Komuna, batzen duen toki bat

Iruñerriko hainbat artistak sortutako 'Komunetik' ikuskizuna eskainiko dute gaur Geltoki gunean

Idoia Tapia aktorea, Komunetik ikuskizunaren emanaldi batean. Hatz(a)marka kolektiboarekin eta Bapateko Orkestrarekin batera sortu du proiektua. KOMUNETIK.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
«Ezerk gutxik elkartzen gaitu gizakiok komunak egiten duen moduan. Denok pasatzen gara zulo horretatik, era askotako beharrak asetzeko edota atontzeko, eta, oharkabean, gogoetarako une bihurtzen ditugu komunean pasatzen ditugun momentuak». Hitz horiek irakur daitezke Komunetik emanaldiaren aurkezpen testuan. Toki intimo hori, komuna, abiapuntu gisa hartuta, eguneroko bizitzari, gai pertsonalei edota gizarteari buruz gogoeta egiten duen diziplina anitzeko ikuskizun bat da, eta Iruñeko Geltoki gunean eskainiko dute gaur, bi saiotan.

Hatz(a)marka sormen kolektiboak, Bapateko Orkestrak eta Idoia Tapiak sortu zuten proiektua, urte hasieran, Iruñeko Udalaren Garaikide zikloan parte hartzeko gonbidapena jaso ondoren, Tapiak azaldu duenez: «Hatz(a)marka kolektiboaren lehen liburuko testuetatik abiatu ginen, baina ideia izan zen errezital soil bat egin ordez ikuskizun handiago bat sortzea; hortik heldu zen bakarrizketa bat sortzeko eta musikarekin uztartzeko aukera». Hala, azkenean, idazketa, antzerkia, irudia eta musika batu zituzten, proposamen hibrido batean. Otsailean estreinatu zuten, Iruñeko Kondestablearen jauregian, eta orain emanaldi gehiago egiten ari dira, Iruñean eta handik kanpo.

Elementu intimo eta pertsonal bat erabili dute ikuskizuna girotzeko, beraz, baina gizaki guztiak lotzen dituena; modu horretan, arlo pertsonaletik kolektibora igaro nahi dute, zenbait gairen inguruko gogoetak sustatzeko. «Komuna oso gauza intimoa da, baina, era berean, oso kolektiboa, planetako gizaki guztiak pasatzen garelako hortik, eta oso elementu egokia da gizakiak batzeko, ez bakarrik arlo fisikoan, baita sozialean eta beste arlo askotan ere. Metafora asko egin daitezke komunarekin, eta hausnarketarako bidea ematen du», adierazi du.

Tapia bera da protagonista, hark egiten baitu alde antzeztua; eta harekin batera aritzen dira Hatz(a)marka kolektiboko Iñigo Satrustegi (idazlea) eta Mikel Barberia (ilustratzailea), eta Bapateko Orkestrako Amets Aranguren (saxo altua), Julen Arbizu (tronpeta), Amets Aznarez (tronboia), Ion Celestino (tronpeta), Nerea Erbiti (ahotsa), Xanti Etxeberria (kontrabaxua), Ander Merino (atabalak) eta Aitor Zorzano (saxo tenorra).

Sorkuntza esparru ezberdinetan aritzen diren artistak dira, baina guztiek edo gehienek komunean dutena da gazteak eta iruindarrak direla. Tapiarentzat pozgarria da bere hiri eta adin bereko jendearekin horrelako sorkuntza guneak partekatzea: «Nahiko talde handia osatu dugu, baina bakoitza diziplina batetik gatoz, eta elkar elikatzen dugu denbora osoan. Hori oso aberasgarria da; oso une politak bizitzen ditugu... Plazera da».Halako proiektu eta topaguneak beharrezkoak direla uste du, eta baita gero eta ugariagoak ere: «Eta gazteok hori egiten saiatu behar dugu: bakoitza bere munduan sartuta egon beharrean, besteen talentua eta lana ezagutu behar ditugu, eta elkarren artean partekatu eta nahasi».

Bizitzeko esperientzia bat

Aktoreak ez du aurreratu nahi ikus-entzuleek zer aurkituko duten zehazki oholtza gainean, «bizitzeko esperientzia bat» delako, baina gomendatu du «burua irekita» izatea emanaldira joaterakoan, «gauza berriak ikusteko eta barre egiteko gogoz».

Bi saiotan eskainiko dute ikuskizuna, Geltoki gunean; lehena 19:30ean izango da, baina sarrera guztiak agortuak daude; eta bigarrena, 21:00etan, eta sarrerak Geltokiren webgunean eskura daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.