«Kontzientzia txarrera botatzen ditu Estatuak berarekin bat ez datozenak»

Joxe Azurmendik Estatuak kontzientzia nola kontrolatzen duen aztertu du 'Barkamena, kondena, tortura' -n

Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Estatuak «kontzientziaren kontrolerako» erabiltzen dituen hiru «praktika modu» garrantzitsu aztertu ditu Joxe Azurmendik (Zegama. Gipuzkoa, 1941), izenburuan hiru praktika modu horiexek aipatzen dituen saiakeran:Barkamena, kondena, tortura (Elkar). Liburuaren azpi-izenburuak praktika modu horien helburua zein den nabarmentzen du: Estatua kontzientzien kontrolatzailea.

Honako azalpen honekin eman zuen Azurmendik atzo, liburua aurkeztean, izenburuan aipatutako praktika modu horien berri: «Bata [barkamena] da: 'Terroristek eta euren lagunek damutu egin behar dute, eta barkazioa eskatu'. Bigarrena [kondena] da: 'Bortxa kondenatu egin behar da, publikoan norbait izateko, eta baita eskubide zibilak izateko ere'. Eta hirugarrena [tortura] da: 'Terroristak edo esaten diren horiek, benetan kontzientzia absolutuki kontrolatzeko, torturatu egiten dira'».

«Kontrolatzeko ez ezik, kontzientziak apurtzeko ere Estatuak daukan armarik deabruzkoena tortura da», esan zuen Azurmendik. «Baina badakigu Espainian tortura ez dela existitzen», jarraitu zuen , ironiaz. «Hau krimen bitxia da, inondik ere: norbaitek tortura salatzen badu, Barne ministroak lehenengo unetik beretik badaki gezurra dela. Mehatxatu egiten du salatzailea eta frogak eskatzen dizkio. Berak esaten du gezurra dela, baina inoiz ez du ematen frogarik gezurra dela erakusteko. Baina frogak edukitzea bere esku dago, eta ez hori bakarrik: karguarengatik, bere obligazioa da frogak edukitzea ez dela torturarik egon. Torturarik ez dela egon ezin badu frogatu, bera da horren erantzulea, berea da errua».

«Estatuaren biolentziaren agerpen guztiak bezala, Estatuaren krimen guztiak bezala», tortura «edo ukatu, edo ezkutatu edo makilatu, disimulatu» egiten da. «Zoritxarrez, Estatuari ez zaio asko kostatzen hori egitea, publikoak sinetsi nahi duena horixe delako, Estatuak gauzak beharbada batzuetan gogor samar baina zuzen egiten dituela. Estatuak bortxaren ukoarekin publikoaren kontzientziak lasaitzen ditu».

«Publikoaren edo demokraten kontzientzia ona da gaur Estatuaren bermea, lehen erlijioa izaten zen bezala», Azurmendiren ustez. «Estatuak, beraz, gehiengoaren kontzientzia ona zaintzen du, eta, neurri berean, gutxiengoaren kontzientzia txarra xaxatzen. Gehiengo on bat izateko, gutxiengo txar behar delako. Bestela, nola jakingo luke gehiengoak bera ona dela, aldamenean gaiztorik ez balego? Horregatik, Estatuak gutxiengoak —Estatuarekin berarekin identifikatzen ez direnak— kontzientzia txarrera botatzen ditu, eta hori da azkeneko denboran Euskal Herrian bizitzen ari garen propaganda, polemika edo ez dakit nola deitu behar zaion: damutu egin behar dela, kondenatu egin behar dela bortxa bere forma guztietan… Hori da kontzientzia txarren kultibo bat. Eta nola ez dagoen aski, probokatu egin behar da, egon dadin».

Kondenamania-ri buruz idaztean, hainbat galdera planteatu ditu Azurmendik gogoetarako: «ETAren bortxaren errua ETArena bakarrik zen? Alaeuskaldun guztiona? Badago euskal herritarren erru kolektibo bat? Idazle pila bat dago hori esaten duena, bai erdaraz eta bai euskaraz». Polemika horretan ere sartu da. «Neure iritziak ematen ditut liburuan, neure balorazioak. Soluziorik ez dakit ematen eta, beraz, ez dut ematen; baina meditazio bat egiten da liburuan gai horiei buruz».

Jaspersek esan ez zituenak

«Alemaniarekiko konparazioa» behin eta berriro agertzen da liburuan. Nazionalsozialistak, Adolf Hitler buru zutela, juduen aurka erabilitako bortxaren erruaren inguruan, ea erru hori erru politikoa, erru etiko-morala ala erru erlijiosoa ote den planteatu du saiakeragileak. «Hemen ere dexente idatzi dute horretaz, hain zuzen konparatuz nazionalsozialista alemanen errua euskaldunen erruarekin». Paralelismo horri «oso txarra» irizten dio Azurmendik, eta, horretaz gain, ohartarazi du kontuan hartu behar dela konparazio hori egiten ari direnak ematen ari diren informazioa «faltsua» dela. Hainbat egilek faltsifikazio hori nola egin duten ere argitu du liburuan: Karl Jaspersek idatzitakoak manipulatuz; gaiaren inguruko autoritate bat da Jaspers, nazioartean onarpen handia duena.

«Erruari buruz lau sentidutan hitz egin daitekeela dio Jaspersek», Azurmendik azaldu zuenez, «eta erru kolektiboari buruz soilik zentzu metafisikoan hitz egin litekeela; ez etikoan, ez politikoan eta ez kriminalean. Baina hori kentzen diote eta errudun kolektiboa aipatzen dute Euskal Herriaz aritzean. Hori Jaspersek ez du inoiz esan. Jaspersek dio Alemaniak, estatu gisa, ez duela erantzukizunik, baina bai erantzun beharra. Adibidez, haur batek baloiari ostikoa jo eta kristal bat hausten badu, haurraren aita ez da horren erantzule morala; kriminala ere ez. Baina erantzun behar ekonomikoa badu; aitak ordaindu beharko du kristal hautsia. Ba horixe gertatzen da estatuekin ere. Baina erruduntasun moralari buruz hitz egitea salbajada bat da. Hori da, hain zuzen, naziek egin dutena orain demokratek egitea. Zergatik garbitu zituzten juduak? Errudun kolektiboak omen zirelako; erru kolektibo baten aitzakiarekin. Orain, erru kolektiboaren kontzeptua herri bati aplikatzen diotenak ari dira naziek egin zuten gauza bera egiten. Orain demokraziaren izenean nazismoaren praktika ari dira aldarrikatzen».

Fiodor Dostoievskiren Karamazov anaiak nobelako Inkisidore handia kapituluaren «berrirakurketa edo berrinterpretazio bat» ereaurkituko du irakurleak, egun eta hemengo errealitatean oinarritua.

Saiakera honetan, orain arte idatzi dituen guztietan bezala, gauza asko eskertu behar zaizkio Joxe Azurmendiri, Xabier Mendiguren Elizegi Elkar argitaletxeko editorearen ustez: «jatorrizko iturrietara joatea, autoreak aipatzea, terminologian zehatza izatea, engainatu nahi ez izatea, ñabarduretara jotzea…».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.