1978an, Atelier konpainia sortu zuen, eta, besteak beste, Moliereren El Àvaro eta Ionescoren La cantante calva eta La lección zuzendu zituen, eta Candido (1983), Dantería (1984), Procesados (1986) eta Xespir (1987) idatzi eta zuzendu zituen. 1988an, Ur Teatro Konpainia sortu zuen, eta beste obra askoren artean, William Shakespeareren El sueño de una noche de verano, Romeo y Julieta eta Trabajos de amor perdido, Enzo Cornmannen Sigue la tormenta eta Valle-Inclanen Luces de Bohemia zuzendu ditu. Munduko antzerki klasikoan espezializatu da Pimenta, eta beste hainbat antzerki konpainiak ere eskatu izan diote antzezlanak zuzentzeko. Eszena zuzendaritzako ikastaroak eta aktoreak prestatzeko tailerrak eman ditu han-hemenka. Helena Pimentak Eduardo Vasco ordezkatuko du Espainiako Antzerki Klasikoaren Konpainian. Hemeretzi hautagai aurkeztu ziren, horietatik lau emakume. Ur Teatro utzi egingo du, baina konpainiak bere bideari jarraituko dio. Urtean antzezlan bat zuzentzeko asmoa azaldu du Pimentak, baina haren lehentasuna «beste batzuen lan artistikoa sustatzea eta indartzea» izango da.•
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu