Komikigintzari eta autoari eskaini diete 'Erlea' aldizkariaren bosgarren alea

Juan Carlos Egillor artista donostiarraren irudiak biltzen ditu aldizkariak, omenaldi gisa

Bernardo Atxaga, Gorka Martinez BBK Fundaziokoa eta Andres Urrutia euskaltzainburua, atzo . BERRIA.
Erredakzioa
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Hiru dira Euskaltzaindiak argitaratzen duen Erlea aldizkariaren helburu nagusiak, erakundearen hitzetan. Idazle ezagunen lanak argitaratzea, ia anonimatuan aritzen diren sortzaileen lanak ezagutaraztea eta alde grafikoa lantzea. Azalean ikusten da bereziki lan hori, Bernardo Atxaga idazle eta aldizkariko zuzendariaren hitzetan. Hori izaten da lehen orriaren lana; «artistak eta pintoreak aldarrikatzea». Bereziki pisu handia hartu du aldarrikapen grafiko horrek oraingoan, ordea, eta azaletik edukietara hedatuda. Izan ere, komikigintza da aldizkariko testuak ardazten dituen bi ildo nagusietariko bat, eta autoa da bestea. Atzo goizean aurkeztu zuten egindako lana, Bilbon, eta irakurraldia izan zen gero.

«Gauza harrigarriak» bildu dituzte bosgarren alean, Atxagaren esanetan, eta Iñaki Berazategi kazetariaren Euskaldunak komikian artikulua aipatu du adibidetzat. Euskal Herriko pertsonaia batzuk komiki eta zintetan nola irudikatu diren azaltzen du Berazategik bere idatzian. 1936ko gerra aurrekoak dira haietariko batzuk, baina badira gehiago. 1950eko hamarkadan Paulino Uzkudun boxeolariaren irudian oinarrituriko Pacho Dinamita abentura heroia eta 1960ko hamarkadan TBO aldizkarirako sorturiko Josetxu el vasco dira testuan aipatzen direnetariko bi.

Juan Carlos Egillor ilustratzaile, zintagile eta artista donostiarra ere omendudute Erlea-ren bosgarren alean, haren ibilbide oparoko hainbat lan bilduz, baita Euskadi Sioux,TBO, Ipurbeltz eta Becassine au Pays Basque aldizkarietan agertutako marrazkiak ere. Martxoan hil zen Egillor. Horretaz gainera, Joxean Sagastizabalen eta Joseba Luzuriagaren komikigintzari buruzko testu bana ere badakartza.

Autoaren garrantzia

Egungo bizimoduan autoak duen garrantzia nabarmendu du Atxagak, bestetik. «Baita bizitza pertsonalean ere». Eta, hain zuzen, hori da aldizkariaren edukien bigarren ardatz nagusia: autoa. Felix Ibargutxi kazetariaren testua hartu du oraingoan adibidetzat idazleak. «Berak, esaterako, artikulua egin du bertsolaritzaz, baina bertsolariei eta kotxeei buruz». Kike Amonarrizek 1903an Tolosatik pasatutako Paris-Madril rallyari buruz egin du bere lana, udalak herritarrei nola jokatu gomendatzeko idatzi zuen bandoa gogora ekarriz. Piarres Aintziartek, Lorenzo Rojok eta Xabier Mendiguren Elizegik ere testu bana idatzi dute autoaren inguruan.

Ohi denez, luzea da oraingoan ere Erlea-n parte hartu duten sortzaileen zerrenda: Uxue Apaolaza, Iñigo Aranbarri, Zaldieroa,Koldo Izagirre, Iban Zaldua, Jose Fernandez de la Sota, Jon Alonso, Mari Sol Bastida, Joxemari Iturralde, Ernesto Valverde, Juan Kruz Igerabide, eta beste asko. Marta Cardenas artistari egin diote oraingoan elkarrizketa.

Erlea bosgarren alera heldu izanak proiektua «sendoa» dela ageri du, Atxagaren ustez, eta bere irudi propioa ere aurkitu duela dio: Jon Zabaletak marrazturiko erlea, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.