Pekingo MA Studio-k euskal sortzaileen lanak sustatu nahi ditu Txinan —zentro horretan lan egiten du, adibidez, Judas Arrieta artista hondarribiarrak—. Horretarako, Etxepare Institutuaren laguntzarekin, Goazen Txinara! programa antolatzen du urtero, eta arte garaikidearen edozein arlorekin edo diziplinarekin lotura duten bi proiektu aukeratzen ditu programaren epaimahaiak. Liu Xing komisario independente eta Eskola Berdea taldeko partaideak, Jiang Da Hai Pekingo Central Acedemy of Fine Arts-eko pintura abstraktuko irakasleak eta Arrietak berak osatu dute epaimahaia. Aurten, egitasmoaren laugarren aldian, Koldo Almandozen (Donostia, 1973) eta Ismael Iglesiasen (Durango, 1974) proiektuak hautatu dituzte. Hartara, datorren abuztuaren 1a eta irailaren 30a bitartean proiektu horiek garatuko dituzte MA Studion.
Dragons, dungeons and chinese tales... dauka izena Iglesias margolari eta artista multidiziplinarraren lanak. Almandoz zinemagilearenak, aldiz, Ipuin Txinatarrak. «Proiektua nahiko irekia dela esango nuke. Malgua. Izan ere, oraindik ere ez dakit zer aurkituko dudan hara iritsitakoan», adierazi du Almandozek. «Han egindako egonaldian ikusten dudanak, sentitzen dudanak, zerikusia edukiko du azken emaitzan». Baina proiektuak badauka ildo bat. Almandozek errealitatea eta fikzioa «nahastu» nahi ditu Ipuin Txinatarrak egitasmoan. «Bi kontzeptu horiekin jolas egitea da nire asmoa». Hori bideratu ahal izateko, Txinan egindako lehen filmen izenak hartu ditu. Ile apaintzailea, Zaharra eta berria,Jainkosa, Txori berdea, Fruta saltzailearen erromantzea, Urrezko enara.... «Denetarik dago, baina aukeratutakoen artean zaharrena 1920ko hamarkadakoa da». Filmeen izenak «kontuan hartuta», horien «berrirakurketa bat» egitea da zinemagilearen intentzioa. «Betiere atzerritar batean ikuspegitik».
«Hango» aktoreren batekin lan egin nahi du zinemagile donostiarrak. Aldi berean, «lokalizazio jakin batzuk» erabili nahiko lituzke. Haren asmoa da «bat-batean» filmatzea , eta «atal ezberdinak» egitea. «Pieza txikiak izango dira, baina printzipioz lotura izango dute haien artean. Dela pertsonaiarengatik, dela lokalizazioarengatik...». Almandoz sekula ez da Txinan egon. «Gainera, inoiz ez nau gehiegi erakarri». Halere, horrek berak «interesgarriagoa» bihurtzen du proiektua, egilearen ustez. «Hango kulturarekiko, hizkuntzarekiko edo bizimoduarekiko nire esperientzia ezak apur bat beldurtu nazake, bai, baina iruditzen zait horrek erakargarriagoa bilakatzen duela nire egitasmoa».
57 proiektu aurkeztu dira guztira, eta Iglesiasek edo Almandozek huts egiten baldin badute, Zuhar Iruretagoienaren W.R. Dibujos Imantados eta Amaia Arrazola Otaduiren Amaia was here aukeratu dituzte ordezko proiektu gisa. Urtearen amaieran, Pekingo erakusketa areto ezagun batean erakusketa bat egingo da Iglesias eta Almandozen lanekin.
Koldo Almandoz eta Ismael Iglesias aukeratuak, Goazen Txinara! programarako
Bi hilabete pasatuko dituzte Judas Arrietaren Pekingo estudioan, bakoitzaren proiektua garatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu