Koiotea etxekotzeko erak

Naturaltasunaz eta hizkuntza komun baten beharraz aritu dira Iruñean Rafael Moneo eta Eduardo Souto de Moura arkitektoakLanbidearen aldarrikapena egin dute Pritzker saria jasotako bi sortzaileek

Rafael Moneo, Luis Fernandez-Galiano eta Eduardo Souto de Moura arkitektoak. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ideiei harrien sendotasuna ematea. Ez da alkimia erraza arkitektoena, eta espero gabeko ezuste eta trabaz beteta egoten da askotan planotik eraikinerainoko bidea. «Koiotea etxekotzea» deitzen dio prozesu horri Eduardo Souto de Moura arkitekto portugaldarrak (Oporto, 1952), eta, dioenez, modu bakarra dago hori lortzeko: «Eraikinarekin eta eraikinean bizi beharra dago». Urteak daramatza langintzan, eta badu nahikoa aitortza xalo aritu ahal izateko. Pritzker saria jaso zuen iaz, esaterako, eta diziplinaren defentsan mintzatu zen atzo Iruñean Baluarte jauregian Gizartea eta Arkitektura II. Nazioarteko Kongresuan emaniko hitzaldian. Ez zen bakarrik aritu lanbidearen alde; Rafael Moneo arkitekto nafarra izan zuen ondoan (1937, Tutera). Hura ere 1996an Pritzker saria jasotakoa.

Autokritika gordina. Berak eraikitako etxe batean bizitzen hasi zenean baztertu omen zuen bere ibilbide hasierako idealismoa, eta «naturaltasuna» du orain helburu Souto de Mourak. Onartzen du, ordea, asmo horren berezko kontraesana: «Naturaz, naturaren aurkakoa da arkitektura. Nire lana artifizialki naturala izatea nahi nuke. Badira arkitektoaren izena galtzen duten eraikinak; egilearenak izan beharrean, gizartearenak bilakatzen dira. Pisako dorrearen arkitektoa ez zaio inori interesatzen, Akropolia Atenas hiriarena da... Gizarteak erabakitzen du lekua hobe todagoela eraikin horrekin, eraikin hori gabe baino. Bere egiten du, eta natural bilakatzen da».

Bere sorterrian egindako bi proiektu jarri zituen naturaltasun asmo horren adibidetzat arkitektoak. Eraikinen eta inguruaren iragana baliatzearen alde aritu zen bietan, baina ez itsu jokatzearen defentsan. «Ez zait gustatzen ezer sakralizatzerik. Egin behar da lana, eta egin behar da ongi, baina ez dira hartu behar eraikinak ukiezinak diren birjinen modura». Errespetuz, baina ausart, hala jokatu zuen Portoko metrorako egindako lanean, eta baita Tavira hirian dagoen moja bernardarren komentua izandakoan egindako zaharberritzean. Testuinguruarekin lotuta daude bi proposamenak. Inguruaren eta eraikinaren arteko etenik gabe. Tradiziozko arkitekturak erabilitako materialak erabiliz, eta eraikinaren historiak eskainitako geruzak baliatuta. «Bi proiektu horietan saiatu nintzen ez bortitz jokatzen; ez nuen diseinu ariketa bat egin nahi».

Denboraren metaketaz aritu zen Moneo. «Denboraren esekigailua da arkitektura». Eraikinetan pilatzen diren garai ezberdinen aztarnez ari zen. «Arkeologismoa» baztertu beharra azpimarratu zuen, esaterako. Gehiegizko liluraz ahaztearen garrantzia. Hori omen, gainera, Souto de Mouraren lorpenik handienetariko bat. «Eraikinek duten iragan karga ulertzen du, eta erabili egiten du, baina hori guztia jaso, eta zerbait propioa egiten du gero, denari unitate zentzu bat emanez». Berriz ere lirikara jo zuen Moneok portugaldarraz miresten zuena deskribatzeko: «Haren tolerantziaren erradikalismoa egiten zait erakargarrien».

Ibilbide luzea du bizkarrean tuterarrak, baina bere egungo kezka arkitektoniko nagusiaz galdetuta, asmatu zuen erantzuna motz xamar ematen: «Eraikinak hirian kokatzeko duen modua da interesatzen zait orain. Behin eraikita dagoenean, haren ingurua nola aldatzen den ikustea. Bada denbora kontestualizazioaren kontzeptua lantzen gabiltzala, eta esango nuke hori dela diziplinaren joko arauak zabaltzeko bidea». Eta, hain zuzen, ere hori da Iruñeko unibertsitate pribaturako diseinatu duen museoaren helburua. Eraikuntza lanetan da oraindik, baina «hiriaren eta unibertsitatearen arteko loturak estutzen laguntzea» da xede nagusia, arkitektoaren hitzetan. «Hiria da sortzen ditugun eraikinen markoa, eta gero eta gehiago interesatzen zait nire lanek hartan duten eragina ikertzea».

Hizkuntza batasunaren kezka

Halere, hizkuntza izan zuen Moneok hizketa gai nagusia atzo. Arkitekturaren hizkuntza, zehazki. Lanbidearen aldarrikapena egin zuen, eta, hain itxura heterogeneoa duen arkitektura garaikidean elementu komunik ba ote den galdetu zion bere buruari. Historiara jo zuen: ordena klasikoak, Lehen Mundu Gerra osteko abangoardiak bere buruari ezarritako hizkuntza berriak sortzeko beharra, Le Corbusier arkitektoaren proposamenak, eta geroko erabateko haustura. Adibidez adibide egin zuen ibilbidea nafarrak. Koloma doriarretatik hasi, eta ezinezko formak dituzten azkenaldiko eraikin ikusgarrietara. Azaleko ezberdintasunen peko batasun baten bila, betiere. «Ba al dago partekatutako hizkuntza bat gabe bizitzerik?».

Aitortu zuen bere hitzen nostalgia hotsa arkitektoak, baina zehaztapena egin zuen gero. «Ez dut uste hizkuntza komun horren bila joan beharra dagoenik, besterik gabe jakin behar da hizkuntza hori kontuan hartzen duten arkitektoen lanak esker onekoak direla. Nik neuk nahiko lan heterogeneoak egin ditut, eta malgua izan naiz proiektu guztietan. Hala eta guztiz ere, esango nuke, badagoela zerbait komuna lan guztien atzean». Izan ere, kasuan kasu lan egiten duen arkitektoa da Moneo.

Gehiegizko espezializazioaren aurka lerratu zuen Souto de Mourak diziplinari buruzko bere gogoeta. Moneok baino xeheago. «Arkitektoak ez du jakiten askorik ezeri buruz, baina denari buruz jakin behar du pixka bat. Espezializazioak hil egiten du arkitektura. Badira eraikinen barnealdeetan espezializatutako arkitektoak, eta zer dakite egiten? Leihoak egiten dituzte!». Aitortu zuenez, arazoak ere baditu orokortasun horrek. Portoko metroko lanak hartu zituen gogoan Souto de Mourak. Umoretsu: «Bi urtez aritu nintzen han lanean, eta kostatu zitzaidan han zebiltzanen errespetua lortzea. Denak ziren ingeniariak, eta esaten zidaten 'zuk erabaki baldosen kolorea, ados?'». Irri egin zuen gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.