Kontraesanen topalekua

Pello Irazu artistak 30 urtean egindako lanak biltzen dituen 'Pello Irazu. Panorama' erakusketa jarri dute ikusgai Bilboko Guggenheim museoan. Ekainaren 25era bitarte egongo da zabalik

Pello Irazu eskultorearen ehun lan baino gehiago jarri dituzte ikusgai Bilboko Guggenheim museoan; ekainaren 25era bitarte izango da zabalik. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2017ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Hasiera eta amaiera bera. Zirkularra da Guggenheim museoak Pello Irazu eskultorearen (Andoain, Gipuzkoa, 1963) lanekin osatu duen Pello Irazu. Panorama erakusketa. Hiru hamarkadatako ehun lan baino gehiago sartu dituzte 105. aretoan. Eta erakusketa bera artelan bihurtu zaio eskultore andoaindarrari. Bi urrats baino ez daude altzairu eta burdinaz egindako eskultura batetik aluminio urtuarekin estalitako kartoizko artelan batera. Aurrez aurre jarri ditu hasierako eta bukaerako lanak. «Interesa dut nahaste horretan: kezka berdinei oso era ezberdinean heldu diet nire ibilbidean. 1985eko eta 2017ko egoera ez da bera, eta aldatu egiten da lan egiteko modua; nahiz eta hizkuntzaren elementuak mantentzen diren». Horregatik, azaldu du panorama dela erakusketa, eta ez atzera begirakoa. «Duela 30 urte egindako lanek garai horietan nuen tentsio artistiko bera mantentzen dute gaur egun ere». Ekainaren 25era bitarte izango da zabalik.

Espazioekin egiten du lan Irazuk eskulturetan. Eta artelan gisa hartu zuen museoko 105. aretoa ere. «Aretoaren espazioa zatitzea erabaki nuen, azken 30 urteetako lana zatitzeko». Kronologikoki banatu ditu eskulturak, argazkiak eta horma irudiak. «Aurrez aurre jarri ditut hasierako piezak eta gaur egungoak. Bata bestearen aurka, baina, aldi berean, elkarrekin. Kontraesan bat dago, baina kontraesanarekin egin dut lan. Topaketa bat bilatu dut, eta hori da erakusketa honetan gehien interesatzen zaidana: nire lanek gaurkotasuna dutela ikustea eta bizirik dauden artelan gisa ulertzea».

Testuinguruak du garrantzia eskultorearen lanetan: momentuak. 1980ko hamarkadako Irazuk eta 2010. urtekoak ez dute gauza bera sortzen. Hasierako urteetan, adibidez, nabarmena da euskal eskultoreen tradizioa Irazurengan; gehienbat, Jorge Oteizarena. «Artegintza praktika sozial gisa ulertzen zuen Oteizak, jarrera gisa. Eta erreferentzia bera hartu nuen nik ere. Oteizaren alde estrukturalarekin egin nuen lan: artelanak eraikitzeko era eta sortzen duten hizkuntza partikularra ardatz hartuta».

Hein handi batean, Euskal Arte Eskoletako maisuen itzalean egin zituen andoaindarrak lehen urratsak, 1980ko hamarkadan. «Ikaskuntza prozesua izan zen; ez nuen era kontzientean egiten, baizik eta praktika bidez». Gerora, Euskal Arte Eskola Berriko kide izendatu dute adituek Irazu; besteak beste, Txomin Badiola, Angel Bados eta Juan Luis Morazarekin batera. 30 urtean asko moldatu da Irazuren lana, eta erakusketak ondo jasotzen du artistaren ibilbidearen garapena.

Material profanoak

Euskal tradiziotik distantzia hartu nahi, eta New Yorkera egin zuen 1990eko hamarkadan. «Urruntasun batetik aztertu nuen neure burua. Prozesu horretan, ingurua, gizartea eta mundua ulertzeko eran aldaketak sumatu nituen». Ikuskera horrek isla izan zuen bere artea egiteko eran, eta begi bistakoa da aldaketa: lehen burdina zena orain egurra eta kartoia da. «Material profanoak erabiltzen hasi nintzen eskulturak egiteko, eta askatasuna eman zidan horrek. Eguneroko materialak dira, eskuragarri daudenak». Euskal eskulturaren tradizioarekin hautsi zuen Irazuk pauso hori ematean, nolabait. «Burdinak euskal eskulturaren tradizioaz hitz egiten du: materialtasunaz. 1990eko hamarkadan, hemen ez zen egurrik edo bestelako materialik erabiltzen». Obren itxura eta lanen kontakizunak aldatu zituen Irazuk, eta Bilbora egitea erabaki zuen, mundu ikuskera berri batekin.

Denaren eta dirudienaren arteko tentsioan ari da ordutik. Erabiltzen duen materialaren eta ikusten denaren arteko etengabeko borrokan. Tolesa izeneko artelana da horren adibide: kartoizko kutxa bat da, aluminio urtuz margotua. «Espazio berezia sortzen du. Ez duzu materialtasuna ukatzen, badakizu atzean kartoizko kutxa dagoela. Baina ikusmenaren eta interpretazioaren arteko tentsioa sortzen du une batez». Azaldu duenez, hiruki horretan mugitzen da artelanak sortzean: ikusmenaren, materialaren eta interpretazioaren artean. Monumentua II eskulturari begira, galdera bota du bat-batean: «Euskarria artelanaren parte da, ala sostengurako elementu soila?». Ikuslearen interpretazioan egin du indar, berriz.

Argazkigintza ere lantzen du Irazuk. «Erregistro gisa landu dut argazkigintza, eta ez diziplina gisa. Momentu bat irudikatzen dute». Artelanen argazkiak dira asko, eta Euskal Arte Eskola Berriko kideekin zuen estudioaren irudiak ere badaude erakusketan, adibidez. Unean unekoan jartzen du fokua margolanetan ere. Ekialde Hurbileko gerrako argazkiek osatzen dituzte Udako euria izeneko hiru margolanak, adibidez. Eta Catalunya, 2014 izeneko piezak egunkari zati bateko esaldia du erdian: «Kataluniaz galde diezadaten nahi dut». Egoera eta momentuak ekarri ditu artelanen erdigunera. Erakusketa aretoaren erdialdeko korridorean jarri ditu ikusgai margolanak.

Urrats bat besterik ez dago 1980ko Irazuren eta 2014ko Irazuren artean. Altzairuzko lanen eta kartoiz egindako eskulturen artean, galdera bera. «Material bat erabiltzen duzunean, berak agintzen dizu nola erabili behar duzun. Horrek ez du esan nahi ezinbestean horrela egin behar duzunik. Hortaz, borroka hori etengabekoa da: nola egiten duzun lan, eta zer agintzen dizun berak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.