IRAGANEKO MAMUAK
Arratek amaren etxera joan behar izan du aste berean bigarren aldiz. Bizilagunak soinuak entzuten omen ditu hutsik dagoen etxean. Zerbait gertatzen ari dela han goian. Norbait dabilela. Udaltzainei deitzen die laguntza eske egunean pare bat aldiz.
Eta, tarteka, Arrateri ere bai. Ama hil zenetik harena delako etxea.
Banan-banan begiratu ditu leihoak Arratek. Ondo itxita daude denak. Ez da ateekin hasi. Badaki haiek ere ondo itxiak daudela. Ez du konprobatu zaharra.
Amaren ohe handian eseri da. Gabardina eta lepokoa erantzi, eta mesanotxeko Ama Birjinari begira egin ditu minutu batzuk. Gero, jiratu egin du, bizkar emanda utzi du. Sakelakoa hartu eta etzan egin da.
—Kaixo, momentu ona? Amaren etxean nago. Ez, ez nabil egunez nahastuta. Lasai. Bizilagunak, soinuak entzun omen ditu berriz ere. Udaltzainei deitu die. Horregatik etorri naiz. Leihoak ondo ixtera. Iraganeko bere fantasmak, badakizu...
Azken esaldiarekin batera azaldu da Begoña, bere ahizpa bakarra, logelan. Arrate ez da konturatu. Belarrian jarria du arreta osoa.
—Bai, nik ere joan beharra daukat. Bihar. Bai. Nola ahaztu biharkoa?
Irribarrea izoztuta geratu zaio Begoña ikusitakoan. Telefonoz bestaldekoa agurtzeko beta hartu du, hala ere, ahotsa aldatu gabe. Begiak talo.
—Nik ere bai.
Zutitu egin da gero.
Ez da ahizparengana hurbildu.
ZER EGITEN DUZU ZUK HEMEN?
Isilik egon dira pixka batean. Bi ezezagun bezala. Galderaz hautsi du isiltasuna Arratek.
—Zer egiten duzu zuk hemen?
Begoñak barkamena eskatu dio tupustean azaltzeagatik. Ez zuela beldurtu nahi. Arratek ez dagoela beldurtuta. Harrituta bai. Jakin nahi du zer arraio egiten duen bere ahizpak, ahizpa bakarrak, amaren logelan, hogei urtez desagertua egon ondoren. Jakin nahi du nola sartu den amaren etxean, ze asmorekin. Jakin nahi du zer demontre egiten duen han, bere parean, amaren hiletara agertu ere egin ez zenean.
Begoñak ez dio erantzun zehatzik eman. Pena adierazi dio. Pozik ez duelako sumatzen ahizparen jarreran. Eta halaxe esan dio:
—Ez zara asko poztu.
—Ez zintudan espero —ihes egin dio Arratek.
—Ez diot inori esan etortzekoa nintzenik —zuritu du bere burua Begoñak.
—Zure estiloan. Joan zinenean ere ez zenion inori ezer esan —lehor, Arratek.
Ez dirudi hogei urtez elkar ikusi gabeko bi ahizparen arteko elkarrizketa. Edo bai. Hogei urtez elkar ikusi gabeko bi ahizparen arteko elkarrizketa dirudi. Hogei urtez esan ezinak bat-batean nola esan asmatu ezinik ari den ahizpa parearen elkarrizketa.
Arratek ez du ezintasunetan galdu nahi. Ez du onartu nahi bizitza bete galdera daukala Begoñari egiteko. Bakarra egin dio boz goraz.
—Zertara etorri zara?
Bere burua entzundakoan jabetu da ez dela oso galdera adeitsua. Konpontzen saiatu da berandu baino lehen. Nola Brijidak udaltzainei deitzen dien etengabe etxe hutsean entzuten dituen soinuengatik kezkatuta. Eta nola hura lasaitzeko etortzen den tarteka, han soinu arrarorik ez dela uler dezan. Etxe hutsaren berezko soinuak besterik ez.
Brijidaren aipamenak irribarre eginarazi dio Begoñari. Bere burua txiki ikusi du, ahaztua uste zuen garai batean, aspaldi, oso aspaldi. Eta Brijidaren ahotsa entzun du, neska koxkorrak etxera gonbidatzen eta egunen batean Ama Birjinaren sekretuak kontatuko dizkiela hitz ematen.
—Bizi al da oraindik?
Baietz Arratek. Bizi dela oraindik. Eta igual-iguala dagoela.
Tokia izango dela, txantxa egin nahi izan du Begoñak. Denak igual-igual jarraitzen duen tokia.
—Mototsa ere neurri berekoa daukazu!! —irribarre txikiz ahizparena seinalatuz—. Ilea bilduta! Aurpegia bistan!
Kopeta garbi! Ez dezala inork pentsa ezkutatzeko ezer daukagunik, ezta?
Arratek minutu batzuk behar izan ditu iraganeko hotsei ihes egiteko.
—Lanerako erosoagoa da bilduta. Isiltasunak hartu du berriro logela.
Hitzek ere nekez urratzen duten isiltasuna.
—Zure zain egon nintzen hiletan —aitortu dio Arratek—. Sinetsita nengoen azalduko zinela —burumakur—. Zuk ere ama zenuen.
Begoña saiatu da argibideak ematen. Beranduegi jakin zuela. Urrutiegi. Nahita ere ezingo zukeela hileta elizkizunera iritsi. Baina orduantxe hasi zela itzulerarekin serio pentsatzen. Horregatik dagoela hemen.
Arratek eten dio zuritze ariketa. Jende asko hurbildu zela. Aitaren aldeko senideak ere bai. «Agur, Jesusen Ama» kantatzeko eskatu ziola koruari.
«Detaile polita» esan dio Begoñak. Eta, «detaile» hitzari eutsita, beste detaile asko daudela konpondu beharrekoak, Arratek.
—Hemen naukazu.
—Baina orain nik daukat joan beharra. Berandutzen ari zait.
Joan baino lehen, «hemen» horren esanahia zehaztea nahi du Arratek. «Hemen» amaren etxea ote den. Edo jaioterria. Edo zer demontre.
—Hemen nago. Ez naiz mamu bat —erantsi du Begoñak. Eta ondoren zehaztu, gehiegi zehaztu gabe, gela bat hartua duela. Ez kezkatzeko beregatik.
Arratek gabardina jantzi du. Badoala esateko beste modu bat da.
Joan baino lehen, Begoñak jakin nahi du zer moduz ote dagoen.
—Ondo. Umeak zoragarri —erantzun dio Arratek.
—Eta zu?