Koktel bat, birigarroak eta botere harremanak

Patxi Larrionek 'Feriatzaileak' lehen nobela plazaratu du. 1960ko urteen bukaerako Iruñean kokatu du, «amerikanoak» 'Patton' filmatzera etorri zirenean. Lapurreta baten istorioa du ardatz, elkarrizketa biziz horniturik

gorka erostarbe leunda
Donostia
2016ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegian, feriatu aditzak zenbait adiera ditu: erosi nahiz saldu, besteak beste; gaztelaniaz, existitu ez ezik, bizirik dagoen aditza da; Nafarroako hainbat herritan, esaterako. Lehen liburua du plazan, estreinakoa. Formazioz historialaria da, baina kazetari lanetan —Argia-n, besteak beste— eta kulturgintzan —Iruñean, batez ere— jardun du orain artean Patxi Larrionek (Bergara, Gipuzkoa, 1964). Feriatzaileak nobela plazaratu du orain, Susarekin. Eta, plazara agertzearekin batera, hitz berri bat eskaini dio euskarari; izenburuak berak azaltzen duena, hain zuzen ere. «Feriatu bai, baina feriatzaile ez zegoen orain artean. Orain bai». Feriatzailea nor den jakiteko «liburua irakurri beharra» dagoela adierazi zuen Larrionek, atzo, Donostian egindako aurkezpen ekitaldian. Izan ere, zaila egiten zaio hitz zehatzez adieraztea. «Feriatzaile baten aurrean nagoelarik, antzematen dut berehala. Liburua idazten konturatu naiz nire bizitzan hainbat feriatzaile ezagutu ditudala».

Maleta zahar marroi bat alboan hartuta aurkeztu zuen nobela, liburuaren azalean ageri den maleta bera. Kosta zitzaion, baina azkenean ireki zuen maleta, eta barnean zeuden billete sortak erakutsi ere bai. Hala girotu zuen aurkezpena. «Lapurreta batzuen istorioa» da Feriatzaileak, egilearen hitzetan. «Kontua da nork nori zer lapurtzen dion».

Liburua 1969ko udaberrian kokatua dago, Iruñean. Patton film estatubatuar sonatuaren azken eszenetako batzuk Urbasan eta hiriburuan filmatzen ari dira. Maisonnave hotelean ostatu hartuta daude amerikanoak, eta haientzat zerbitzu lanetan ari da nobelako protagonista, Martin Galdeano kazetaria, bere adiskide Luis Urrarekin batera. «Gazte hauek aukera ikusiko dute negozioa egiteko...». Kontu ekonomiko bat da abiapuntua, baina «kontu politiko» bat ere bada sakonean: «Ahulak indartsuago den bati lapurtzen dio. Baina, kasu honetan, ahula den horrek bilatzen du zinez indartsua den baten laguntza lapurreta hori egiteko. Botere harremanei buruzko istorio bat da, hortaz. Botere harreman horiek nola trukatzen diren azaltzen ahalegindu naiz». Iñigo Aranbarri idazle eta Larrionen adiskideak zehaztu zuen kontua: «Patxiri istorioak gustatzen zaizkio, baina jendea elkarrekin nahasi eta galtzen diren istorioak. Pertsonaia guztiak dira biziak eta bizi zaleak. Birigarro jendearen istorioa da, pájaro-ena, arrain jendearena. Baina ezin liteke birigarroen arteko abenturara mugatu. 1960ko hamarkada amaiera da, dirua mugitzen hasi da. Kontsumoa. Eta aukera ona ikusi du Larrionek, lapurren klabean, oraindik desegin ez den gizartearen argazki bat egiteko».

Koktelak piztu zuen idazlea

«Memoria ariketa bat» izan da nobela idaztea Larrionentzat. Bergaran jaioa izanagatik, haur zenean Nafarroarako bidea sarri egiten zuen, gurasoak Etxauri herrikoak baitzituen. Haurtzaroko Iruñea hura, eta bereziki Urbasa mendatea, zinemarekin lotzen du oraindik ere —Patton-ez gain, Cromwell filma ere Urbasan filmatu zuten urte berean—. 1971koa du Patton filmaren inguruko lehen oroitzapena, zinema aretoetan estreinatu zenekoa. Baina, geroago, «lagun min batek» Patton koktelaz hitz egin zion: «Maisonnave hoteleko barman-ak, 1969an berean, filmaketa urtean, koktel bat aurkeztu zuen Nafarroako txapelketara Patton izenarekin, eta hirugarren geratu zen. Zerbitzariak hori eskaini nahi izan zien amerikanoei. Hori jakitean piztu zitzaidan argia: koktela izan da gasolina, idazteko behar nuen gasolina».

«—Vodka! Hori da koktel horrek behar duena!—. Barraren izkinatik zetorren gaztigua. Hara itzulikatu ziren Martin eta Luis. Gizon luzanga bat zen, zigarreta ezkerreko eskuan, kopa eskuinekoan». Hori du hasiera Feriazaleak nobelak: «Asko edan eta jaten da nobelan, eta ondo edan eta jan, gainera. Nik idazteko behar izan dudan gasolina koktela izan bazen, pertsonaiek darabilten bizimoldea aurrera eramateko asko edan eta jan behar dute».

Astebeteko epean gertatzen da istorioa, apirilaren 29an hasi eta maiatzaren 5ean bukatu. 200 orri pasatxoko nobela da, 34 kapitulutan banatua. «Elkarrizketak bideratzen du trama, bizitasun harrigarri batez; jukutriak eta sekretuak, anbizioa eta traizioa, adiskidantza eta desira ditu gaiak», Gorka Arrese Susa argitaletxeko editoreak azaldu zuenez.

Lehen nobela izanik, «dibertimendu» gisa hartu du Larrionek: «Oso ongi pasatu dut. Baina, dokumentazio lan izugarria egin dut, edo niri hala iruditu zait behintzat. Pertsona edo leku izen bat jartzeko, askotan liburu oso bat irakurri dut». Lauzpabost hilabetean idatzi zuen buruan zerabilena, «egunero bostetan jaiki eta loari pare bat ordu kenduz; ondoren lanera joaten bainintzen». Hala ere, idazketa prozesuak balio izan zion, besteak beste, Etxauriko familiako etxean hilabete pasatzeko: «Herri txiki bateko bizitza egin nuen, eta ederra izan zen esperientzia. Besteak beste, bertakoekin feriatzeko aukera izan bainuen, izebekin eta...», barre artean berak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.