Harrera beroa izan zuen duela lau urte Zinemaldian Fernando Franco zinemagilearen aurreneko filmak: La herida. Marian Alvarez aktorea saritu zuten, eta Alvarezek berak protagonizatzen du Morir pelikula, Andres Gertrudixekin batera. Koldo Zuazua ekoizleak Zurriolako butaka saioan azaldu du Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldeko hainbat herritan grabatu zutela, baita Santanderren (Espainia) ere. "Pena da filma Sail Ofizialean lehian ez dagoelako", esan du ekoizleak. Zinemaldiaren ostean, urriaren 6an estreinatuko dute pelikula. Handia filmeko ekoizleetako bat ere bada Zuazua, eta banaketaren inguruko xehetasun batzuk eman ditu. Berriki SADE saria jaso zuen Zuazua. "Ez dut gogoko kameren aurrean agertzea, baina sariarekin oso pozik nago". Sitgeseko jaialdian Zuazuak ekoitzitako La zona telesaila estreinatuko dute, eta lan horren inguruan ere mintzatu da.
Saioan, bestetik, Bertha Gaztelumendik Volar dokumentalaz hitz egin du. Indarkeria matxistaren inguruko lan bat da, eta Emakunderen enkarguz egin du Gaztelumendik. Atzo estreinatu zuten Trueba aretoetan, eta Zinemaldian proiekzio bereziak egingo dituzte. Lana Irizar sarirako ere lehian dago, Morir dagoen bezala. Indarkeria matxista jasan duten bederatzi emakumeren lekukotzak jaso ditu Gaztelumendik dokumentalean.
Saio berean, Gaztezulo aldizkarikoek Elkarrekin-together filmaz egindako bideo-kritika eman dute. Halaber, Monica Bellucci aktorearen ibilbideari buruzko bideo bat eman dute. Donostia Saria jasoko du gaur Italiako aktoreak, Velodromoan.
Kritikarien solasaldian, Begoña del Teso eta Gorka Erostarbe aritu dira ikusitako filmeen inguruan solasean.