Koldo Zabala (Getxo, 1936) igandean hil zen, gaixotasun baten ondorioz, eta ostegunean ehortziko dute, Miarritzen, San Martin elizan.
36ko gerratik ihesi, Zabalak Ipar Euskal Herrian igaro zuen gaztaroa, eta, hain zuzen ere, han piztu zitzaion dantza tradizionalarekiko interesa. Oldarra taldearekin hasi zen, 1947an, baina gero Parisera jo zuen, han prestakuntza klasikoarekin segitzeko asmoz, eta Alexandr Volinin eta Yves Brieux-Ustaritze izan zituen irakasle, besteak beste.
Bordeleko Antzokiko balletean dantzari aritu zen, baina 70eko hamarkadan Oldarra taldera itzuli zen, eta dantza taldea erreferente bihurtu zuen urte haietan.
2011n, Mizel Thereten Oroitzen naiz dantza proiektuan aritu zen, Jean Nesprias eta Philippe Oihanbururekin batera.