Donostiako 61. Zinemaldia. Zuzendari Berriak. Andrew Dosunmu. Zinemagilea

«Kontatu dudana mendeetan gertatu izan da munduan»

New Yorken bizi den Yoruba bikote batek ezin du umerik eduki. 'Mother of George'-k hartuko duten erabakiaz hausnartzen du.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2013ko irailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez du bere adina aitortu nahi. «Euri asko egin zuen urte batean jaio nintzela esaten du amak», adierazi du, barrez, Andrew Dosunmu zinemagileak (Lagos, Nigeria). «Bada zerbait harrigarria adinaren gainean... Adingabea naiz ni!». Mother of George filmean kontatu duena ere izan daiteke harrigarria Mendebaldeko ikusle baten begietara. Afrika mendebaldeko Yoruba etniakoak dira Ayodele eta Adenike, eta, maiteminduta ezkondu ondoren, ume bat izatea besterik ez daukate buruan; bai beraiek eta baita gizonaren familiako kideek ere. Saiatu arren, Adenike ezin da haurdun geratu, ordea. Hortaz, senarraren ohorea ez zikintzearren, erabaki zail bat hartu beharko du. Istorioak ez du Dosunmu askorik harritzen: «Kontatu dudana mendeetan gertatu da munduan».

Munduaren erdigunea dela esaten den hirian bizi da bikotea, New Yorken; Brooklynen, hain zuzen. Bide batez, hango, «esperientzia afrikar bat» ere azaldu nahi izan du zinemagileak. «Elia Kazanek kontatu zuen etorkin greziar baten istorioa America, America-n, eta baita Francis Ford Coppolak ere italiarrena The Godfaher trilogian». Gainera, iruditzen zaio New Yorken filmatzen denean topikoak besterik ez direla erakusten. «Times Square, etorbideak... Bada askoz ere gehiago. Etorkinek fabrikatu dute, eta horixe erretratatu nahi nuen. Joaten zara Queensera, eta pentsatu dezakezu zaudela Bogotan edo Bombayn; eta Crown Heightsen (Brooklyn), Dakarren edo Kingstonen. Afrikarren kasua kontatu dut, ezagutzen dudalako».

Pertsonalki ez du inoiz filmean erakusten duen kasua bertatik bertara ezagutu, baina badaki gertatzen dela. Emakumezkoen eskubideen alde lan egiten duen Nazio Batuen batzorde baten bidez jakin zuen Zimbabwen gertatu zela bat.

«Naturalagoa da»

Dosunmu ere Yoruba etniakoa da, eta filmarekin ez dauka inor salatzeko asmorik. «Gaia, bere horretan, liluragarria dela uste dut. Baina nor naiz ni inor epaitzeko?». Interesgarriak iruditzen zaizkio gaur egun haurdun geratzeko dauden teknikak; «beste norbaiten eta beste nonbaiteko esperma erabiltzea, adibidez». «Baina mendeetan, pelikulan egiten dutena egitea izan da irtenbiderik praktikoena. Nik, behintzat, naturalagoa dela pentsatzen dut. Izan ere, teknika modernoei heltzen diezunean, ez dakizu nondik datorren bestearen esperma, ez kalitaterik daukan».

Batez ere Ayodeleren amak bultzatzen du Adenike erabaki dramatikoa hartzera. «Espezieari eutsi nahi dio amaginarrebak, eta horregatik tematzen da. Oso humanoa dela uste dut, oso unibertsala». Emakumezko batek agintzen du, eta beste emakumezko batek sufritu. «Izan ere, jendeak Mendebaldean pentsatzen duenaren kontra, emakumezkoek botere handia daukate Afrikako etnia batzuetan. Gizarte oso matriarkalak dira».

Hartutako erabakien ondorioak zamatzeko prest egoten dira emakumezkoak, aldi berean. Izan ere, egin duena aitortuko dio Adenikek Ayodeleri. «New Yorken bizi da, beste gizarte batean, eta mendeetan osatu eta mantendutako zirkulua puskatu nahi du». Pelikulako une batean zera esaten du Adenikek: «Ezingo nintzateke horrela bizi». Zuzendariak arrazoitu du hitzen esanahia. «Prest dago hartutako erabakiari eusteko, baina ez gezurra esateko».

Biyi Ayodeleren anaiak berebiziko garrantzia dauka istorioan, eta pertsonaia «interesgarriena» dela uste du Dosunmuk. «Asko dauka galtzeko, baina familiari laguntzearren hartuko du erabakia, erabateko maitasuna azalduz». Osagai horiekin guztiekin, kontatutako gertaeraz hausnartzera gonbidatu nahi ditu ikusleak. «Ez nuen bukaera itxirik egin nahi, modu horretan zinemaren edertasuna ezerezten baituzu. Askoz ere politagoa da pentsatzera bultzatzen zaituztenean».

Bigarren filma du Mother of George Dosunmuk, eta horri esker Sundanceko zinema jaialdiko argazki onenaren saria irabazi du aurten. 2011n, Restless City egin zuen, Harlemen bizi den bikote bati buruzkoa. Argazkilari artistikoa —Yves Saint Laurentekin hasi zen lanean—, dokumentalgilea eta bideoklip sortzailea ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.