Koadrodun atorrak eta kamiseta beltzak

Musikazale gazte, heldu eta familia osoak elkartu dira Bilboko BBK Live jaialdiaren lehen egunean, Kobetamendin. Seigarren aldi honetako egitarauan antolatzaileek bildu duten eskaintza zabalaren lekuko.

Neon Trees taldeak zabaldu zuen BBK Live jaialdia, ehunka lagunen aurrean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Bilbon, arratsaldeko lehen ordutik sumatzen zen BBK Live jaialdia hastear zegoela. San Mamesen eta Barakaldoko BEC erakustazokan jarritako autobus zerbitzuetan sartzeko zain zeuden ehunka lagunak horren adierazle ziren. Zuri-gorriz jantzitako kuadrilla batek gogorarazten zuen atzokoa San Fermin eguna zela. «Iruñera joan aurretik, jaialditik igaroko gara», zioten. Baina Kobetamendin ez zen Riau-riaurik kantatu, bestelako doinuak baizik.

Autobusaren barruan, lagun talde bat Coldplay taldeak urte bukaeran argitaratu behar duen disko berriaren aurrerapen kantua marmarrean abesten ari zen, Every Teardrop Is A Waterfall, hain zuzen ere. «Uda honetan zuzeneko batzuetan kantatuko omen ditek...», zioen horietako batek. «Plagioa omen duk. Mystic taldearen Ritmo de la noche kantuan oinarrituta zegok Coldplay-ren berria, baina tira! Berdin ziok, kantua ederki zegok eta!», erantzun zion lagunak.

Jaialdiaren gunera inguratu ahala, talde ingelesaren kamisetak gailentzen ziren, laukotearen etorrerak sortu duen ikusminaren lekuko. Hala ere, koadrodun ator, kamiseta beltz eta orrazkera askotarikoak ere ikus zitezkeen. Adinean ere alde handiak zeuden. Gazte kuadrillak, gaztetasuna urrunago zeukatenak, eta familia osoak ere ikus zitezkeen, gurasoek seme-alabei musika lezioak eman nahiko balizkie bezala —edo alderantziz—. Gustu eta adin guztietako musikazaleak inguratu ziren, beraz, jaialdiaren estreinako egunera.

Jaialdiko lehen akordeak

Neon Trees talde estatubatuarrak eman zion hasiera jaialdiari, 17:45ean puntuan. Rock melodikoan oinarritutako laukoteak gogotsu ekin zion emanaldiari, egoerak hala eskatuta. Izan ere, kontzertuen gunera inguratzen ari zen jendea elkartzeko lan nekeza zeukaten. Habits diskoko Animal eta Star a Fire kantuei esker ordea, euren lana txukun bete ahal izan zuten.

Pop doinuak etorri ziren ondoren, Ken Zazpi gernikarren eskutik. Ortzemugak begietan euren azken diskoan soinu berrien bila jo dute, ukitu anglosaxoiak eurenak eginez. Kantu horiek dagoeneko mitiko bihurtu diren abesti ezagunekin uztartu zituzten, eta, beste behin ere, ikusleen harrera beroa jaso zuten.

Russian Red izenpean etorri zen Lourdes Hernandez ezpain gorridun madrildarra. I Love Your Glasses diskoaren freskotasunak eman zion sonak bultzatuta, Fuerteventura lan berria aurkezten ari da egun bakarlari espainiarra. Freskotasun hura heldutasun bihurtu bada ere, ikusleek gogoz dastatu zituzten Russian Reden doinuak.

Ilunabarrarekin batera heldu zen The Twilight Singersen emankizuna. Afghan Whigs-eko lider ohi Greg Dulliren proiektuak rock eta soul doinuak eraman zituen Kobetamendira.

Ondoren etorri ziren Liam Gallagherren Beady Eye, Blondie mitikoa, Coldplay zerrendaburua eta Crystal Castles kanadarren kontzertuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.