Joseba Lakarra eta Iñigo Ruiz Arzalluz irakasleek prestatu, eta EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Koldo Mitxelenaren idazlan guztiak argitaratu dituzte, hamabost liburukitan bilduta, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
Mitxelenaren testu guztiak biltzen ditu argitalpenak: egileak bizi zelarik bere izenez sinatuak, izenaren laburdurez sinatuak zein ezizenez sinatuak. Horretaz gain, Mitxelena hil eta gero argitaratutako zenbait idazlan ere jasotzen dira. Guztira, zazpi mila orrialde dituzte hamabost liburukiek.
Lehen hamalau liburukietan jaso dituzte haren idazlanak; azken liburukiak, hamabosgarrenak, haren bibliografia osoa jasotzen du, aurreko liburukietako aurkibide guztiekin batera.
Gaien aldetik honela sailkatuta daude testuak:
- lehen liburukian, hizkuntzalaritza historikoko idazlanak.
- bigarrengoan, euskalaritzatik kanpoko hikuntzalari lanak.
- hirugarrengoan, hizkuntza paleohispanikoei buruzkoak.
- laugarrengotik bederatzigarrengora bitartekoetan (biak barne), euskararen hainbat alderdi sinkroniko eta diakroniko jorratzen dituzten artikuluak.
- hamargarrengoan, hizkuntzaren batasun prozesuari buruzkoak.
- hamaika eta hamabigarrengoan, XX. mendera bitarteko euskal testuen inguruko ikerketa eta argitalpenak.
- hamahirugarrengoan, XX. mendeko euskal testuei buruzkoak.
- hamalaugarrengoan, testurik pertsonal eta polemikoenak.
- hamabosgarrenak, haren bibliografia osoa jasotzen du, aurreko liburukietako aurkibide guztiekin batera.
Koldo Mitxelena (Errenteria, 1915-Donostia, 1987) XX. mendeko euskal hizkuntzalaririk garrantzitsuenetakoa izan zen, eta euskara batuaren sortzaile eta bultzatzaile nagusietakoa. Hizkuntzalaritzatik landa, kulturaren inguruko askotariko lanak argitaratu zituen; literaturari eta zinemari buruzkoak, batik bat.