Kolonbia izango da ardatza

Miarritzeko Latinoamerikako kulturen jaialdia hilaren 25ean hasiko da. Aurten, 26. aldia du

Kolonbiako gatazka aipagai duen Natalia Orozcoren El silencio de los fusiles filma aurkeztuko dute jaialdian. BERRIA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2017ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Kolonbiako errealitateak leku berezia izanen du Miarritzeko Latinoamerikako kulturen jaialdian aurten. Filmak, erakusketak, kontzertuak eta solasaldiak izango dira horren isla 26. jaialdian, eta heldu den astelehenean hasi, eta astebete iraunen du.

Hona, adibidez, Belaunaldi Efektua egitasmoa. Kolonbiakolau filmegile eta zortzi film dituzte biltzekoak bertan, bi belaunaldiren ordezkari. Luis Ospina eta Victor Gaviria dira lehen belaunaldikoak; Ciro Guerra eta Oscar Ruiz Navia, berriz, gazteagoak. Laurak Miarritzera etortzekoak dira. Kolonbiako zinemagintzaren bilakaeraz solasa sortzea da egitasmoaren asmoa. Nola, adibidez, garai batean indarkeriak zinema bereganatzen bazuen, orain, berriz, kameraren eremutik kanpo atxikitzen duten.

Jaialdiko beste zutabe bat Gabriel Garcia Marquez (1927-2014)idazle kolonbiarraren gidoietan oinarritu zinemagintza da. Bost film ekarriko dituzte. Horietako bat Tiempo de morir filma da, bi bertsio dituena. Bata Arturo Ripstein mexikarrak egina, 1965ean. Eta, bestea, Jorge Ali Triana kolonbiarrarena, 1985ekoa. Biak bertsio berrituan dituzte ekarriko Lapurdira. Ekarriko dute baita Del amor y otros demonios ere, Hilda Hidalgo kolonbiarrak egina.

Artetik errateko, film horiek guztiak, bat salbu, gizonek zuzenduak dira. Baina, aldiz, filmegile emazteak ere jaialdian presente izanen direla azpimarratu nahi du filmen selekzioaz arduratzen den Lucile de Calanek. Horien artean, beti Kolonbia aipagai, El silencio de los fusiles filma, Natalia Orozcok egina. 52 urte iraun duen gatazka, barkamena, justizia eta egia ditu galdekatzen bertan. Miarritzera etortzekoak diren emazteen artean, filmegile aitzindarien artean, Valeria Sarmiento dago. Sarmiento txiletarra da. Filmegile berrien sari nagusia eman zion Zinemaldiak 1984an, Notre mariage filmarentzat. Miarritzera La telenovela errante fikzioarekin etorriko da. Raul Ruiz senarrarekin hasi zuen filma, 1990ean. Ruiz 2011n zendu zen, eta bakarrik bururatu berri du.

Jaialdiko ildo nagusia den film lehiaketan ere emazteen presentzia nabarmendu du De Calanek. Bereziki fikziozko filmen lehiaketan. Orain arte dokumentaletan aurkitzen baitziren emazte zuzendari gehienak. Aldi honetan, lehian diren hamar fikzioen artean lau dira emazteek zuzenduak. Dela Kolonbiatik, Natalia Santa, La defensa del dragón filmarekin. Dela Txiletik, Marcela Said, Mariana (Los perros) lanarekin. Dela Argentinatik, Clarisa Navas, Hoy partido a las tres filmarekin, eta dela Brasildik, Juliana Rojas, Marco Dutrarekin egin As Boas maneiras proiektuarekin.

Iragana ulertu nahian

Dokumentalei dagokienez, iragana xeheki aztertzeko bide izaten segitzen duela sailak berresten du aurtengo hautaketak. Andres Luebbertek, adibidez, bere aitaren iragana ulertzeko erabiltzen du kamera. Pinocheten garaiko zerbitzuen atzaparretatik Belgikara ihes egitea lortu zuen aitak. El color del camaleón du lana. El vecino alemán dokumentalean, Adolf Eichmann II. Mundu Gerran juduen deportatzaile aleman naziak Argentinan iragan bere biziko azken urteak dituzte jorratu Rosario Cerviok eta Martin Lijik.

Bada ere Ciro & Yo. Kolonbiako historiaz, baina Ciro Galindoren bizitzatik. 1952an sortua, betidanik gerlari ihes egiten ahalegintzen aritu da. Bere biziak Kolonbiaren historia laburbiltzen duela deritzo filma zuzendu duen Miguel Salazarrek.

Hots, lehiaketan ere Kolonbiak ukanen du bere aztarna. Pantailetatik kanpo, Kolonbiako literaturak ere bere lekua izanen du. Juan Gabriel Vasquez idazle kolonbiarra etorriko da ostiralarekin. Erakusketan, bi artista kolonbiar. Izan ere, Nereo Lopez (1920-2015) argazkilari kolonbiarrak Magdalena ibaiari hartu argazkiek osatuko dute erakusketa. Eta testuak Gabriel Garcia Marquezenak dira.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:

www.festivaldebiarritz.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.