KRITIKA

Kontatzeko izan, kontatzen jakin

Jon Artano / 'Juana'
Jon Artanoren 'Juana'.
2023ko abenduaren 3a
05:00
Entzun

'Juana'

Idazlea: Jon Artano Izeta. Argitaletxea: Elkar.

Ale politak ematen ari da azken urteotan Tene Mujika beka, kazetaritzatik abiatu bai, baina literaturaren lurraldera ere inguratzen diren lanak ekarrita. Jon Artanok lortu zuen beka iaz, Anderik ande proiektuarekin, Amerikaren eta euskaldunen arteko harremanak ikertzeko asmoz. Juana liburua da horren emaitza. Jan Brueghelen Paradisua izeneko koadroak egiten dio harrera irakurleari, liburuan azalduko dena aurreratuz. Laster jakingo du irakurleak paradisu horrek Nuquí duela izena, Kolonbiako Pazifikoko udalerria. Paradisutik gutxi du, ordea.

Juana Perea Plataren istorioa dakar liburuak, gerra garaian Kolonbiara ihes egindako euskaldunen ondorengoa —EAE/ANVko militante eta Agirreren gobernuko kide zuen aitona, besteak beste— eta 2020ko urriaren 29an Nuquín eraila. Bizitza gorabeheratsua izan zuen Juanak. Bere bizialdiaren zertzeladak ematen dizkigu Artanok, betiere elkarrizketatutako senide eta lagunen galbahetik. Era berean, hala eraikitzen du irakurleak ere Juanaren soslaia, hainbatek esandako hitzetatik kazetariak hartutako oharrekin. Horri ekin baino lehen, baina, denboran atzera egin, eta familiaren historia osatzen da, Ana Maria Restrepo lehengusinaren eta Iñaki anaiaren elkarrizketen bidez, batetik; Restreporen ama Maria Victoria Pereak —hots, lehen aipatutako Miguel Perea Gallagaren alabak— idatzitako Bilobentzat liburuko txatalekin, bestetik. Bigarren partean ekingo dio Juanarekikoak aletzeari, lehenbiziko orrialdeko eszenarekin irakurleari gaztigatu badio ere bere patu krudelaz.

Zenbat eta gehiago barneratu istorioan, orduan eta hobeto ohartuko da irakurlea Juanaren izaera bereziaz. Borrokalaria eta alaia, kementsua eta bizizalea. Zertxobait egoskorra ere bai. Ekintzailea. Ia denetarik egin zuen bizitzan eta, azkenean, Nuquin bukatu, ekintzaile soziala bihurtuta. Talde paramilitar batek hil zuen, Tribugako portuko proiektuaren kontra aritzeaz gain, herrian duten nagusitasunari aurre egin ziela eta. Kontatzen dena bezain esanguratsua da, halere, nola kontatzen den. Lan txukuna egin du Artanok bilbeen arteko loturak josten, liburuari eleberriaren erritmoa ematen baitio egituraren antolamenduak. Lau partetan banatua dago Juanaren istorioa, eta haren kontaketa kronologikoa egiten da. Lau parte horietan kapituluak ere badaude, eszena jakinak emateko edo alderdi zehatz bati buruz aritzeko. Halaber, ikerketan dabilen kazetariarenak lehenengo pertsonan ematen dira, beste hari narratibo bat osatuz. Antolamendua oso nobeleskoa da, egileak tentsio narratiboa mantentzeko baliabide gisa darabilelako. Kazetariaren ibileren kontaketak nobela izaera areagotzen du.

Azkenik, Artanoren estiloa ere aipatu beharrekoa da, kontalari ona dela erakusten baitu, deskribapenerako gaitasunik baduela, eta ahozko tradiziotik hartutako egitura eta esakerak zentzuz erabiltzen badakiela. Bidaia literaturako, kronikako eta kazetaritzako osagaiak batzen dituen liburua da Juana, kontatzeko daudenak ondo kontatzen asmatzen duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.