Kontsumoa eta haren mamuak

Hondakinen inguruko erakusketa bat egongo da uztailera arte Uharteko Arte Garaikideko Zentroan

Inigo Astiz
Uharte
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Plastiko poltsak, axuri saihetsak, eraiki bai baina trenik iristen ez diren tren geltokiak... Kontsumoa eta haren mamuak. Horiek izango dira Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren programazioaren ardatzak. Gizarteak sortu baina ikusi nahi ez dituen horiek jarri dituzte bistara: hondakinak. Museo osoa eskaini diote gaiari, eraikinaren hiru solairuak eta sarrera. Ikuspegi kritikoa da nagusi, eta uztailera arte egongo da zabalik. Atzo izan zen aurkezpena.

«Zarata nahi nuen erakusketan. Zaborrak bisitaria larritzea. Horregatik bete dut aretoa hainbeste lanez. Gehiegikeriatik hurbil. Bisitariak zaborra ukitzea nahi nuen; piezetariko bat ikustera joateko apartatu ere egin beharko ditu eskuaz sabaitik zintzilik dauden zabor poltsak». Alicia Otaegi artistarenak dira hitzak, haren lanek hartzen dute lehen solairu osoa. Bi zatitan. Hondakin eta kontsumoari buruzko bere lanak daude salaren alde batean, eta Jose Luis Larrionekin egindako lana bestean. Iruñerriko bost familiak aste betean sorturiko zaborra aztertzen dute bi artistek. Jende hori da, bere hondakinekin, argazkietan ageri dena. Mezua argia da: «Kontsumoa eta hondakina siamdar gisa hartu behar genituzke, etikoki parez-pare baitaude. Hala, kontsumitzean, sortuko dugun hondakina kontu handiagoz zainduko genuke».

Haurrei kartoizko piezak margotuz eta itsatsiz, horman hiri bat sortzeko aukera eskaintzen die, bestalde, zentroaren sarreran dagoen lanean. Haziz joango da erakusketa, gainera, irauten duen bitartean, Nafarroako eskoletako haurrek egindako ekarpenekin.

Etxegintzaren boomean hasi zuten beren azterketa Basurama elkartekoek, eta haren hondora aldian bukatu. Horregatik, «bidean gelditutako gorpuz» beteta dago haien erakusketa Pablo Rey Basuramako kidearen hitzetan. 6.000 km du izena Uharten bigarren solairuan erakusten den beren lanak. Kanpo ikerketa bat da, funtsean, nagusiki artkitektoek osatutako talde horrek egindakoa: gizakiak sortutako lurraldearen distortsioari buruzko artxibo moduko bat.

Madrilen hasi zuten lana, zaborra metatzen zen guneetan, baina zabalduz joan zen hasierako asmo hura. Lurraldea hartu zuten gaitzat. Haren eraldaketa. Pisuak eraikitzeko moldatu eta gero, diru faltagatik, bere horretan utzitako lur eremuak, autopistak, urbanizazioak, Lemoizko zentral nuklearra... Madrildik Espainiara egin zuten salto gero, eta baita Euskal Herrira, Herrialde Katalanetara eta Galiziara ere. 6.000 kilometro aztertu dituzte, guztira.

Nafarroako «xelebrekeriak»

6000km.org webean ikus daiteke proiektua osorik. Eta horietariko batzuk bildu dituzte Uharten. Leku bakoitzaren argazki panoramikoarekin batera, haren nondik norakoak azaltzen dituen testu bana aurkituko du bisitariak. Proiektuaren asmoa eta hark sortutako arazoak kontatzen dira bertan. Nafarroari eskainitakoa da erakusketako azken atala gainera. «Zenbait proiektu xelebre» aipatzen dituzte hari eskainitako azalpenean: Gendulaingo urbanizazioa, Los Arcoseko abiadura zirkuitua, AHTa... Eta adibide gehiago daude argazkietan ere. Itoizko urtegia, kasu. Haren testuan epaitegien eta eraikuntza lanen abiaduraren arteko alderaketa egiten dute Basuramekoek: «Epaiak ematen direnerako, azpiegiturak eginda daude».

Dokumentazio gunea da hirugarren solairukoa. «Gogoeta eta patxadarako espazioa», erakusketaren antolatzaileen hitzetan. Kontsumoa, hirigintza eta arkitekturari buruzko liburuak daude bertan, eta baita gai horiei buruzko hainbat dokumental ere. Arkitektura ikasleek Uharteri buruz egindako proiektuak erakusten ditu azken salak.

Hitzaldiak eta zinema foruma ere izango dira. Urbanismoari buruz arituko dira bihar, hondakinei buruz apirilaren 6an, eta kulturari buruz apirilaren 13an. Zaborrarekin lotutako dantza ikustaldia ere izango da apirilaren 15ean. Hainbat jarduera pedagogiko ere prestatu dituzte.

Ekainean, bestalde, Xcentric zinema esperimentalari eskainitako zikloa hartuko du zentroak. Bigarren edizioa du aurtengoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.