Kontakizunaren kontakizunak

Javier Arce, Iñaki Grazenea, Sheena Macrae eta Henna Nadeemen obrekin osatu dute 'Leizeak. Irudiaren labirintoak' erakusketaDonostiako KMK-an ikus daiteke lehendik sorturiko irudiak oinarri dituen bilduma

Iñaki Grazenearen P/M/P saileko margolan bat. KOLDO MITXELENA KULTURUNEA.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Kultura eta arte postmodernoak oso bere egin duen kontua da: lehenago sortutakotik zerbait berria eskaintzearena, kopiarena, asimilazioarena, birziklatzearena... baina XIX. mendean dagoeneko entzun eta irakurtzen ziren halako kontuak. Ondoren Frantziako nouveau roman literatur mugimenduak bereganatu zuen «kontakizunaren barneko kontakizunaren» kontzeptua. Leizeak. Irudiaren labirintoak erakusketak azaltzen du kontzeptu hori nola gauzatu den irudiaren eremuan. Azken erreferentzia nagusi modura Andy Warhol eta Robert Rauschenberg izan zituen joera horrek, eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean atondutako erakusketak —maiatzaren 26ra arte zabalik— lau artista garaikideren eskutik heldu dio berriro gaiari.

Ramon Esparza komisarioaren hitzetan, «autoreek egiten duten ekarpena irudi horien eraldaketan da, erreprodukzioan edo birkonbinazioan, irudietan ezkutatuta dauden diskurtsoak agerian uzteko, edo artearen munduan eta irudien kontsumoan errotuta dauden zenbait ideiaren ikuspegi kritikoa emateko». Jabier Arce, Iñaki Grazenea, Sheena Macrae eta Henna Nadeemen obrek, lehenago sorturiko kontakizun berri batetik abiatuta, bestelako kontakizunak egiten dituzte, irudia ardatz izanik.

Javier Arce



Artearen erabilera ezbaian

Ia artista guztiek —eta artista ez direnek— noizbait egin duten keinu edo ekintzat batetik abiatzen da Javier Arceren (Santander, Espainia, 1973) gogoeta. Artelan bat —edo beste edozer— sortzen hasteko sarri erabiltzen da orri zuri bat. Lehen zirriborroa eginda, sarri porrota dela iruditu, orria pilota paper bilakatu eta zakarrontzira bota ohi da. Ongi atera ez den ariketa hori du gogoeta kritikoaren abiapuntu Arcek. Marruskatuak sailean artearen historiako obra garrantzitsuenetako batzuei aplikatu die orria zimurtu eta zakarrontzira botatzeko keinu hori; Pablo Picassoren Gernika, Eugene Delacroixen Askatasuna herriaren gidari eta Francisco de Goyaren Maiatzaren hiruko fusilamenduak obrei, hain zuzen ere. «Puskaezina» den paper industrial bat erabiliz , trazu laburrak eginez, «goitik behera, fotokopiagailu baten eskanerra balitz bezala» erreproduzitu ditu mendebaldeko kulturan funtsezkoak diren lan horiek. «Gero zimurtu egiten dut azken marrazkia, zabor poltsa batean sartu, eta hura kartoizko kaxa batean, erakusketaren lekura iritsi artean».

Obra esanguratsu horien inguruko gogoeta ez, «haien erabileraren ingurukoa» egin nahi du Arcek, «bai ikusleek, bai erakundeek zein erabilera egiten duten», alegia. «Orain ere badago ika-mika Gernika-k non egon behar ote duen, han, hemen edo non. Hori gehiago da kontu politikoa, eta ez artistikoa».

Pieza handiago horiekin batera, egun lantzen ari den serie berri bateko hainbat irudi ere biltzen ditu erakusketak Irudi sasikoak izenburupean. Marina Abramovic edo Martin Creed artistek egindako performance eta bestelako ekintza artistikoetan ikusleek beren kamerarekin egindako argazkietatik sortutakoak. Jatorrizko irudia erreproduzitzeaz gain, zalantzan jartzen ditu artistek eta erakundeek irudi mota horren erabilerarako ezartzen dituzten copyright arau zorrotzak.

Iñaki Grazenea



Artista bideo-zaindari

George Orwellen Anaia Handia-ren metafora inoiz ez da egun bezain erreala izan. Iñaki Grazenearen (Hondarribia, 1972) obra zaintzaren ideiaren inguruan dago antolatuta. Segurtasun kamerak daude nonahi. Ez lokal publiko eta pribatuetan bakarrik, baita kalean ere. Horrek are hurbilago egiten du beti zaindari dagoen Anaia Handi bat egotearen sentipena. Bere obraren zati bat Berlinen eduki zuenekotik abiatzen da. Han garatu zuen zaintzaren gizartearen inguruko hausnarketa egitea xedetzat duen egitasmoa. Horretarako, emakume auzokide baten mugimenduei jarraitu zien, hasieran bere leihotik bertatik, eta ondoren Berlingo bost gunetan jarritako bost kamerekin bideo bat grabatuz. Hortik dator proiektuaren izenburua: Funf Cams (Bost kamera). Grazenearen egitasmoak ez du epaitu nahi egungo segurtasun kameren eta zaintzaren nagusitasuna. «Errazena izango litzateke esatea bideo zaintzaren aurkako jarrera kritikoa dela nirea. Baina ez da hala. Artea ez dago hori epaitzeko. Artea ez da Hollywodeko film bat, non onak eta txarrak dauden. Nik egoera bat proposatzen dut, jendeak ikus dezan zertara iristen ari garen, eta nola uzten dugun gure pribatutasuna inbaditzen». Grazenearen arabera, teknologia berriek eta haien onarpenak eragiten du pribatutasunaren ikuspegi desberdina izatea. «Duela zenbait urte, sistema analogiko batekin ez genituzkeen egun publiko egiten ditugun hainbat irudi plazaratuko, adibidez».

Funf Cams beste serie baten jarraipena da,P/M/P seriearena, eta bertan bideo zaintzako irudien kodeei heltzen die egileak. «Ikusleak kode jakin batzuk bere egiten ditu, esaterako, bideo zaintzako irudietan agertzen diren datazioak. Eta pentsatzen da hori agertuz gero zerbait berezia gertatuko zela une horretan, baina ez du zertan hala izan».

Sheena Macrae



Fotogramekin jolastuz

Mugimenduan dagoen irudian oinarritzen du bere lana Sheena Macraek (Vancouver, Kanada, 1972). Azken hamarkadan aintzatespena lortu du nazioartean, zinemako produkzio ezagunenetako batzuen eta telebista sailen dekonstrukzioa jotzen duten bere instalazio eta pieza bideografikoekin. Macraek birkonbinatu egiten ditu irudi horiek, fotogramen hurrenkera trukatuz batzuetan, irudiak konprimituz besteetan, edota Stanley Kubricken 2001, espazio odisea bat lanaren kasuan bezala, zazpi minutuko iraupena duen sekuentzia zerrenda bilakatuz filma. KMK-erako atondu duen instalazioan, erreprodukzio hori bi albo ispilutan islatzen da, «filmaren hausnarketa gai den mugagabetasunaren sentipena sortuz». Jean Luc Godarden Alphaville filmaren ikuspegi berezi bat proposatzen du beste instalazio batean. «Bertan irudia bikoiztu egiten da, negatiboan, liburu forma duen pantaila bikoitz batean proiektatzeko». Bi instalazio horiekin batera, The Projectionist seriearen irudiak ere aurkituko ditu ikusleak. Zinema proiektatzaileek beti fotogramaren bat euren sakelean gordetzen dutela dion mitoan oinarritzen da serie hori. Artista hainbat proiektatzailerekin jarri zen harremanetan eta haiei eskatu zizkien fotograma horietako zenbait. Bildumagile horiek emandako fotograma handitu batzuek (The Birds, Gone With the Wind…) osatzen dute seriea.

Henna Nadeem



Kultura nahasketa

Erresuma Batuko kultura aniztasunaren ikuspegi berezia proposatzen du Henna Nadeemek (Leeds, Ingalaterra, 1966). Erakusketan ikusgai dagoen seriea egiteko, 1930eko hamarkadan oso ezaguna izan zen liburu batetik ateratako argazkiak erreproduzitu zituen. The Picture Book of England da liburu hori, eta 1960ko hamarkadan koloretako irudiekin berrargitaratu zuten. «Liburu horrek Ingalaterrako paisaiak eta ikuspegiak biltzen ditut, guztiak kutsu erromantiko oso markatuarekin», dio sortzaileak. Irudi horiei, Nadeemek beste kultura batzuetako —arabiar, japoniar, hindu...— irudi eta motiboak gainjartzen dizkie. «Bi irudietatik bat bera ez da ikusten garbi, biak txertaturik daude, eta Erresuma Batuko kultura aniztasuna islatzen da modu horretara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.