Konstelazioetako heterodoxoa

Kantuaren helburua irautea izaki, Mikel Laboak bere eginkizunean asmatu zuela nabarmendu du Bernardo Atxagak, kantariaren izena daraman katedrak antolatutako jardunaldietan emandako hitzaldian.

Igor Susaeta.
Donostia
2013ko urriaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Wilhelm von Humboldt, Telesforo Aranzadi eta Jorge Oteizak argitutako konstelaziotik sortu zen Mikel Laboa (1934-1978), Bernardo Atxagaren ustez. «Gu ere handik gatoz, ideologia horretatik. Hori gabe, oso zaila izango zen...». Baina idazlearen iritziz, bestelako konstelazioetako kidea ere izan zen: «Jose Luis Zumeta eta Bixente Ameztoi izan zituen lagun, esaterako. Eta ezin dira konparatu Oteizaren kubo metafisikoak Zumetak Mikelen [Laboa] diskoetarako egiten zituen azalekin, esaterako». Hainbat konstelaziotako izarretako bat izan bazen ere, haren alde heterodoxoagatik nabarmenduko luke Atxagak Laboa: «Izan ere, ez zuen bat egiten gizartearen kale nagusiko iritziarekin». Horregatik, eta baita abeslari eta kantugile gisa ere asmatu zuelako. «Kantuaren helburua irautea bada, bete zuen bere eginkizuna». Atxagak, kantariaren hainbat abestiren hitzen egileak, ireki zituen Mikel Laboa katedrak antolatutako kantariaren omenezko jardunaldiak.

Hain zuzen, kantuaren balioari heldu zion Atxagak bere agerraldiaren aurreneko minutuetan. «Kantua baita ahazten den azkeneko gauza». Eta gogoratu zuen orain hamar bat urte Montevideon (Uruguai) lagun batekin pasieran zebilela gertatu zitzaiona. «80 bat urteko gizon bat hurbildu zitzaigun, eta esan zigun bere birramona Euskal Herrikoa zela, eta gogoratzen zuen nola kantatzen zion umetan Iruten ari nuzu sehaska kanta. Eta ez zen horrelako zerbait gertatzen zitzaigun lehen aldia». Atxagaren aburuz, horrek esan nahi du kantugile izatea, bere zentzurik zabalenean, «oso muineko gauza bat» dela. «Neolitikoan hormetan marrazkiak egiten ziren bezalaxe, kantuak ere abestuko ziren, eta haizeak eramango zituen».

Laboaren abesti ezagunena, ordea, ez du haizeak eraman: «Egia bada hitz gogoangarria dela poesia, eta kantuaren helburua dela gogoangarria izatea, Txoriak txori-k lortu du. Herri kanta bat zela pentsatzen zuen jende gehienak».

Hori zeukan buruan Atxagak 2008ko abenduaren 7an, Lesakako (Nafarroa) Agiña mendian Laboaren errautsak haizatzeko egingo zen ekitaldira zihoanean.Leku berezia da hura idazlearen esanetan. Besteak bestek, cromlech bat dagoelako, Aita Donostiaren omenez Oteizak ondutako hilarria eta Luis Valletek eraikirako eliza naturala ere han daudelako, eta bi «hutsune» ere badituelako tokiak: «Bata, fisikoa, Pirinioen eta itsasoaren artekoa; eta bestea, Laboak han eternalki utzi duena».

Oteiza aipatuz, Atxagak pentsatzen du aurrenekoak eskulturan egin zuena Laboak kantuetan gauzatu zuela. «Biak parekatuko nituzke». Idazlearentzat, txalapartaren azken urteotako moldeak asko zor dio Oteizari. «Hasieran lotzen zen sagardoarekin, mozkorkeriekin-eta. Eta horrela jarraituko zukeen, hura goratzeko teoria bat sortu izan ez balitz. Oteiza etorri zen konstelazio batetik, eta lotu zuen abangoardiarekin». Hortaz, tresna «erdi-etnikoak» hartu zuen bat-batean balio bat, «eta aldatu zen hura erabiltzeko modua». Sagardotegietatik hiletetarako bidea egin zuen, Atxagak azaldu zuenez. «Rikardo Arregirenean [1969] erabili zuten, esaterako».

«Konstelazio horretan egon zen bitartean», Laboak pareko lana egin zuen idazlearen ustez: «Hartu zituen museoetako bazterretan zeuden kantuak, eta doinu herrikoiak, eta abangoardia bihurtu zituen».

Baina konstelazio batean sortuagatik, beste batera ere lotu zen. Ameztoi, Zumeta... «Parodikoagoa zena», Atxagaren hitzetan. Eta beste konstelazio hori erakutsi nahi izan zuen idazleak orain bost urteko abenduaren 7 hartan, Orixek Lizardiren heriotzean hari eskainitako Beti lagun poeman oinarritutako errezitaldia egin zuenean. Pentsatzen baitu hirugarren konstelazio horretako, Orixe, Lizardi eta enparauen kide ere izan zela Laboa.

Halere, konstelazioen artean badago bateratze bat, idazlearen iritziz. «Haien espresio politikoa: nazionalismoa». Bide batez, erakunde eta alderdi politikoak kritikatu zituen: «Badirudi haiena dela lehen hitza, eta beraien nucleus-ak han daudela haien hitzak adierazteko». Hartara, Laboaren irudia goraipatu zuen. «Bere aldetik, pertsona bakartia izan zen; ez zuen inorekin [alderdiekin-eta] kontraturik eduki. Inork ez zion lanik finantzatu, hala esaten zen arren». Kantariak bere obra, «hor dagoena», daukala irizten dio Atxagak. «Eta ez da inoren espresioa, ez da inoren lana zuritzeko egindakoa. Dena den, ez dut esan nahi Euskal Herriak lagundu ez zionik». Idazleak ez zuen gaian gehiago sakondu nahi izan. «Nik ere baditut nire kontuak...». Horren harira, heterodoxiaren ideia plazaratu zuen atzera: «Nahiz eta denok konstelazio batetik sortu, ez gara berdinak».

Bukatzeko, Laboak Xoriek 17 (Elkar, 2005) diskorako musikatutako Giuseppe Ungaretti poeta italiarraren Agonia olerkia irakurri zuen. Hala dio azken esaldiak:

Ma non vivere di lamento

come un cardellino accecato.

Atxagak laburtu zuen: «Alegia, jarraitu dezagun bukaerara arte lehiatzen, eta ez gaitezen ibili kexuka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.