Gaztelak Nafarroako Erreinua konkistatu zuela bost mende bete dira aurten. Euskal Herrian luze ikertu, idatzi eta hitz egin da gertakari hartaz, baina gutxik ezagutzen dute Nafarroak garai hartan zuen kultura mugimendu oparoa. Danserie Ensemble taldeak Nafarroako erresuma XVI. mendean, musika eta literatura kontzertu didaktikoa eskainiko du gaur 19:30ean, Iruñeko Kondestablearen Jauregiko patioan. Taldeak hamabi urte daramatza Errenazimentuko eta Barrokoko euskal doinu eta abestiak jasotzen, eraberritzen eta interpretatzen. Garai hartako instrumentuak erabiliz, XVI. mendeko euskal kantu herrikoiak musikatu dituzte, hala nola Bereterretxen kantoria eta Amenduxen kantoria.
Bi urteko lanaren emaitza da Danseriek eskainiko duen kontzertua. Nafarroan 1512. urtearen inguruan entzuten ziren abestiak, bertsoak eta dantzak ikertu eta garai hartan jotzen ziren moduan interpretatzeko moldatu dituzte. Hamabost bat pieza eskainiko dituzte, musikatutako kantak, doinuak eta bertsoak tartekatua. Horrez gain, garai hartako hainbat testuren errezitaldiak egingo dituzte, hala nola Bernart Etxepare ren eta Joanes Leizarragaren poemak. Urte amaieran, taldeak diskoa argitaratuko du, kontzertuko doinuak bilduz.
Margarita Angulemakoa Nafarroako erregina bihurtu zen Enrike II.a Albretekin ezkondu ondoren. Literatura, filosofia eta musikaren babesle eta bultzatzaile indartsua izan zen, eta Frantziarekin zuen harreman onari esker —haren anaia Frantzisko I.a Angulemakoa Frantziako erregea zen—, Nafarroa kulturgune izan zen, eta modako abestiak entzuten ziren gortean. Danseriek Margatirak kultura bultzatzeko egindako lana gogoratuko du kontzertuan. Koldo Azkona taldeko musikariaren arabera, ez dute garai hartako musikaz informazio asko aurkitu, baina jakin dute nolabaiteko programa kulturalak antolatzen zituztela: «Margarita erregina emakume aurreratua izan zen: poeta, idazlea eta kultura aberatsekoa. Hari esker dakigu zeintzuk ziren Frantzian modan zeuden abestiak, eta kontzertuan interpretatuko ditugu. Uste dugu konkistaren kontaketak bere musika propioa behar duela».
Taldeak bi iturri ikertu ditu Euskal Herrian garai hartan entzuten zen musika ezagutzeko. «Alde batetik, herri musika ikertu eta landu dugu. Dantzak, abestiak eta bertsoak aurkitu ditugu, hala nola Arranoa Zuberoako kanta, eta Ardoarena mutil dantza. Bestetik, Frantzian gortean entzuten zituzten piezak bildu ditugu. Horien artean branle izeneko dantzak aurkitu ditugu, gaur egungo jauzi dantzen antzindari direnak».
Errenazimentura bueltatuz
Entzuleak Errenazimentuko doinuetan murgiltzeko, taldeak garai hartako intrumentuak erabiltzen ditu, hala nola moko flautak, viola da gambak, mandolinak, klabezinak eta lautak. Txirula eta xaramela —oboearen antzindaria, Erdi Arokoa— jotzen ditu Azkonak: «Ez da erraza tresna hauek jotzen dakiten musikariak aurkitzea. Nazioartean badira musika mota hau maisuki jotzen duten taldeak, baina batzuetan instituzioak etxekoez ahaztu egiten dira».
Konkistaren doinuak
Danserie Ensemblek Nafarroako Erreinuaren garaiko euskal kantak eskainiko ditu gaur kontzertu didaktikoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu