Bestelako aukerak baztertu eta gero hartu zuen Asier Mendizabalek (Ordizia, 1973) artearen bidea. Nerabetako ezinegona asetzeko bere burua leku batean kokatu beharra zeukan eta leku hari forma eman beharra. Artea izan zen horretarako Mendizabalen baliabiderik aproposena. Arte Ederretan lizentziatu zen lehenik Bilbon, eta masterra egin zuen ondoren Londresen. Baina horren guztiaren ondotik bere ibilbidea markatu zuen une erabakigarria bizi izan zuen: «Donostiako Artelekurekin gertatu zen hori. Leku eta momentu apropos batean egoera bertsuan geunden lagun talde bat elkartu ginen. Lana era antzekoan ulertzen genuen, eta leku bat desiragarri bihurtu zen lehen aldiz. Artista izatea behar bat zela ulertu genuen lehen aldiz, eta ez lanbide bat». 2002an Goierri Konpeti lana plazaratu zuen Iñaki Garmendiarekin batera. 2004an, berriz, Manifesta 5en hartu zuen parte.
MACBAn erakutsiko duzu zure lana, eta hori ez da txikikeria. Nola lortu duzu?
Egia da erronka handia dela. MACBA museo oso zorrotza delako, oso programa sendoarekin. Gainera,aukera handiko momentua da niretzat. MACBA delako batetik, baina baita bakarkako erakusketa batek erantzukizun maila altua eskatzen duelako ere. Dena den, hau guztia prozesuaren parte da: prozesuaren parte da horrelako egoera zorrotzean neurtu behar izatea lana. Puntu honetara poliki-poliki, lan eginez iritsi naiz. Konplizitateak irekitzen ditu horrelako komunikazio bideak zenbait jenderekin, eta horiek dira azkenean balio dutenak. MACBAn dagoen pertsona batekin lehendik ere eginda nituen beste proiektu eta lan batzuk, eta orain dela urtebete proposatu zidan erakusketa hau egitea. Baina ez da besterik gabe sortutako proiektua. Prozesu eta elkar ezagutza baten ondoren sortzen dira gauzak, pixkana-pixkana.
Baina ez da konplizitate horren ondorio bakarrik izango.
Konplizitate hitza aipatu dudanez, bada horrelako elkarrekiko konfiantza bat. Nik uste dut nonbaitera gonbidatzen zaituztenean lan bat egitera, egoten dela halako sintonia antzeko bat, eta baita eskaria zentzu oso jakinean egiteko aukera ere. Ni MACBAra gonbidatu nauenak badaki oso ondo zer eskatu ahal didan eta badaki nik onartuko ditudala parametro horiek.
Zein izan da MACBAren eskari jakin hori?
Orain arteko lan guztien berrantolaketa bat egiteko eskatu zidaten. Orain arte egin izan ditudan lan gehienek ikusle gutxi izan dute; toki txikietan egindako proiektuak izan dira kasu gehienetan. MACBAren eskariak niri planteatu didan erronka da orain arteko lanhorren guztiaren berrikuspen bat egitea museo batean. Erakusketan segida bat bilatzen da. Ez da segida narratiboa, baina bai estrukturala. Beraz, lan bakoitzak dituen elementu solte guztiak berrantolatu ditut gramatika berri batean. Saiatu naiz lanen arteko harreman berriak sortzen.
Museoak zure jarrera kritiko eta politikoa baloratu du.
Lanak baditu erreferenteak politikaren irudikapenaren ingurukoak. Baina ez politikakoak bakarrik. Azken finean, formazio kolektiboek edo talde eraketek sortzen dituzten formen gaineko gogoeta da beti nire lana. Beraz, alde horretatik, politikaren inguruan sortzen diren hizkeren eta formen inguruan egiten dut hausnarketa handia. Baina, era berean, musikan edo eskultura multzoetan edo zineman edo beste talde portaera moduen inguruan ere lan egin izan dut. Baina politikak beti mugatzen du ikuspegia, eta hori ezin dut ukatu, eta, gainera, ez naiz aldentzen horretatik.
Formazio kolektibo horietan zein ikur edo sinbolo erabiltzen dituzu?
Sinboloak sortzen baino gehiago, zeinu horien materialtasunarekin egiten dut lan. Berez taldeek edo talde egoerek eta baita norbanakoek ere egoera kolektiboetan, identifikazioa lortzen duteneko momentu horretako zeinuak eta sinboloak berreskuratzen ditut bere materialitatean edo konplexutasun osoan.
Adibide bat jarriko zenuke?
Adibidez, askotan erabili izan dudan momentu oso jakin bat da punkak 80ko hamarraldian sortu izan duen sinbologia berria, kode sistema berria. Kode horiek konplexuak dira, geruza asko dituztelako, bai iinterpreatzio politikoaren aldetik, eta bai interpretazio kulturalaren aldetik. Euskal Herrian 80ko hamarraldian, punk mugimendu hori noratsun nahi batekin gurutzatu zen. Adibidez, momentu hori nahiko erabakigarria izan da nire lanean, zeinu horien guztien interpretaziora jo izan dudanean.
Zu, dena den, ez zoaz nortasun kultural bat bilatzera joaten, haratago zoaz.
Kontua ez litzateke nortasun kultural bat bilatzea, ezta proposatzea ere. Kontua izango litzateke nortasun kolektiboak edo kulturalak nola sortzen diren jakin, eta dituzten edo sostengatzen dituzten elementuak bere materialitate guztian tratatzea. Horrek esan nahi du nortasun kulturala sinplifikatu beharrean -eta hori da akaso orain daukagun problemarik handiena- saiatzen naizela irakurketak konplexutasuna mantenduz egiten. Ez konplexuago egiten, baizik eta konplexutasuna mantentzen, berez nortasun sentipen hori konplexua baita. Normalean, baldin eta identifikaziorako beharra edo desira badago, konplexutasuna arindu egiten da eta irudikapenak era hutsalagoan egiten dira,gauzak argi uzteko eta ulermenari era didaktiko batean bide emateko. Nik juxtu kontrakoa egin nahi dut.
Dirudienez, zure lanean taldeak badu garrantzia. Norbanakoek ere bai?
Garrantzia duena da norbanakoak taldean bere burua irudikatua ikusteko duen desioa eta beharra alde batetik; eta, beste aldetik, horrek sortzen dituen formak; antolamendu eta hizkera motak, hain zuzen ere.
Naturaren eta urbanismoaren arteko talka ere landu izan duzu.
Euskal Herria herri ertainez osatutako lurraldea da eta herri horiek garrantzi handia dute. Hiri erreferente gutxi dauzkagu. Bilbo da hiri erreferente bakanetakoa, baina antolaketa sozialean herriak pisu handiagoa du. Metafora horrek edo herriaren egoera konkretu horrek zeinu nahiko konplexu bat sortu du, non paisaiak eta paisaiaren erabilera ekonomiko, sozial eta politikoak nahiko argi geratzen diren formetan beretan.
Modernotasunak eskaini duena ikusirik, sorturiko jarrerekin kritiko zara. Zergatik?
Badago modernotasunaren berrinterpretazio bat edo atzera begirako bat lanean. Modernotasuna azken urteetan kritikatua izan da bere nahi totalizatzailearengatik. Proiektu moderno unibertsalarekiko kritika bat egon da, hain zuzen proiektu total bat zelako. Unibertsaltasunaren proiektu horrek beti eramaten gintuen horrelako irtenbide totaletara. Nik kritika horren errebisio bat egin nahi dut eta uste dut badela horretan ari den arte-ildo nahiko garrantzitsu bat. Atzera buelta egin nahi dut erabakitzeko kritika hartan zein elementu ziren kritikagarri, baina zeintzuk diren oraindik ere salbagarri eta zeintzuk erabilgarri.
Aipatuko zenituzke erabilgarri diren elementu batzuk?
Pentsatu izan da unibertsaltasunaren ideia horrek halabeharrez zekarrela totalitarismoaren mamua bere barnean. Totalitarismoa esatean, esan nahi da, horrelako unibertsaltasun global bat, desberdintasunak ukatzen zituena eta politikoki estruktura bakar batean bere gain hartu nahi zituena irudikapen guztiak, egoera guztietarako. Uste dut orain errebisio bat badagoela pentsatzen duena egon direla modernotasunaren berrinterpretazio tokian tokikoak, gehienean periferikoak. Modernotasunren beste ikuspegi bat ematen dute horiek, eta uste dut horren ondareak eskaintzen duela ikasbide bat modernotasunaren nahi emantzipatzaile edo askatzaile hori berreskuratu ahal izateko.
Zein artista duzu gustuko eta zein erreferente?
Ez da zaletasun kontua, baizik eta konplizitate kontua da. Niregan eragin handiena izan duten artistak nire inguruan daudenak izan dira, baina hori guztiz logikoa da. Eragin handiena horiengandik jasotzen duzu. Azkenean, besteen lana irakurriz baino gehiago, artista garen heinean, elkarrizketatik aberasten gara.
Zuen lana bakarkakoa izan arren, badaukazue elkarrengandik hartzeko modua.
Euskal Herrian nire belaunaldiak izan duen aberastasun handienetakoa horixe da. Ez da egon halako estruktura sendorik, orain pixkanaka eratzen ari bada ere. Horrek behartu gaitu, edo natural egin du gure arteko lana geuretzako egin izana. Egon da horrelako konplizitate bat, lanekoa bakarrik ez zena; alegia, afektiboa ere bazen, eta horrek sortu du egoera nahiko berezia eta oso ona lan egiteko. Kasu gehienetan ez da talde lana izan, baina denbora guztian egon da elkarrekiko jarraipena, eta etengabeko eztabaida, eta horrek asko lagundu digu.
Orain korronte finkorik ez dagoenez, askok diote artea nora ezean dagoela. Krisian dago?
Arteak krisian halabeharrez egon behar du. Artearen lana baldin bada oraindik irudikapenak ez direnak bideratzea eta oraindik egin gabe dagoena egitea, bada, halabeharrez egon behar du krisian . Beti ekintza eremu kritiko gisa ulertu behar da artea. Segurtasunak eta argitasunak ez dio inoiz mesederik egin arteari.
'Artean denak balio du' baieztapenarekin ados zaude?
Denak balio duela esateak ez du ezer esan nahi. Hori egia balitz, denontzako mesede. Balio du balio duenak. Kontua da badagoela horrelako ikuspegi nahiko hutsal bat, horren inguruan defentsa mekanismo bat eratzen duena. Edozerk ez du balio; baina, era berean, edozerekin bideratu ahal da irudikapen bat edo ekinbide interesgarri bat, eta ez dut uste kalitate kontua denik, behar kontua da.
Euskal Herrian ba al dago kalitatezko arterik?
Badago behar oso argi bat, eta badago behar hori identifikatu duen belaunaldi bat eta behar horrekin lanean ari dena.
«Konplizitateak ireki dizkit bideak»
Orain arte egindako lan guztiak berrantolatu eta MACBAn, Bartzelonako Arte Garaikidearen Museoan, erakutsiko ditu Asier Mendizabalek urtarrilaren 25etik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu