Artea

Koplowitz bildumako 90 artelan bildu ditu Bilboko Arte Ederren Museoak

Europako bilduma pribaturik garrantzitsuenetariko bat da Alicia Koplowitz-Grupo Omegarena. Eta haren parte garrantzitsu bat ikusi ahalko da Bilbon urriaren 23ra arte.

Gizon bat Blboko Arte Ederren museoan ikusgai den obretako bati begira. MONIKA DEL VALLE/ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2017ko uztailaren 26a
08:16
Entzun

"Mendebaldeko artearen mikrokosmos bat". Hitz horiekin definitu du Francisco Calvo Serraller artearen historiako akademiko eta katedratikoak Bilboko Arte Ederren Museoak zabalduko duen erakusketa. Alicia Koplowitz-Grupo Omega bilduma partikularraren 90 pieza biltzen ditu guztira: Kristo aurreko II. mendeko eskultura klasikoekin hasi, eta gaur egungo artistenganaino. Europako bilduma artistikorik nabarmenetariko bat da Koplowitzena, baina iaz erakutsi zuten jendaurrean lehen aldiz Parisen. Eta handik heldu da Bilboko museora. Frantzian baino 38 pieza gehiago izango ditu erakusketak, ordea, Euskal Herrian.

30 urte eman ditu Alicia Koplowitz bildumagileak arte obrak erosten, eta lehen lerroko artisten lanak eskuratu ditu tarte horretan. Pisu handikoa da, horregatik, Bilboko erakusketak biltzen dituen artisten zerrenda: Francisco Zurbaran, Luis de Morales, Francisco de Goya, Vincent Van Gogh, Paul Gauguin, Pablo Picasso, Juan Gris, Antoni Tapies, Piet Mondrian, Egon Schiele, Mark Rothko, Andy Warhol, Donald Judd, Alberto Giacometti, Alexander Calder, Anselm Kiefer...

Mundu osoan itzal handikoa

Bildumaren "bikaintasuna" nabarmendu du Calvo Serraller adituak aurkezpenean, eta mendebaldeko artearen historiaren zati garrantzitsu bat erakusten duelako aipatu du artearen mikrokosmosarena. "Mundu osoan itzal handia du", zehaztu du.

BBK areto osoa hartzen du erakusketak, baita arte garaikideari eskainitako solairuaren areto bat ere. Bederatzi multzotan ordenatu dituzte piezak, eta kronologikoki antolatu dute ibilbidea museoko arduradunek. Halere, piezen arteko elkarrizketak ere sortu nahi izan dituzte muntatzearekin. "Lan guztiak hari gidari sotil batek batzen ditu", azaldu du Almudena Ros komisarioak.

Bilboko eskaintza indartzea

Erakusketaren garrantzia nabarmendu du Miguel Zugaza Arte Ederren Museoko zuzendariak. "Artearen Europako hiriburu handietariko bat bilakatzen ari da Bilbo gaur egun. Horregatik, keinu horrekin, Aliciak [Koplowitzek] indartu egin du ez soilik museoko programazioa, baizik eta baita hiriaren kultur eskaintza ere". Javier Viar zuzendariaren lekukoa hartu duenetik, Zugazak antolatutako lehen erakusketa da Koplowitz bildumarena, eta, neurri handi batean, Bilbora heldu aurretik Madrilgo Prado museoko zuzendari zenean Koplowitzekin izandako tratu zuzenaren emaitza ere bada erakusketa. Eskerrak eman dizkio, horregatik, keinu horregatik ere Koplowitzi.

Ostiralean zabalduko dute erakusketa ofizialki, eta egunero egongo da zabalik gero, urriaren 23ra arte. Izan ere, Petronor enpresaren babesarekin antolatu dute erakusketa, eta museoaren atseden egunean ere erakusketa zabalik jartzea ahalbidetu du babes horrek. Horregatik, asteartez ere bisitatu ahalko da bilduma.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.