Higiezinen Sozietatearen kontuak ere ez dira behar bezala ikuskatu, epaitegiaren arabera. Higiezinen Sozietatea da Bilboko eraikinaren jabea, eta haren kontuak 1992tik 1998ra aztertu zituen kontuen epaitegiak.
Epaitegiak atzo ezohiko bilera egin zuen, Guggenheimeko iruzurra aztertzeko, erakundeak museoak emandako informazioa zehaztu nahi baitzuen lehenbailehen, afera honetan jokoan baitago diru publikoen gaineko kontrolaren ardura. Bilera amaitu eta gero, gogoratu zuen 2005ean egindako fiskalizazio txostenean Sozietate Edukitzailea eta Higiezinen Sozietatea urtero ikuskatzeko gomendioa egin ziola museoari, Guggenheim Fundazioak egiten duen bezala.
Datuok erakusten dute Zearsolo kontrol falta horretaz baliatu zela ia 500.000 euroko iruzurra egiteko. Zearsolok 160.872,34 euro ostu zituen Higiezinen Sozietatetik 1998an eta 2001. urteetan. Sozietate Edukitzailetik, berriz, 326.403,04 euro lapurtu zituen 1998tik 2005 arte. Urte horretan egin zuen Herri Kontuen Epaitegiak lehen kontrol lana.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak bere lehendakariaren agerraldia eskatuko du Parlamentuan. Hirugarrena izango da, Juan Ignacio Bidartek eta Miren Azkaratek ere azalpenak eman beharko baitituzte hurrengo asteetan, alderdi politikoek hala eskatuta.
LEHEN IKUSKATZEA, 2000N. Bidartek, irregulartasunak jakinarazteko emandako prentsaurrekoan, epaitegia bera aipatu zuen. Baina ez zituen eman oso datu zehatzak. Esan zuenez, bi elkarteren kontuak epaitegiak aztertu zituen. Sozietate Edukitzaileaz ari zela, ikuskatzea 1995etik 2005era egin zela esan zuen. Higiezinen Sozietateari dagokionez, 1992tik 1998ra, eta 2000n ere bai. Ikuskatzea horietan guztietan iruzurraren berririk ez zela antzeman nabarmendu zuen.
Epaitegiak atzo kaleratutako oharrak, ordea, zehazten du museoa eraikitzeko erabili ziren baliabide ekonomikoen lehen ikuskatzea 2000. urtean egin zela. Eta han teknikarien txostenak nabarmendu zuela bi elkarteek hainbat arazo ekonomiko eta finantziero zituztela. Nabarmena, elkartearen jabeak Jaurlaritza eta Foru Aldundia zirela, erdibana, eta, beraz, kontuen berri ez zela inongo administraziotan ematen. Beraz, ez zeudela administrazioen kontrolpean.
Bigarren fiskalizazio txostena 2005ean egin zuen epaitegiak. Aurrekoa bezala, Parlamentuak eskatuta. Txosten horretan, Guggenheim Fundazioaren 2005eko ekitaldia eta artelanen erosketen legezkotasuna aztertu zuten.
Txostenak hainbat gomendio jaso zituen. Tartean, ohar garrantzitsu bat: hiru banketxetako kontu korronteetako funtsak erabili ahal izateko arduradun bakar baten sinadura nahikoa zela. Epaitegiak gomendioa egin zuen, gutxienez bi arduradunen sinadura erabiltzeko agindua ezartzeko.
Edukitzaileak egindako erosketei dagokienez, epaitegiak hainbat irregulartasun atzeman zituen, besteak beste dolarrak erosteagatik sortutako diru galera. Halaber, epaitegiak gomendioa egin zion museoari, Edukitzailea eta Higiezinen kontuak urtero ikuskatzeko.
Oraintsu, apiril honetan bertan, hasia zuen lehena. Zearsolok baja «luzerako» hartu eta egun berean, hainzuzen.
GerTaKarIen KronoLoGIa
Otsailaren 21a: Legebiltzarrak Sozietate Edukitzailearen obren salerosketari buruzko txostena eskatu zion Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.Apirilaren 2a: Epaitegiak kontu korronteei, inbertsioei eta dibisen salerosketei buruzko informazio eskaera igorri zion Sozietate Edukitzaileari. Egun berean, Roberto Zearsolok baja hartu zuen.
Apirilaren 3a: Sozietate Edukitzaileak epaitegiaren informazio eskaera jaso zuen.
Apirilaren 8a: Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariak banketxeei informazioa eskatzeko agindu zion Andoni Dobaran finantza zuzendariordeari.
Apirilaren 9: Juan Ignacio Bidarte New Yorkera joan zen, museoko jabeei egoeraren berri ematera.
Apirilaren 11: Zearsolo jaunaren abokatua Bilboko museoaren egoitzan agertu zen, Zearsoloren eskutitzarekin eta kontu korronteetan izaniko irregulartasunen berri emateko. Halaber, 251.900 euroko txeke bat eman zuen, Sozietate Edukitzailearen izenean.
Apirilaren 13a: Juan Ignacio Bidarte New Yorketik itzuli zen.
Apirilaren 15a: Museoak Zearsolo jaunari kaleratze eskutitza eman zion. Zearsolok 36.000 euroko beste txeke bat eraman zuen.
Apirilaren 16a: Juan Ignacio Bidartek, Sozietate Edukitzailearen izenean, Zearsolo jaunaren kontrako salaketa jarri zuen Bilboko instrukzio epaitegian. Egun berean, Guggenheim museoak publiko egin zituen irregulartasunak.