Urriaren 16tik 22ra izango da aurten Lekeitioko (Bizkaia) 39. Euskal Zine Bilera. Euskara hutsean egiten den zinema bilera bakarra da, eta bi helburu ditu: batetik, euskarazko lan amateurrak saritu eta bidea egiten laguntzea, eta, bestetik, euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune izatea. «50 lan jaso ditugu, eta ez da erraza izan lehiatuko direnak aukeratzea», azaldu du Joseba Zuberogoitia Euskal Zine Bilerako kideak. Euskal zinemak «etorkizuna» izan dezan, gazteei «bultzada bat» ematearen garrantzia azpimarratu du. Jaso dituzten 50 lanetatik 32 onartu dituzte; 11 profesional eta 21 amateur.
Jaialdian, Kontxu Odriozola zena omenduko dute, eta, Donostia 2016rekin egindako elkarlan bati esker, Zipren grabatutako Mugaminak filma proiektatuko dute, Amets Arzallus bertsolaria protagonista duena. Aurten jaialdiaren data aurreratu dute, Donostiako Zinemaldiaren eta Bilboko Zinebi jaialdien artean egon ahal izateko. Itziar Ituño eta Ainara Ortegak zuzenduko dituzte hasiera eta amaiera ekitaldiak.
SARIAK
Bost kategoria sarituko dituzte, arlo amateur eta profesionalean: argazkia, gidoia, ekoizpena, zuzendaritza eta lan onena. Sari horiez gain, bi sari berezi ere banatuko dituzte. Gazte 22 saria 1993ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako zinegile batek jasoko du. Aurten, bost zinegile gaztek eman dute izena. Antzar Morea saria Lekeitioko Udaleko Berdintasun Sailak emango du, eta genero ikuspegia hoberen txertatzen duen lana sarituko du. Gainera, kontuan hartuko dute lana sortzeko prozesuan zehar emakumearen presentzia zenbaterainokoa izan den.
EPAIMAHAIA
Euskal antzerkigintzaren munduko bost pertsonak osatuko dute irabazleak aukeratuko dituen epaimahaia: Tessa Andonegi eta Sara Cozar aktoreak, Asier Hormaza aktore eta bikoizlea, Asier Bilbao produktore eragile eta produktore zuzendaria, eta Iñaki Billelabeitia EHUko irakasle, doktore eta ikertzailea.
Andonegi pozik agertu da epaimahaia bi emakume eta hiru gizonek osatzen dutelako. «Eskerrak ematen dizkiet antolatzaileei, epaimahaia aukeratzeko orduan emakume eta gizonenarteko oreka mantentzeko egin duten esfortzuarengatik». Horrez gain, Euskal Zine Bileran izango diren filmen bi kategoriez ere aritu da: «Zaila da bereizten zein den profesionala eta zein amateurra, gero eta kalitate handiagoa baitute. Ez dakit zerk definitzen duen bata eta bestearen arteko muga». Dioenez, etorkizunerako debate «interesgarria» izan daiteke.
EUSKAL ZINEMAREN BEGIRADA
Zinemagile bat «gertutik ezagutzea» da Euskal zinemaren begirada atalaren xedea, eta bertan Kontxu Odriozola aktorea omenduko dute aurten. Urriaren 21ean izango da hori. Egun horretan, begirada bat botako diete euskal ikus-entzunezkoetako emakume «aitzindariei», eta, Odriozolari omenaldia egin ondoren, Urte berri on, amona filma proiektatuko dute. Horren ostean, Telmo Esnal filmaren zuzendariarekin solasaldia egingo dute.
BEGIRADA ZIPRERI
Euskal Zine Bilerak elkarlan bat egin du Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzarekin. Europa Transit izeneko enbaxadak Zipren grabatu du Mugaminak filma, Amets Arzallus bertsolariaren parte hartzearekin eta Xuban Intxaustiren zuzendaritzapean. Imanol Otaegi Donostia 2016ko kultur egitarauaren arduradunak azaldu duenez, Europa Transit enbaxadak «gatazka edo erronkarekin» lotutako hamar hiri bisitatu ditu urte honetan , eta haietan gertatutakoa jaso du, «kazetaritzaren ikuspuntua eta gatazka horrek utzitako nolabaiteko ondare kulturala» uztartuz.
Euskal Herria bezala, bi zatitan banatuta egoteaz gain, Zipren kantu inprobisazioa eta bertsolaritza ere badela adierazi du Otaegik, eta hori hango gatazka hemen kontatzeko tresna interesgarria dela aipatu du. «Amets Arzallusek hango bertsolariekin izandako esperientzia eta hango mugak suposatzen duena kontatuko digu», aurreratu du.
EMAKUMEEN PRESENTZIA
Aurten Euskal Zine Bilerarekin elkarlanean aritu den Hemen Here plataformak antolatu du urriaren 22an egingo duten mahai ingurua. Plataforma horren helburua euskal ikus-entzunezkoetako emakumeen «ikusgarritasuna» bultzatzea da, eta, aurten, gai hori jorratuko dute. Azaldu dutenez, Europako ikus-entzunezko eskoletako ikasleen erdiak emakumeak izan arren, hori gero ez da lan munduan islatzen. Hori buruz arituko dira hizketan Zuriñe Oñederra animazio zinemagilea, Amara Mosteiro argazki zuzendari eta irakaslea, Nahia Laka zinemagilea eta Eneko Sagardoi aktorea.
BENITO ANSOLA BEKA
38. Euskal Zine Bileran Irati Canok irabazi zuen Benito Ansola beka Leihoak filmarekin, eta aurten ikusgai izango da lehenbiziko aldiz Lekeition. Euskaltzaleen Topaguneak bultzatzen du beka hori, gazte baten proiektua film labur bihurtzen laguntzeko. Aritza Escandon Topaguneko kideak adierazi du azkeneko hiru aldietan 30 lan baino gehiago jaso dituztela, eta aurten hamabi film aurkeztu direla. «Parte hartzen dutenen %30 bakarrik dira emakumeak, baina saridunen artean %50 izan dira».
Lan esperimentala da Canoren filma, eta 11 minutu irauten du. «Oso modu pertsonalean» egin dela adierazi du Escandonek, eta laburtu du pelikularen edukia ere. «Voyeur baten ikuspegitik, Canok bere bizilagunen egoerak, kezkak eta galderak imajinatzen ditu. Kamera finko baten bidez, modu bitxian lan egin du».
Kontxu Odriozola omenduko dute Lekeitioko Euskal Zine Bileran
Urriaren 16tik 22ra egingo da zinema jaialdia, eta, guztira, euskarazko 32 film lehiatuko dira. Bi kategoriatan lehiatuko dira, amateur eta profesionaletan, eta bosna sari izango dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu