«Gaur egun, Korrontzi da euskal musika tradizionalaren enbaxadore nagusia, eta disko hau bere ibilbideko beste mugarri bat da: oso disko berezia da». Hitz horiekin kokatu du Bilboko Udal Musika Bandak eta Korrontzi taldeak elkarrekin ondu duten diskoa Andres Kamio Jitu Elkar argitaletxeko musika arduradunak. Gogoan izan ditu hogei urte hauetan Korrontzik bai Euskal Herrian eta bai handik kanpo lortu duen aitortza eta jaso dituen sari ugariak, eta, trikitiaren ardatzetik aldendu gabe, bide berriak arakatzeko taldeak hasieratik izan duten borondatea goratu du: «Beti trikitia oinarri hartuta baina beti sonoritate berrien bila, Korrontzi abangoardia da gure musika tradizionalaren barruan».
Aurrez aritu gabeko esparruetara iritsi nahi horretan iritsi da, bada, Korrontzi udal banden eremura. Agus Barandiaran taldearen gidariak kontatu duenez, 2016 inguruan hasi ziren proiektu posible honen inguruko lehen elkarrizketak izaten, baina, pandemiak ekarritako etena eta tartean gurutzatutako beste proiektu batzuk tarteko, aurten arte ezin izan dute gauzatu azkenean.
«Oskorrik ere egin zuen bandarekin disko bat, eta hori ere erreferentzia bat izan da disko hau egiteko. Kepa Junkerak, Oskorrik, Rufino Arriolak eta beste hainbat trikitilarik ireki zuten bideari segitzen diogu guk»AGUS BARANDIARANKorrontziko kidea
«Guretzat erronka handia izan da», azpimarratu du Barandiaranek. «Trikitiarentzat, nik beti bi pentagrama idazten ditut, eta horiek banda baten 60 pentagramatara eramatea gauza zaila da; paper gainean polita da, baina gero egin egin behar da, eta hori Xabier Zabalak egin du». Hura arduratu da lan bikoitzean jasotako hogei abestien moldaketez—hamar kantu dira diskoko—, eta egindako lan hori gogotik eskertu dio Barandiaranek. Haren izena bezala, Bilboko Udaleko Ana Madariagarena ere goratu du: «Proiektua aurkeztu nionetik bertatik, beti erraztu dizkigu behar genituen tresna guztiak».
Diskoa orain kaleratu badute ere, kantuak udan eman zituzten lehendabizikoz jendaurrean. Bilboko Aste Nagusian izan zen, abuztuaren 16an, eta «zorte txarra» izan zutela oroitu du Barandiaranek, euria barra-barra hasi zuelako kontzertua hasi eta gutxira. Hala ere, argitu du asmoa ez zela inoiz izan zuzeneko hori grabatzea, kantuak estudio baten baldintzetan grabatzea baizik.
60 lagun estudioan
Pascual Villaplanak zuzentzen du Bilboko Udal Musika Banda egun, eta hark egindako lanarekiko ere esker hitzak izan ditu Barandiaranek. Korrontziko taldekideak —Barandiaran, Ander Hurtado de Saratxo, Kike Mora, Alberto Rodriguez eta Dani Conde— eta bandako musikariak batuta, 60 lagun baino gehiago izan ziren Elkarreko musika estudioan kantuak grabatzen, Adunan (Gipuzkoa), eta ez zela erraza izan kontatu du Barandiaranek. «Estudioa primeran dago, baina tokia beti da murritza halako banda batekin grabatzeko». Nolanahi ere, dena ongi atera zen, eta Vilaplanaren jarrerak horretan zerikusia izan zuela erantsi du trikitilariak: «Vilaplana Valentziakoa da, eta esaten du berak ere badaukala hango gaitarekin lotura, gaztetatik bizi izan duela musika tradizionala, eta, egia esan, eskertzekoa izan da, ze primeran ulertu du trikitiaren lengoaia eta bandarekin uztartzeko modua».
Kolaboratzaile bereziak ere badaude diskoan, eta horien artean dago Xabier Amuriza, zeinak aspalditik hartu duen parte Korrontziren musikan, izan koplak idazten, izan haiekin abesten.
Oskorriren bokalak eta Junkeraren ka
Hogei urteko ibiliaren ondoren «freskotasunari» nola eusten dioten galdetuta, «talde bat eta haren inguruan dagoen azpiegitura guztia mantentzea gogorra» dela aitortu du Barandiaranek —urtean 60-70 bat emanaldi izaten dituzte egun—. «Euskal Herritik kanpo jotzen dugunean, kontzertu bat 3-4 lanegun dira, gehi aurreko eta ondorengo lan guztia». Beretzat, eta aipatu du bera dela proiektuari aurrera «tira» egiten diona, gakoa «pasioa» dela esan du: «Topiko bat da, baina ezin dut besterik esan; niretzat pasioa da».
Harago ere esan du, baina: «Rufino Arriolarengatik ere jarraitzen dut, hura niretzat zenagatik». Hark irakatsi zion trikitia jotzen, 13 urte zituela. «Rufinoren tabernara joan nintzen eta hark aurrez aurre irakasten zizun. Ez zekien solfeorik, ez zekien astiro jotzen, eta beti esaten zuen: 'Agus, jendeak ez badu dantza egiten, gaizki ari zara jotzen'. Harentzat, zeukan gauzarik handiena bere trikitiaren tradizioa zen, eta uste dut hori oso ondo transmititu zidala».
«Rufino Arriolarengatik ere jarraitzen dut, hura niretzat zenagatik (...). Harentzat, zeukan gauzarik handiena bere trikitiaren tradizioa zen» AGUS BARANDIARANKorrontziko kidea
Taldearen hastapenei begira, halaber, Barandiaranek oroitu du Oskorri —«hura zen aitaren Land Roverrean entzuten nuena beti»— eta Kepa Junkera izan direla erreferentzia garbietako bi. Umorez kontatu du nola lehen kontzertua eman zutenean, 2004an, Galdamesen (Bizkaia), beste trikitilari baten omenez taldeari Korrontzi izena jartzea pentsatu zuten, eta antolatzaileak zera esan zion: «Oso izen ona, Oskorriren bokalak eta Kepa Junkeraren ka ditu». Barandiaran: «Oskorrik ere egin zuen bandarekin disko bat, eta hori ere erreferentzia bat izan da disko hau egiteko. Niretzat ez da ezer txarra hori esatea, alderantziz: Kepa Junkerak, Oskorrik, Rufino Arriolak eta bere garaian beste hainbat trikitilarik ireki zuten bideari segitzen diogu guk, eta etorri beharko dira beste batzuk gure atzetik gure tradizioarekin aurrera joaten segitu nahi badugu».
Proiekturako dirua Bizkaiko Foru Aldundiak jarri du, eta bertako kultura zuzendari Begoña de Ibarrak eta Bilboko Udaleko Itziar Urtasun zinegotziak ere hartu dute parte horregatik diskoaren aurkezpenean. Bi-biek zoriondu dute Korrontzi, «tradizioa eta modernitatea» uztartzeagatik, bai eta Bilboko Udal Musika Banda ere —130 urte beteko ditu datorren urtean—, entzuleak «harritzen eta hunkitzen» jarraitzeagatik.