Txikitatik izan da musika asko entzun zalea Oihana Razkin Virgala (Hernani, Gipuzkoa,1993). Gaztetxoa zela lagunen mp3ak musikaz betetzen zituen, entzundakotik galbahea pasatu eta set moduko zerrendak osatu. «Lanaren erdiak eginda» iritsi zen DJ gisa aritzera, «musika biltegi eta kultura zabala» baitzeukan. Lehen aldi hura herriko txosnetan izan zuen, Hernanin. Ordutik, ibilbide oparoa egin du LaMia Mari izenpean. Horren erakusle da haren agenda zoroa: azken asteetan Donostian eta Bilbon izan da, eta asteburuan Harrikada jaialdian izango da.
Harrikada bada sistemak baztertu izan dituenak lehen lerrora ekartzeko saiakera: musika estiloa, estilo horietako DJ saioak egiten dituzten gorputzak…
Emakumea eta DJa naiz; beraz, beti bilatzen ditut horrelako festak: bai DJ aritzera noanean, bai publiko gisa noanean. Gune seguruak eta zainduak bilatzen ditut beti, bestela ezin baitut gozatu. Halako festak eta kolektiboak behar ditugu, eta gure esku dagoena egin behar dugu horiek babesteko.
Zergatik behar dira horrelako festa eta kolektiboak?
Erabakiak ez daudelako kapitalismoan oinarrituak. Zaintza, errespetua eta bestelako funtsezko balio asko ez daude onura ekonomikoaren menpe. Horrela baino ezin dira bermatu espazio seguru eta irekiak, eta eszenaratze bizigarriak.
Eszenatoki gainean izango zara, eta sarri hor jartzen da arreta, baina sortzen den giroa ere funtsezkoa da. Biek dute bietan eragina?
Publikoak sortzen duen giroa funtsezkoa da DJ aritzeko garaian, elkarrizketa bat sortzen baita haien eta nire artean: haien oihuek, mugimenduek, txistuek… gidatzen naute. Publikoa zenbat eta beroagoa egon, orduan eta motibatuago jarduten dut.
Herriko jaietan hasi zinen, Harrikadaren oso bestelako testuinguru batean. Ordutik hona aldatu al da herri jaietan entzuten den musika?
Euskal musika taldeak oso soinu askotarikoak sortzen ari dira, eta horrek pluraltasuna eta freskotasuna ekarri ditu txosnagunera. Baina ingurura begiratzen dut, eta nire belaunaldia nahiko tradizionala dela uste dut, oraindik txosnagunean dantzatzen eta disfrutatzen duen musikari dagokionez. Gazteagoak, berriz, askoz irekiago sumatzen ditut erritmo eta estilo berrietara.
«Publikoak sortzen duen giroa funtsezkoa da DJ aritzeko garaian, elkarrizketa bat sortzen baita haien eta nire artean»
Eta, giro horretan, DJekiko jarrera aldatu al da?
Jai herrikoietan musika jartzaileak ikusten ditut gehienbat, ez DJak. Gaizki ikusten ez dudan arren, esanguratsua iruditzen zait.
Zergatik?
Agerian geratzen delako zein garrantzi eskasa ematen zaion DJak eskaintzen duenari. Hala ere, herri mugimenduetan aritzen naizenean jasotzen dudan erantzuna oso ederra izaten da, eta uste dut DJekiko ikuspegia aldatzen ari dela: geroz eta gehiago ulertzen eta errespetatzen da gure lana; ia ez digute edozein abesti jartzeko eskatzen.
Biak gauez eta jai giroan izanagatik… Egoera oso bestelakoak dira herriko festetan edo klubetan?
Klubetan jendea musika entzutera eta dantzatzera doa. Hori egoten da erdigunean. Herriko festetan, jendeak sozializatu egin nahi du, eta, musikak garrantzia izan arren, ez dago erdigunean. Sozializatzeko modua da lagunekin batera kantatzea eta abestea, baina, horretarako, ezagutzen dugun musika nahi izaten dugu.
Euskal Herrian ez dago klub kultura oso zabaldurik…
Ez. Euskal Herrian, hirietakoak ez garenok, herriko tabernetan atera izan gara, eta klub kultura urruti gelditu izan zaigu. Musika bereziki gustuko duen jendea, aukera duena eta testuinguruak laguntzen diona bakarrik iristen da klubetara.
Gainera, klubak eta musika aretoak ixten ari dira, eta musika jaialdiak eta makrokontzertuak ugaritzen. Nola ikusten duzu egoera?
Ez ditut oso gustuko makrojaialdiak. Eszenatoki ugari daude, programazioa gainjarri egiten da, jende pila-pila bat egoten da, joaten den jendearen erdiak ez du musikaren inguruko interes handirik… Eta makrokontzertuen formatu hau zabaltzen ari den arren, ikusten ari naiz kolektibo txikiak antolatzen ari direla, beren espazioak sortzen. Horrek itxaropena pizten dit. Hori bai, horrelakoak sortzeko eta antolatzen jarraitzeko, joatea ezinbestekoa da. Ez bagara joaten, gero ezin gara kexatu gure herrian edo hirian ez delako ezer antolatzen.
«Makrokontzertuen formatu hau zabaltzen ari den arren, ikusten ari naiz kolektibo txikiak antolatzen ari direla, beren espazioak sortzen. Horrek itxaropena pizten dit»
Harrikada festibala da, baina, urte osoan aletxoa utziz doana, klub giroan; eta orain, uztailean, harri koskor handiena jarriko duena. Zu han ariko zara. Gogoz?
Gogo handiz! Lehen esandakoagatik, ez daukat jaialdietara joateko ohiturarik. Baina egia da jaialdi txikiak asko gustatzen zaizkidala. Aurten, Harrikada barrutik bizitzeko gogo handia daukat. Proiektuetan parte hartzeak asko betetzen nau, komunitatea sortzen duten espazio hauetan nire alea jartzeak zentzua ematen baitio DJ lanari.
Festibala kolektibo batek sortua da, Harrika izeneko talde batek. Donostian ere sortu da KRII kolektiboa… Elkartzeko beharra al dago? Bakarrik egiteko bizigarria al da DJaren bidea?
DJaren profila normalean indibiduala izaten da, eta ez du zertan kolektibizatu. Baina garrantzitsua iruditzen zait industria edo ekosistema hau komunitate bat dela ulertzea, eta zuk dituzun jarrerak eta egiten dituzun hautuak erabakigarriak izan daitezkeela industriaren garapenerako eta zure ibilbidearen eraikuntzarako. Eta niretzat, ibilbidea eta industria bizigarriak izateko, sortzen diren festek interesgarriak, seguruak, gertukoak eta etikoak izan behar dute, eta hori ez da posible nik ez badut nire esku dagoena egiten horiek babesteko eta sustatzeko.
Eta babesteko eta sustatzeko modu bat da kolektibizatzea?
Bai, aukera bat hori da. Bestea, publiko bezala babesa ematea festara joanez edo boluntario gisa lagunduz. Eta azkenik, DJ bezala nire lanarekin ekarpena eginez, aurrekontua txikia izanagatik ere.