Zinema

Koldo Serrak 'Gernika' filma estreinatuko du gaur, Malagan

Bonbadaketaren 79. urtemuga da gaur. [YouTube]https://youtu.be/en0PeUrj8kU[/YouTube]

2016ko apirilaren 26a
10:23
Entzun

Malagako zinema jaialdian estreinatuko dute gaur Gernika filma. Koldo Serra zuzendariaren bigarren film luzea da, eta duela 79 urte izan zen bonbardaketari buruz egin den fikziozko lehenengoa. Serrak berak aitortu du filma egitea proposatu ostean konturatu zela 1937ko apirilaren 26ko tragediari buruzko filmik ez dela errodatu orain arte. Izen bereko dokumental bat badago, 1937an bertan egindakoa. Nemesio Manuel Sobrevillak egin zuen. Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker, gudari buruzko irudirik latzenetariko batzuk grabatu zituen: Gernikako bonbardaketa eta geroko irudiak eta Bizkaitik ihes egitera behartutako umeenak.

Serraren filmak, ordea, ez du gertatutakoa zehatz-mehatz kontatzen, baizik eta gertakizun historikoa oinarri gisara hartutako istorio bat: gertatu zen horren lekuko bakarra den kazetari batena. Drama erromantiko izendatu dute, tartean maitasun istorio bat ere badago eta: Henry (James D'Arcy) AEBetatik iritsitako kazetari bat da, eta Teresa Errepublikako prentsa bulegoko editorea ezagutuko du (Maria Valverde). Aktoreen artean daude Barbara Goenaga, Elena Irureta eta Jon Ariño.

Gernikan eta Bilbon kokatzen da filma. Iaz errodatu zuten, ingelesez, maiatzean eta ekainean, Artziniega, Barakaldo, Bilbo eta Lekeition. Azken herri hori gaur egun 1937ko Gernikarekin duen antzagatik aukeratu zuten bonbardaketaren eszenak errodatzeko. Sei milioi euroko aurrekontua izan du filmak, eta Sony Pictures etxea arduratuko da banaketaz. Besteak beste, Bizkaiko Aldundiak, Bilboko Udalak, Bilbo Ekintzak, Gernikako, Lekeitioko, Barakaldoko eta Atxondoko udalek eta ETBk ere parte hartu dute.

Malagan sail ofizialean lehiatuko da, beste hamalu filmekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.