Kopiaren zentzu berria

Publizitateko eta pornografiako irudiei zentzu berria bilatu die Rosa Parmak 'DA/DKD' erakusketako marrazkien bidez70eko hamarkadan sortutako 'Do it yourself' mugimenduaren eragina dute lanek

Rosa Parma, Rekalde aretoan. Barriek egitasmoaren barneko erakusketa da harena, eta apirilaren 22ra arte izango da ikusgai . JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
DA/DKD Dena atsegin dut, dena kopiatzen dut erakusketako artelanen bidez, kopiaren garrantzia aldarrikatzen du Rosa Parmak (Barakaldo, 1979). Irudiz gainezka dagoen gizartean, liluratzen duten irudiak hartu ditu beren lanen oinarrian. Artistak pornografiatik, publizitatetik eta beste artisten lanetatik ekarri ditu irudiak batez ere, eta horiek eraldatu eta testuinguru berrian kokatu ditu, bere marrazkien bidez irudi eta esanahi berriak sortuz. Atzo inauguratu zuten erakusketa Bilboko Rekalde aretoan, eta apirilaren 22ra bitartean izango da ikusgai.

Parmak kolore biziak erabili ditu bere lanetan, eta, marrazki arina, azkarra eta zuzenaren bidez, paper gaineko marrazki eta metakrilato gaineko serigrafiak sortu ditu. Dena gustatzen zait lelopean, ikuspegi feministatik berrikusi ditu liluratzen duten zenbait irudi. Pornografiatik eta publizitatetik ekarritako zenbait argazkiren gainean egin du lan, baita gustuko dituen artisten lanetik ere. Horiek hartu eta eraldatu ditu: «Interneteko webgune pornografikoetatik hartutako irudiak erabiltzen ditut, baina ez dira horren asaldagarriak, filtro moduko bat dago, behin esku hartzen duzula aldaketa bat dago». Horrekin batera, Parmak marrazketaren eta pornografiaren arteko erlazioa eraiki du. Izan ere, haren ustez, pornografia publiko egiten den jarduera pribatua den bezalaxe, marrazkia ere, zeregin intimoa izanik, era berean ezagutzera ematen da.

Pornografiaz ez ezik, beste zenbait iturritatik edan du bere lanak sortzean. «Pornografiatik ekartzeaz gain, gustatzen zaizkidan hainbat argazkilariren lanak izaten ditut gogoan: Ann Bolding, Yurgen Teller, Ryan McGinley, Dash Snow... Horietako gehienak artistak eta moda argazkilariak dira». Horiekin batera Terry Richardson, Nan Goldin, Richard Kern, Sadie Benning eta Harmony Korine artistak ere oso gustuko ditu, baita Andy Warhol ere. Azken horren lana oso gustuko du, eta hark landutako pop artearen eraginik ere hautematen zaio.

Do it yourself-ak 70eko hamarkadako punk mugimenduan du jatorri. Garai hartako artea kutsatu, eta goi eta behe mailako arteen arteko bereizketa lausotu zuen. Horrekin batera, bide berriak zabaldu zizkien orduko artistei, eta erreminta eta teknika berriak erabiltzeko aukera eman zien. Indar berezia hartu zuen artista feministen artean. Haietako askok bereganatu zuten mugimendua, eta hainbat jatorritako argazkiak eta irudiak eraldatu, eta testuinguru berrietan kokatu zituzten esanahi berriak sortuz.

Gaur egun kopiaren gaineko jazarpena kritikatu zuen Parmak erakusketaren inaugurazioan, eta azpimarratu nahi izan zuen kopia, berez, artearen oinarrian dagoela: «Artistak beti ari gara edaten beste artistengandik eta irudietatik, inbaditzen gaituzten irudietatik». Kopiaren erabilera arte postmodernoaren oinarrietako bat da, eta, Parmaren ustez, kopiaren debekuak kolokan jarriko lituzke arte mugimendu garaikide asko, arte kreazionista kasu.

Papera eta metakrilatoaz gain, bestelako euskarriak erabiltzen ditu Parmak, horren artekoak dira elastikoak: «Batzuetan ez zaude artearen merkatuan eta irauteko modua bilatzen duzu, Do it yourself filosofiaren antzera, hiritarrekin elkar eragiteko bidea topatu behar duzu». Bere artea erakusteko eta bizimodua ateratzeko bidetzat hartu du kamisetak diseinatzea: «metakrilatoen gainean marrazkiak egiten hasi nintzenetik, marrazkiak oso ondo ikusten nituen elastikoetan egiteko, aurretik gogo handiak nituen elastikoekin zerbait egiteko eta horri ekin nion, eta oso harrera ona izan du», azaldu zuen.

DA/DKD Rekalde aretoko Barriek egitasmoaren barneko erakusketa da. 2009. eta 2010. urteetan Bizkaiko Foru Aldundiaren beka jaso zuten lau artisten banakako erakusketak antolatuko dituzte. Karlos Martinez Bordoyren erakusketak inauguratu zuen egitasmoa martxo hasieran, eta Alberto Arbor eta Alain M. Urrutiaren lanak erakutsiko dituzte hurrengo hilabeteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.