Literatura. Haur eta gazte literatura. 'TXAN FANTASMA'

Klis-klasikoak

2012ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Egilea: Mariasun Landa.

Ilustratzailea: Jon Zabaleta.

Argitaletxea: Elkar.

Txan fantasma berrargitaratu dute Galtzagorri elkartearen ekimenez Klis-klasikoak bildumaren barruan.

Haur literatura sustatzeko ardura duen elkarte horretako kideek lau titulu aukeratu dituzte lehen urrats gisara, guztiak 80ko hamarkadan argia ikusitakoak. Albistearen garrantziaz jabeturik, BERRIAko igandeetako haur literaturaren kritikarako txoko honetan ez dugu aukera galdu nahi izan, eta urtea hasi zenetik jada egin dugu bi klasikoren aipamena: Pinotxoren abenturak, urtarrilaren 15ean, eta Indianoa, urtarrilaren 29an. Hurrengo baterako gorde dugu laugarren titulua, Anjel Lertxundiren Maria Goikoak batbirulau! liburuaren kritika.

Gaurko aukeratu dugun liburuaren aurreko gertakariak aipatzearren, esan, Mariasun Landak Zarauzko udalak antolatzen duen Lizardi saria irabazi zuela obra honekin, 1982an. Bere bibliografia zabalaren lehen argitalpena ez bazuen ere, idazlan honen bidez hartu zuen bere lekua Landak euskal letretan, garai hartan kalitate handiko obratzat jo zena eta idazlea aintzat hartzeko egileen zerrendara igo zuena.

Orduz geroztik gai konplexuak era sinple eta grafikoan azaltzeko abilidadeagatik egin da ezagun Mariasun Landa, eta, lan honekin, bere ildoa izango zenaren lehen mugarria ezarri zuen. Ondoren etorri ziren Iholdi bilduma edota Krokodilo bat ohe azpian lanak, horiek ere sari askoren jabeak, bai gurean eta bai nazioartean ere.

Txan fantasma liburu irakurterraza da, baina ez da lehen irakurleentzako obra. Lantzen den gaiak eta istorioaren garapenak distantzia bat gordetzen dakien irakurlea behar du, eta baita protagonistaren gorabeherak ulertu eta berekin bizitzeko gaitasuna edukitzea ere. Horregatik, haurtzaroaren amaieratik edota nerabezaroaren hasieratik aurrerako jendearen artean aurkituko du irakurle egokia liburu honek.

Kontaketaren ardatza Karmentxu deitzen den neskato baten bizitzako gorabeherek osatzen dute. Senide ezagun bakarra izeba Edurne du, emakume arduratsua —ipurterrea akaso— eta haurrekin harremanak izateko gaitasun gutxi erakusten duena. Hala ere, Karmentxuk bere irudimen handiarekin estaltzen du bizi duen bakardadea. Istorioaren narratzailea Txan fantasma da, fantasma berezi bat, gainerako fantasmekin egon nahi ez duena. Liburuak bi planotako irakurketa eskaintzen digu hasieratik. Batetik, Txan fantasmaren ahotik esaten zaiguna dago; bestetik, irakurleak interpretatzen duguna. Bi bertsioen artean dagoen alde nagusia Karmentxuren jokabidearen diagnostikoan dago. Txanek irakurketa xaloa eskaintzen digu, irakurleok, gure esperientzian oinarriturik, Karmentxuk bere buruarekin arazoak dituela ondorioztatuko dugu. Halere ez pentsa ariketa oso zaila jartzen zaigunik, istorioaren amaieran dena argituko baitigu idazleak.

Liburuan zehar agertzen den giro tristea eta ezohiko amaiera ez dira kasualitatea. Edizio berri honen sarreran idazleak aitortzen digunez, «ipuin diferentea egiteko gogoa» zuen. Landak «bakardadea, kariño falta, lagun imajinarioarena...» mahai gainean jarri zituen orduko euskal letretan jauzi kualitatibo bat eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.