KRITIKA. Artea

Kontatzen duen memoria

Gema Intxaustiren hainbat obra, Bilboko La Taller galerian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Gema Intxaustiren hainbat obra, Bilboko La Taller galerian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2024ko apirilaren 2a
05:05
Entzun

'Y EL ARDOR'

Artista: Gema Intxausti. Non: La Taller, Bilbo. Noiz arte: Maiatzaren 3ra arte.

Nola kontatu eta nola oroitu eskutik doazen bi galdera direla esango nuke. Eta bi horiekin batera, beste zalantza sorta bat. Nondik abiatu? Nolakoak behar dute euskarriek? Zenbateraino berma dezakete oroigarriek memoriaren transmisioa edo baldintzatu iraganaren irakurketa? Nola lagundu trauma kolektiboaren dolu prozesuan? Eta azken galdera: Nola ulertu pertsonak, iraultzak, gatazkak edo sarraskiak oroitzeko zeinu horiek guztiak neutralizatu, esanahiz ezabatu eta turismo kapitalista elikatzeko ikur huts bilakatu izana? Hau da: Zer adierazten dute, esaterako, azken hamarkadetan sare sozialetan partekatutako selfie irribarretsuek Holokaustoa oroitzeko Berlingo monumentuan?

Inolaz ere berriak ez diren galderekin bete dit burua La Taller espazioan ikusgai dagoen Gema Intxaustiren Y el ardor mostrak. Izan ere, artistak zeinu historiko eta monumentuekiko duen ezinegonetik sortutako collage eta marrazkiek osatzen dute mostra txiki eta indartsu hau.

Sartu bezain pronto, ezkerraldeko pareta zurian, gainontzeko piezak sortzeko abiapuntu izan den collage lana aurkituko dugu, beiraz eta markoz babestua. Collage hori F. Plaminkova senatariaren aurpegi ezabatuak eta zirriborro arinez erabat beteta dauden bi orrik osatzen dute. Eskumako paretan, ordea, arkatzez egindako marrazki zerrenda bat ikusiko dugu, historiako hainbat ikono eta sinbolo ezagunetan barnako ibilbide bat eskaintzen duena. Trazu oso finez eta elementu minimoz egindako marrazkiak egoki apreziatzeko, beharrezkoa da gerturatzea; izan ere, distantzia handian paper zuri hutsak eman dezakete.

Bestalde, erdialdeko paretan aluminiozko hiru xafla ikus daitezke: Gernika-Lumoko planoarekin bi, eta beste bat Dulcie September ANCko ordezkaria zenari eskainitako idatzi batekin, apartheideko aparatu faxistak 1988an eraila. Azkenik, besteengandik bereizita dagoen pareta batean aurkituko dugu iltzatuta Clara Campoamorren omenez eginiko paperezko collage-monumentua, idulki antzeko batekin eta hainbat elementu arkitektoniko diruditen formekin antolatua.

Artistak berak ederki azaltzen du eskuorrian pieza batetik bestera dagoen haria, hots, zerk lotu ditzakeen Plaminkova senataria, Campoamor parlamentaria, September aktibista eta Gernika-Lumo. Halaber, azpimarratzen du monumentu gisa planteatu nahiko lituzkeen marrazki eta xafla horiek monumentu izateko duten ezintasuna (erakusketa areto barruan, behintzat). Hala bada, beste galdera bat gehituko nioke hasirako sortari: Zer da ba monumentu bat?

Nirekin batera mostra ikusi duen lagunak aipatu dit oroitzen ez duen egile bati irakurri ziola monumentuak busto edo makulu biribileko eskultura zurrun eta estatikoekin lotzeko joera dugula, baina, berez, oroitzeko pizgarri den edozer izan daitekeela monumentu bat, behin-behinekoa edo itxuraz hauskorra bada ere. Ideia horri tiraka, burura etorri zait urtero martxoaren 31n, Durangoko 1937ko bonbardaketa oroitzeko, goizez eta arratsaldez sirena-hotsak entzuten ditugula herrian. Soinu horrek herritarron oroimena aktibatzen du edozelako xafla edo busto piezak baino indar handiagoarekin. Une batez kale erdian geratu, eta zerura begira paratzen gara gutako asko, urte hartako zibilek zeharkatu kale beretan. Bada, ukaezina da soinuek, paperezko marrazkiek edota collageak iragana gugan berpizteko duten potentziala, harria bezain iraunkorrak ez izan arren.

Beharbada, mostrako testu orriak gehiegi baldintzatuta irakurri ditugu lagunak eta biok Intxaustiren lanak, bere hitzei irudiei bezainbesteko pisua emanda. Edonola ere, irudi zein berba bitartez artistak bere ezinegona kutsatu digu, eta sentipen horrekin antzeman dugu guk mostra.

Hala, egun bizi dugun gerra testuinguruan, giza basakeria errepikakorraren aurrean oroit sinboloek iragana biziberritzeko zenbaterainoko indarra duten auzitan jartzera garamatzate obrek. Edo, nire lagunaren hitzetan: gogorarazten digute zeinuak oroimenaren eta ahanzturaren arteko jolasean bizirauteko sortzen ditugun euskarriak baino ez direla, eta gurea dela horiek esanahiz betetzeko ardura. Oroitzea baino beharrezkoagoa da ulertzea, baina ulertzeko premiazkoa da gogoratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.