Kritika. Musika

Koherentzia lezioa

IbonRg-ren 'Iaquin Vahu' diskoa.
Andoni Tolosa.
2024ko apirilaren 28a
05:15
Entzun

IBON RG

'Iaquin Vahu'
Diskoetxea: Repetidor.

Uste dut atzetik aurrera idatziko dudala iruzkin hau, eta bukaerarako utziko dudala, berez, sarrera behar zuena. Horregatik, lehenik eta behin, aipagarria da, entzun ondoren, disko honek utziko dizun arrastoa. Horretarako, pazientzia apur bat eman beharko duzu trukean, eta irudimena suspertzeko ariketa txiki bat egin: begiak itxi, eta etxeko igogailua denboraren makina bihurtu dela imajinatu. Hori aski izango duzu Iaquin Vahu honen mamiarekin jabetzen hasteko. Artista sestaoarrak erronka kontzeptual/artistiko/musikalei aurre egin eta onik ateratzeko duen ausardiaren beste erakustaldi bat da, non, bide zailetik joanda, entzulea harrapatzeko duen trebeziaren erakustaldi berri bat ematen duen.

Dena dela, entzuten hasi baino lehen, komeni da kontuan hartzea Ibon RG-rentzat hitzak eta musika nahasketa azertatu baten emaitza baino gehiago dela kantua. Besteak beste: grabazio-modua, horretarako erabiltzen den lekua, unea, tresnak... denak dira garrantzitsuak, eta guztiak behar du koherentzia bat. Koherentzia horri esker, Iaquin Vahu hau entzun ahala, etxeko gela batean (Amore gogorraren deespita), zelai batean zuhaitz baten gerizpean (Amorosen gaztiguya), edo katedral batean zaudela sinetsi ahal izango duzu (Emazten favore). Koherentzia horrek kantua sendotu, gorpuztu egiten du, eta hari esker, entzutea esperientzia sentsorial osoagoa bilakatzen da. Komeni da gogoratzea.

Horretaz gain, esan beharra dago iturritik ahalik eta hurbilen jotzeko ohitura miresgarria duela musikariak, eta alde horretatik ikusita, zakarkeria edo gordintasuna irudiko lukeena erroekiko eta apustu estetiko eta ideologikoarekiko fideltasun mota bat dela. Konpromiso horrek bultzatuta zeharkatzen ditu estilo eta joera musikalak, batzuetan kantu berean: musika garaikidea (Amoros secretuqui dena), kantaera tradizionala (Amorosen partizia), dream-pop moduko bat (Amorosen disputa). Baina, zalantzarik ez, herri-musikarena da disko honetako pultsio nagusia; jakina, ahotsetan, eta baita ere, pentsatu baino lirikoagoak gertatzen diren melodietan. Zeren eta, hori melodia puskak dauden disko honetan, erreparatu ongi. Edozein modutan, musikariaren boza da protagonista nagusia, pianoaren zein bestelako teklatuen laguntza hutsarekin gehienetan.

Eta, orain bai, orain sarrera. Ibon RGk 500 urte atzera egin du eta Mosen Bernat Etxepareren Linguae vasconum primitiae, ia osoa, musikatu du. Disko-liburuak hamasei kantu ditu eta ia 80 minutu irauten du... Ulergarria da azalpen hau zergatik utzi dudan amaierarako, ezta?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.