Ez du balio sabel guztiak asetzeko, horixe dauka literaturak. Langabezian geratu den peoiak, beharbada, literaturarekin uxatuko ditu egunerokotasun gordinaren mamuak, edo beharbada, narda emango diote klase sozial aberatsagoentzat idatzitakoak iruditzen zaizkion liburuek.
Idazleak ere ez dira guztiak eroso sentituko artearen izaera ez-demokratikoan. Literatur babesleku antinuklearreko hormak zurrunegiak egingo zaizkio zelatan dabilen idazleari, eta hauskorregiak, barruan dagoenari.
Izan ere, horixe baita bizitzaren arlo guztietan gertatzen denaren isla. Babesean goxo-goxo daude batzuk, babes horretan aterpe hartzeko ate joka beste asko, eta bada aterpea bera itogarri iruditzen zaionik ere.
Kezka dut, ordea —eta ez dut plural maiestatikoa erabiliko, beharbada kezka neurea soilik delako—, literaturaren irakaskuntza ere interes horietara ari dela makurtzen. Liburugintzaren eta literaturaren arteko amodio istorioekin zaletu zaizkigu asko; gotorlekuen hormak sendotzera jolasten dira besteak, bertan bizi diren idazleak agorafobiak jota imajinatuz.
Eta tartean, ikasleak. Etorkizuneko ez-irakurleak.
Hezkuntzaren helburuak etengabe berritzen ari diren honetan, dagoeneko ez dakigu literaturari dagozkion orduak literaturaren historia irakasteko edo literatura irakurtzeko, idazteko baliatu behar ditugun. Bai, bai, badakit «biak» nahi ditugula. Baina badakit, orobat, irakaskuntzan literaturari ez zaiola denborarik eskaintzen apenas eta, ondorioz, irakasleek bataren edo bestearen aldeko hautua egiten dutela.
Gogoan dut idazle batek aipatzen zidala, sukaldaritzaren eta literaturaren arteko parekotasunak eraikiz, gaurko gazteak McDonaldsetan jatera ohitzen baditugu, janari horretara zaletuko direla, eta horixe bera ari garela egiten literaturarekin ere. Alegia, literatura komertziala soilik ari gatzaizkiela eskaintzen irakurle gazteei, eta horretara zaletuko ditugula azkenean. Baliteke iragarpena ez izatea okerra, baina gakoa literatura komertziala soilik ez eskaintzean egon daiteke.
Zeren esan dezagun egia: literatura komertziala ez da beti, halabeharrez, literatura txarra. Eta bigarren kontua, gutxiegitan aitortzen duguna: sukaldari onenek ere izaten dute egun kaskarrik. Kezka daukat hori kaleratzea bihurtu dela tabu, ez dakit itxurakeriak gainditu gaituelako edo kritika modu naturalean egiteko abileziarik ez dugulako.
Okerra da gure ikasleei beti haien gustuko diren liburu irakurterrazak eskaintzea, baina neurri berean da okerra beren kezketatik eta interesetatik urruti dauden liburuak irakurraraztea behin eta berriz. Ez gaitezen alde batera edo bestera tiraka aritu, ezinda eta bazindaka. Literaturak ez dauka zuria edo beltza izan beharrik; izan ere, zein beste arte adierazpide da gai milaka koloredun paisaje irudikatzeko, soilik zuria eta beltza konbinatuz?
Atzo bertan zera aipatu zidan ikerlari batek: badela estatu espainiarrean Lehen Hezkuntzako umeen arteko lehiaketa bat, non umeek beren literatur ekoizpenak egiten dituzten. Bada, euskal haurrek idazten dituzten istorioak lauak izaten omen dira, istorioen aldetik batere berritasunik gabeak, egitura klasikoa dutenak denak... Azterketa sakonagoa behar genuke ondoriorik ateratzeko, baina bederen, hausnartu beharko genuke irakurrarazten dizkiegun liburuen gainean. Eta plano orokorragoan, hausnartu beharko genuke literaturak hezkuntzan duen presentziaz eta presentzia horren kalitateaz.
Literaturarekin gotorleku bat egin dugu, gizakiari gutxiegitan begiratzen diona. Itxaropena badut klaustrofobialiterarioa hedatuko dela noizbait...
Literatura. Hirudia
Klaustrofobia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu